Biografiak aparretan

Historia eta istorioak kontatzeko bide gisa, oparoaldian da biografiagintza. Transmisiorako balioa goraipatzen zaio, eta formatu eta genero gehienak zipriztindu ditu jadanik.

MAIXA OLANO
MAIXA OLANO
garbine ubeda goikoetxea
2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

Pertsonaia eredugarrien ibilerak eta bizipenak kontatzeari ez zaio makalaldirik ezagutu. Garai batean, zerutarren eremu ziren biografiak; santu, noble eta enperadoreei eskaintzen zitzaizkien orobat. Joan den aspaldian, ordea, profil lurtarragoetara ere jo du generoak, eta ematen du badela nahi bat bestela nabarmendu diren pertsonaia popularragoei ere hala heltzekoa; haien bidez, historia orokorra kontatzekoa.

Zinemaren industriak, esate baterako, gogotik heldu die biografiei. Aldez edo moldez heroi bilakatu izan denaren mundualdia kontatzea dirua fabrikatzeko makina izan litekeela deskubritu zutenetik, maiz dago halakorik pantailetan, eta, lorratzik utzi duen seinale, izena ere asmatu diote generoari: ikus-entzunezkoen hizkera ingelestuan biopic deitzen zaio.

Streaming plataformei erreparatuz gero, ezin konta ahala serie, film eta dokumental aurki litezke, hasi musika mundutik —Bob Marley, Freddie Mercury, Amy Whinehouse, Elvis, Edith Piaf, Mozart, Aretha Franklin—, segi politika ingurutik —Margaret Thatcher, Silvio Berlusconi, Angela Merkel, Simone Veil—, eta historiatik —Abraham Lincoln, Kleopatra, Espartako, Napoleon, Karlomagno—, eta ez ahantz iraultzaileak —Che Guevara, Malcolm X, Gandhi— eta bestelako kultur ikonoak —Coco Channel, Frida Calho, Marilyn Monroe—. Aipagarriak dira, bestalde, pertsonaia ezagun bat modu ikusgarrian pantailaratzeak ekar ditzakeen sariak eta prestigioa; bereziki, pertsonaiaren larruan sartzen den aktorearentzat.

Baita marrazkiz ere

Euskal zinema eta ikus-entzunezkoak ez dira joera horretatik urrun gelditu, baliabideetan urriago izanagatik ere. Handia filmak, esaterako, Migel Joakin Elizegi Altzoko Erraldoia-ren bizitza dakar; eta Patxi Bisquert aktorearen ekimenez auzolanean egingo den Ombuaren itzala filmak Pello Mari Otaño poeta-bertsolari zizurkildarraren ibiliak kontatuko ditu. Beste bertsolari batzuk ere eraman dira pantailetara aipatutako horiek baino lehen, arrakastaz eraman ere, telebistak etxean espazio garrantzitsua hartzen zuenean. Horren adibide dira Fernando Amezketarrari, Txirritari eta Lazkao Txikiri eskainitako marrazki bizidunen serieak.

Dokumentalen artean ere bada zer aukeratua. Kasurako, Elbira eta Bolante baten historia. LehenakElbira Zipitria euskal irakasleen aitzindari izandakoa hartzen du hizpide, eta bigarrenak, Jose Migel Etxeberria Naparra Komando Autonomoetako militante desagertua. Joerari heldu dion azkena komikigintza izan da, eta epe motzean ale ederrak eman ditu: esate baterako, Elgeta trikitilaria, Lucio Urtubia anarkista eta Miguel Marmol ekintzailearen bizitzetan oinarritutakoak.

Zalantzarik gabe, ikus-entzunezkoen formatuak eman ditu piezarik gogoangarrienak; ez, ordea, esanguratsuenak ezinbestean. Duela gutxi arte, batik bat liburuak eutsi dio generoari, eta hor, zineman bezala, muga lausoetan kokatu da sarri; hots, kazetaritza eta literatura, pertsona eta pertsonaia, errealitatea eta fikzioa, egia eta egiantza edo kontaketa eta goraipamena nahasten diren tokian.

Dibulgazioa

Elkar argitaletxeak bilduma bat sortu zien biografiei duela 25 urte inguru. Helburua pertsonaien oinarrizko biblioteka bat osatzea zen. Bidegileak bilduma martxan zen ordurako —1987an sortu zen—, baina Elkarrek bestelako formatua nahi zuen: «Irakurle gazteari begira ari ginen, eta irakaskuntzan erabiliko zirela pentsatu genuen», esan du Xabier Mendiguren editoreak. Ehun orrialde inguruko liburuxkak ondu zituzten, argazkiz ilustratuak, egile askoren artean idatziak eta Euskal Herriko eta munduko pertsonei eskainiak: Mahatma Gandhi, Nelson Mandela, Fidel Castro, Simone de Beauvoir, John F. Kennedy, Rosa Luxemburg, Jeronimo, Iparragirre, Pasionaria, Jorge Oteiza, Jose Antonio Agirre eta Sabino Arana Goiri, adibidez.

Mendigurenen arabera, ez ziren «santutzeko» liburuak: «Ez zen idealizaziorik, ezta morborik edo zale porrokatuari jakin-mina pizteko modukorik ere». Ezer izatekotan, jakintza orokorrerako liburuak ziren, eta dibulgazioa zuten ezaugarri behinena. Publiko zabalera heltzeko bokazioz sortu zenak, ordea, eskasa izan zuen harrera, eta, hamar urteren buruan-edo, bertan behera gelditu zen bilduma. «Ez zegoen eskaririk, eta komertzialki porrota izan ziren».

Memoria, transmisioa

Txalaparta argitaletxearen katalogoan, berriz, zati garrantzitsua osatzen dute biografiek, eta zerrenda loditzera heldu diren liburuak hamaika dira jada. Berriki hiru plazaratu dira jarraian: Nerea Azurmendi kazetariak Eli Gallastegi Gudari XX. mendearen hastapeneko abertzalearena ondu du; Iñaki Egañak, Eustakio Mendizabal Txikia ETAkide historikoarena; eta Mikel Zubimendik, Jose Luis Elkoro politikari abertzalearena.

Garazi Arrula editorearen arabera, «biografietan ageri diren pertsonaia guztiek, nork bere modura, konpromiso politiko edo sozialen bat izan dute beren bizialdiko uneren batean». Pertsonaia, finean, haren bizialdiko garaia azaltzeko bidea da: «Gertakariak edo ekintzak edo kolektiboak pertsona baten bidez jasotzean, aunitzez gehiago lotzen gatzaizkio irakurketari. Hala gertatzen da, esate baterako, Miren Odriozolaren biografiarekin, El Salvadorko borroka kontatzen baita bertan».

«Gertakariak edo ekintzak edo kolektiboak pertsona baten bidez jasotzean, aunitzez gehiago lotzen gatzaizkio irakurketari».

GARAZI ARRULATxalaparta argitaletxeko editorea

Biografia, hortaz, historia kontatzeko modu bat da, pertsonaia bera gainditzen baitu. Dibulgazioa baino gehiago, «memoria eta transmisioa» dira hitz gakoak Txalapartan. Baita Euskal Herriko Trikitixa Elkartean ere. Aparteko ahalegina eskatzen diete biografiek, baina zalantzarik gabe heldu zioten ildo horri Soinuaren Liburutegia bilduma sortu zutenean, 2000. urtearen inguruan. Hain zuzen ere, trikitilarien historia trikitilarien ahotik kontatu nahi zutelako. «Garai jakin baten kontakizuna beste batzuek egin digute, eta horregatik nahi genuen gure gain hartu», esan du Trikitixa Elkarteko Andoitz Antzizarrek. Narrazioa besteen esku uztearen ondorioak ongi ezagutzen dituzte: «Askotan, gutxietsia izan da trikitia, baserritarren kontua balitz bezala, eta baserritar izate hutsa ere txarra balitz bezala». Prestigioa berreskuratzeko ahaleginik ere bada, hortaz.

«Garai jakin baten kontakizuna beste batzuek egin digute, eta horregatik nahi genuen gure gain hartu».

ANDOITZ ANTZIZAREuskal Herriko Trikitixa Elkarteko idazkaria

Emakumeak, atzetik

Trikitilarien liburuetan XX. mende osoaren historia dago, pertsonarik pertsona kontatua. Antzizar: «Gure zoritxarrerako, gizonezkoak izan dira guztiak, emakumeei bigarren mailako rola eman zaielako, panderoarena; eta panderoa bera ere gutxietsi egin da». Gizonezkoen ikuspegia nagusi duen historia kontatzen da, beraz, «baina ahantzi gabe egoera jakin batekoa dela, eta erabat baldintzatua, politikoki eta etikoki».

Baina nola gertatu diren gauzak: guztien artean gogoratuena, beharbada, Maurizia pandero jotzailea da. Edonola ere, desoreka apurtzeko ahaleginean, aurki Romualda eta Kandida Galdakaoko bi pandero jotzaileak ere eramango dituzte biografietara.

«Ika-mikak eta kontu gatazkatsuak baldin badira, testuingurua eta ñabardurak bilatzeko ahalegina egin behar du biografia egileak».

GORKA EROSTARBEIdazlea

Zer eta nola

Biografia liburuak zer baldintza bete behar dituen, zehazki zer jaso behar duen, pertsonaiaren ekarpena edertu behar ote duen edota intimitatean noraino sartu behar duen, hori egile bakoitzaren esku dago. Gorka Erostarbe BERRIAko kide, Badok atariko koordinatzaile eta Egañazpi. Ezink esan polita ez dela liburuaren egilearen arabera, «biografiak egiaren bila joan behar du». Era berean, «ika-mikak eta kontu gatazkatsuak baldin badira, testuingurua eta ñabardurak bilatzeko ahalegina egin behar du, modurik gizatiarrenean uler daitezen». Tonuan eta idazteko moduan, berriz, «hurbila» izatearen aldekoa da; «bederen, biografiara ekarritako protagonista hori pertsona xumea bada». Aldiz, boteretsua bada edo larderiaz jokatu badu, «gizatasuna bigarren mailan utzi» eta «zorroztasunaren alde» egingo luke.

«Madalena Jauregiberri miresten nuen aspaldian, eta haren ibilbidean gehienik gustatu zitzaidana bilatu, eta ene interpretazioarekin eta ene bizipen pertsonalekin antzezten saiatu nintzen».

MAIDER BEDAXAGARPastoral jokalaria

Pertsonaiaren tolesetan barneratzea konplikatuagoa izan liteke pastoraletan. Besteak beste, dualismoan egituratzen delako, eta zintzoen eta gaiztoen multzoak bereizten direlako. Sujeta, Pier Paul Berzaitz musikari eta pastoralgileak esandakoaren arabera, idazleak berak proposatzen die herritarrei, eta askatasuna du kontatu nahi duena kontatzeko: «Pertsonaiaren bizitzaren zati bat kontatu izan dut beti; haatik, hiltzea beti sartu dut nire tragedietan». Etxahun Iruriz geroztik, pastoralen sujetak euskaldunak izan dira oro har —Matalaz, Santa Kruz, Iparragirre...—, eta maiz idealizatu dira: «Heroi handi eta onak izan dira, kasik sainduak». Iritzi berekoa da Maider Bedaxagar abeslari eta pastoraletako parte hartzailea ere: «Idazlea bortxaz erortzen da idealizazioan; alde batetik, pertsonaia gustukoa badu, alderdi humanoak goraipatuko ditu, eta, bestetik, sujeta onen multzokoa bada eta ez türken multzokoa, alde eder gehiago izanen du itzalak baino». Bedaxagarrek Madalena Jauregiberriren rola jokatu zuen duela bizpahiru urte: «Emazte hori miresten nuen aspaldian, eta haren ibilbidean gehienik gustatu zitzaidana bilatu nuen. Hori aurkitu ondoan, ene interpretazioarekin eta ene bizipen pertsonalekin antzezten saiatu nintzen». Idealizazioaren adibide argi gisa, Matalaz aipatu du: «Gizon hari xiberotar abertzalearen etiketa eman diogu, eta irudi hori gustatzen zaigu».

«Pertsonaiaren bizitzaren zati bat kontatu izan dut beti; haatik, hiltzea beti sartu dut nire tragedietan».

PIER PAUL BERZAITZPastoralgilea

Alta, gauzak aldatzen ari dira, Berzaitzen esanetan: «Arrotzak ere hartuak izan dira; beraz, santifikatze hori galdu da pixka bat autore gazteekin». Bestalde, pastoraletan emazteek kargu gehiago dutela esan du Bedaxagarrek, eta taulan gizonen gisara agertzen direla: «Halere, oreka atzematea zaila da, emakume gehiago erakustera emanez, batzuetan ahantzi daiteke pertsonak duela balio, bere humanitateak. Baina hori emeki eginen da; denbora hartu beharko dugula uste dut».

Nolanahi dela ere, Berzaitzek dioenez, pastoralak, protagonista nagusiaren inguruan betiere, «historia, generoaren transmisioa eta, denen gainetik, hizkuntzaren amodioa» dakar. «Ahantzi gabe herriaren harrotasuna, eta herri auzoek baino hobeki egin beharra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.