Bilboren lehena eta oraina, Muntadasen ikuspegitik

Antoni Muntadasek Bilboren lehengo eta oraingo irudiak bildu ditu 'Hiri hutsa' bilduman. Arte Ederren Museoan egongo da, irailaren 5era arte

Bisitari bat Muntadasen erakusketako pieza baten aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Itsasadar nabigagarria duten hirietan, hura da hiria ulertzeko modurik onena»: hala iruditzen zaio Antoni Muntadas artistari, eta, horrenbestez, Nerbioi hartu du ardatz Bilboren inguruan egin duen ikus-entzunezko instalaziorako: Hiri hutsa. Egun hartutako irudi eta bideoak argazki historikoekin uztartu ditu artistak, eta, ondorioz, 1936ko gerraostea, 1983ko uholdeek utzitako paisaia edota 2020ko pandemiak eragindako hustuketarekin txirikordatzen ditu ibaiaren ertzetan azken hamarkadetan ugarituz joan diren eraikin modernoak. Irailaren 5era bitarte ikusi ahal izango da, Bilboko Arte Ederren Museoan.

Enkargu baten emaitza da instalazioa: hain zuzen, 2018an, Arte Ederren Museoak eta BBVA Fundazioak hiriaren inguruko obra bat sor zezan eskatu zioten Muntadasi, museorako propio. Orduan erabaki zuen itsasadarra izango zela erakusketaren gakoa, Miriam Alzuri Arte moderno eta garaikidearen kontserbatzaileak azaldu duenez: «Hasieratik eman dio garrantzia itsasadarrari, komunikaziorako tresna gisa, baina baita Bilboren hainbat alderen aglutinatzaile gisa ere: meatzaritzaren garaia, biziberritze urbanoaren argi-ilunak...».

Muntadasek adierazi du Bilboren inguruko «interpretazioen batura bat» erdietsi duela, eta hori lortzeko, orobat, «kolaboratzaile batura baten» laguntza izan du. Ohikoa du horrela lan egitea, Alzuruk zehaztu duenez, proiektu guztietan jartzen baita harremanetan «tokiko kolaboratzaile sare» batekin: «Ekonomialariak, komunikazioaren teorikoak, antropologoak, artista plastikoak» eta, oraingoan, baita bertsolariak ere: hain zuzen, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes.

Horiez gain, Iñaki Uriarte arkitektoak Bilbok azken hamarkadetan izandako aldaketak xehatzen ditu instalazioan entzun daitekeen audio batean, eta beste hainbat adituk ere antzeko gaiak izan dituzte hizpide lanaren gaineko libururako ondutako saiakeretan: hala, Joseba Zulaika antropologoaren eta Arantxa Rodriguez hirigilearen interpretazioak ere bildu dituzte, baita Guadalupe Etxebarria komisarioak itxialdi garaian Muntadasekin digitalki izandako hiru elkarrizketen transkripzioak ere.

Zorrotzaurreko uhartetik hasi eta udaletxeraino, guztira 22 hartualdik osatzen dute Hiri hutsa-ren ibilbidea. Artistaren hitzetan, «paseo arina aurkezten saiatzen da proiektua. Guy Deborden estrategia situazionista berreskuratzen du: joatea, galtzea, lekualdatzea, ibiltzea».

Oraingoa eta lehengoa

Arte Ederren Museoko bi areto hartzen ditu Muntadasen erakusketak: 32a eta 33a. Lehenengoan, aurretik sortutako hiru bideo paratu ditu: Dérive Veneziane, Guadiana eta Finisterre. Ez dira Bilbo, baina harekin lotuta daude, uraren bitartez, Muntadasek azpimarratu duenez. Bigarren aretoak ditu hizpide Bilboren askotariko ertzak. Vacuum/ Plenum piezan, izenburuak iradokitzen duen gisara, dikotomia bat sortzen da itxialdiaren garaiko Bilboren eta egunekoaren irudien artean. Efektua areagotzeko, horma baten alde batean proiektatzen dira batzuk, eta ifrentzuan besteak. «Elementu sinkronikoak dira; ezin dituzu biak aldi berean ikusi. Lehenengo, vacuum-a ikusten duzu, eta gero, plenum-a», Muntadasek azaldu duenez.

On Traslation: Itsasadarra obrak hiriaren perspektiba historiko zabalago bati egiten dio erreferentzia. Pieza berean batu ditu Dario Regoyosen Bilboko itsasadarra pintura, 1910ekoa, itsasadarrari jarraitzen dion Google Earth-eko bideo bat, eta, haien artean, Bilboko mapa duen mahai bat. Mahaiak bi bozgorailu ditu ertzetan, eta bakoitzak audio bat proiektatzen du: itsasadarretik ibilaldiak eskaintzen dituen Bilboats enpresaren audio gida bata, eta Iñaki Uriarteren azalpen xehea bestea.

Vacuum/ Plenum-en dualismoa eta On Traslation: Itsasadarra-ren perspektiba historikoa uztartzen ditu Suntsiketa/ Eraikuntza piezak. Egungo Bilboren koloretako irudiak eta gerraosteko eta uholdeetako negatibozko argazkiak proiektatzen dira, Bartra eta Estiballesen ahapaldiek lagunduta. Edozein hiritan jazo diren «fenomeno ohiko eta ezohikoak» uztartu ditu piezan Muntadasek, nabarmendu duenez: «Fenomeno ohikoa da hiriaren garapen aurreikusia. Espero ez direnak dira ezohikoak: gerrak, uholdeak eta pandemia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.