Enrique Chagoya artista mexikarrak bi hamarkada daramatza bizitzen San Frantziskon (Ameriketako Estatu Batuak). Eta horrek eragin zuzena izan du haren lanean. Blanca de la Torre komisarioaren arabera, «bipolaritate geografiko horrek eragindako mestizaje kulturala haren obraren oinarria da». Palimpesto canibal erakusketa osatzen duten zazpi eremuetan barrena sartzen denak ulertuko du baieztapen hori. Kultura azteka eta maiaren sinbologia Mendebaldeko herrienarekin nahastuta ageri baita etengabe artista mexikarraren denetariko obretan. Erakusketa ikusgai egongo da Artiumen, Gasteizen, 2014ko urtarrilaren 12ra arte.
Uztarketa horren bitartez, Patricia Hicksonek Alderantzizko antropologia gisa izendatu duen ideia lantzen du Chagoyak, historia berridatziz, kolonizatuak europarrak izan balira, haien mundu ikuskera desberdina izango zela iradokiz. Hala ere, ez du mugatu nahi izan interpretazioa kolonizatzaile eta kolonizatuen arteko kanibalismo batera. «Kanibalismoaren ideia gizateriarena da, ez soilik kolonizatzaile eta kolonizatuen artekoa». Kulturek beren artean dituzten harreman desorekatuak islatu nahi izan ditu «ispilu bat proposatuz, norbera beste aldean islatuta ikus dadin, askotan modu umoretsuan», artistak dioenez. Norberari interpretazio librerako aukera ere uzten dio. Horretarako, ohiko koadroez gain, marrazki, inprentako lan, edizio, eskultura eta kodexez baliatu da.
Gaurkotasunarekin kritiko
Iraganari begira gelditu gabe, begirada zorrotza eskaintzen dio gaurkotasunari Chagoyak. Erakusketaren eremu bakoitzean esparru desberdin bat kritikatzen du. Kolonialismoa landu ondorengo eremuetan, politikaz, ekonomiaz zein erlijioaz jarduten du Chagoyak. Irakeko gerra, Tea Party-a, George Bush, krisi ekonomikoa, eliza katolikoaren jarrera homosexualitatearekiko, legez kanpoko immigrazioa eta abar jorratzen ditu, parodia eta umorea baliatuz askotan.
Erakusketaren amaierarako, bere ibilbide artistikoko lehen lanak utzi dituzte, Goyaren grabatuetan oinarritutakoak. Hain zuzen ere, horrek Chagoyaren ibilbide osoaren gaineko begiratua egiteko balio izan du erakusketa aurkezteko ekitaldian. Gaztetan hainbat komiki marraztu bazituen ere, Chagoyak berak esan duenez, bere ezinbesteko lehen lana Goyaren grabatuei lotua dago. Margolari espainiarraren Los desastres de la guerra, Caprichos eta Disparates/Proverbios serieetan oinarritu da. Jatorrizko lanen kopiak egin eta originaletan azaltzen diren aurpegiak ordezkatu ditu. Hala, gaur egungo pertsonaia ezagunen aurpegiak jarri dizkie margoei, besteak beste, Ronald Reagan, Fidel Castro, Barack Obama eta Benedicto XVI aita sainduarena, esate baterako. Goyak islatzen zituen gertakari historikoak gaur egungo egoerarekin lotuz.
Begirada kritiko eta zorrotzaren adierazgarri da, bestalde,orain dela bi urte Coloradon (AEB) bere lan bat erasotua izana. Artistak berak azaldu duenez, bere lanek ez dute inor hotz uzten, eta horrek AEBetako gizarteko talde kontserbadoreenen aurkakotasuna eragiten du.
Artiumen artista mexikarrak jarri duen erakusketa Europan egin duen lehendabizikoa da.
Bipolaritate geografikoa
Enrique Chagoya mexikarrak bere jatorrizko kultura eta AEBetakoa uztartu ditu Artiumen jarri duen erakusketanArtistak Europan egin duen lehen erakusketa da Gasteizkoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu