Bilboko Koral Elkarteak bere 125. urteurrena ospatuko du datorren denboraldian. Londresko BBC Orkestrarekin batera eskainiko duen kontzertua izango da ekitaldi nagusietako bat. Euskalduna jauregian izango da emanaldia, urriaren 21ean, eta Sergei Prokofieven Alexander Nevski interpretatuko dute. Orkestrako zuzendari titular Jiri Belohlaven zuzendaritzapean ariko dira, eta Sandra McMaster mezzo-sopranoa bakarlari gisa ariko da kontzertuan.
Azaroaren 24tik 27ra Italia iparraldetik bira egingo du Koralak, eta Beethovenen IX. Sinfonia interpretatuko du Modena, Bergamo, Sondalo eta Brescian, Italiako Orkestra Filarmonikoarekin.
Bestalde, Bilboko Udal Bandarekin disko bat grabatuko du Koralak. Elkarteko hiru abesbatzek parte hartuko dute —haur, gazte eta helduenak—, eta Jesus Guridi omentzea izango da helburua, hogei urtez abesbatzako zuzendari izan baitzen, eta, gainera, haren heriotzaren 50. urteurrena beteko baita aurten. Guridiren zenbait lanekin batera, euskarazko kantu modernoagoak ere abestuko dituzte, Itoizen Lau teilatu edo Mikel Laboaren Txoria txori, tartean. Halaber, bi pieza berri ere kantatuko dituzte, diskorako espresuki egindakoak: Xabier Amuriza eta Andoni Egaña bertsolariek jarri dizkiete hitzak, eta Xabier Sarasolak eta Iñaki Urbizuk, doinuak.
Halaber, Eric Whitacre musikagile estatubatuarrak tailer bat eskainiko du Bilbon, azaroaren 9tik 13ra. Egun, abesbatzen munduan gehien interpretatzen diren obrak Whitacrek sortuak dira.
Bilboko Korala eta BBC Orkestra elkarrekin ariko dira Euskalduna jauregian, urrian
Italiatik bira bat eginez eta Bilboko Bandarekin disko bat grabatuz ospatuko du Koralak bere 125. urteurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu