Atzo arratsaldean inor gutxik pentsatuko luke BECen musika jaialdi bat ospatzekoa zenik. Halere, iluntzearekin batera, gero eta zale gehiago bildu ziren. Taldeen ikuskizunak eta jendearen festarako gogoak egin zuten gainontzekoa. Antolatzaileen arabera, 10.000 lagunetik gora batu ziren atzo.
John Berkhout oiartzuarrak arduratu ziren BIMEren bigarren jaialdi horri hasiera emateaz. Txukun aritu ziren. Go Go Berlin danimarkarrek estreinatu zuten taula nagusia; gazteak izan arren, eskarmentu handia erakutsi zuten taula gainean.
We Cut Corners ere gustura jardun zen, John Berkhouten lekukoa hartuta. Bikote irlandarrak lehenbiziko kontzertua zuen Euskal Herrian, eta ondo aritu zen. Esker oneko agertu ziren, «eskerrik asko!» behin eta berriro errepikatuz. Amaiera aldera Sinead O'Connorren Madinka abestiarekin ausartu ziren.
Egiari zor, Imelda Mayrekin batera hartu zuen BECekoak jaialdi itxura. Halloween zela eta, boskote irlandarra mozorroturik taularatu zen; odolean daramate festa haiek, eta hori erakutsi zuten. Apirilean kaleratu zuten Tribal aurkeztera etorri ziren Barakaldora. Aretoa betetzearekin batera, soinuak ere hobera egin zuen, oro har talde guztiena errespetatu bazuen ere.
Bigarren Placebo dosia
Kontzertua hasi orduko ia lan erdia egina zuen Placebok, Bassement Jaxx-en ikuskizunari esker. Simon Ratcliffek eta Felix Buxtonek hainbat musikariren eta abeslariren laguntza izan zuten, eta ikusleek gogotik egin zuten dantzan bikotearen house eta elektronika doinuekin.
Sasoiko daudela erakutsi zuten Brian Molko eta bereek 2014an Euskal Herrira egin duten bigarren bisitan. Uztailean Miarritzeko Big Festival jaialdian egon ziren. Orduan bezala, Loud Like Love azken lanean oinarritu zen zuzenekoa; amaiera aldera jotako Special K eta The Bitter End klasikoekin goia jo zuen emanaldiak. Argi joko eta pantailek ere ikusgarritasuna gehitu zioten kontzertuari. Meds disko entzutetsuko hainbat abesti ere jo zituzten, tartean, biseko hirurak: Running Up That Hill, Post Blue eta Infra-Red. Etengabeko instrumentu aldaketak ez zuen askorik moteldu ikuskizuna, zaleen zorterako.
Talde nagusiak amaitzearekin batera, jende asko joan egin zen; hala ere, milaka batzuk Zea Maysen kontzertua ikustera geratu ziren. Bilbotarrak fin aritu ziren, beti bezala, eta beren berri ez zuen despistaturen bat konkistatuko zuten.
Hiru agertoki nagusiez gainera, Bizkaia Arenan areto bat ezarri zuten, kontzertuei lagunarteko kutsua emate aldera. Iaz baino egokituago egon arren, antolatzaileek ez dute lortu —ostiralean, behintzat— formatuarekin guztiz asmatzea. Fuel Fandangok, adibidez, sekulakoa prestatu zuen bere flamenko, elektronika eta jazz fusioarekin. Dantzan jarri zuen harmailetan zegoen jendetza, segurtasunekoen zoramenerako.
Egona da Fuel Fandango Bilbon aurretik ere. Besteak beste, 2013ko BBK Live jaialdian jo zuen bikoteak —zuzenekoan laukote formatua dute—, eta, ekaitzaren ondorioz —edo ekaitzari esker—, karpa bete zitzaien emanaldia eskaintzean; ostiralean aretoan egondako askok karpa hartan ezagutuko zituen, ziur.
Aproposagoa izan zen testuingurua, besteak beste, The Divine Comedy taldearentzat eta hitz gutxiko gaua izan zuen Anna Calvirentzat. Emanaldi gorabeheratsua egin zuen kantautore ingelesak; ezaugarritzen duen jarreraren arrastorik ia ez zuen erakutsi. Publikoaren berba jarioak ere ez zuen asko lagundu, gainera. Aretoan aritu zen Gose ere. Ez zuten lan makala eduki arrasatearrek; Zea Maysen ordu berean jo zuten, eta, Fuel Fandangori gertatu bezala, harmailak ez dira tokirik onena dantza egiteko.
Ez udan bakarrik
Udakoetara ohituta, udazkenean horrelako jaialdi bat egitea apustu arriskutsua izan daiteke. Hala ere, zaleen babesarekin iazko zifrak(8.000 lagun eguneko) gainditu ditu BIMEk lehen jardunaldian. Musika joera bakarra ez besarkatzeak askotariko publiko batera heltzea ahalbidetu dio; ostiralean BECera joandakoen artean denetarik ikus zitekeen, atorra koadrodunak soinean zeramatzaten gazteak zein Iron Maidenen kamiseta beltzeko rockeroak.
Iaz BIMEk izandako harrera ona ikusita, aurten ere formatu berari eustea erabaki dute jaialdiaren antolatzaileek. Iragan asteazkenaz geroztik, BIME Pro- ren barruan, musikaren industriako eragile ezberdinak batu dira; besteak beste, hitzaldiak, mintegiak eta showcase-ak (formatu txikiko kontzertuak) egin dituzte musikaren nazioarteko topaketa horretan.
BIME, udazkeneko jaialdi gisa egonkortzen
10.000 lagunetik gora batu ditu BEC erakustazokan BIMEk lehenbiziko egunean; Placeboren kontzertua izan zen jendetsuena. Atzo, The National, Mogwai eta Billy Bragg taldeen txanda izan zen, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu