Ramon Zuriarrain. Artista

«Bizia egon dadin beharrezkoa da zoriaren parte hartzea»

Gaur taldearen ondorengo euskal margolari belaunaldikoa da Ramon Zuriarrain artista, eta margotu ezean zer egin jakin gabe gelditzen dela dio. Bilboko Arte Ederren museoan ireki berri duten 'Miss mundos' erakusketa da horren froga.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hormetan zuriune handirik ez du utzi Ramon Zuriarrain artistak (Donostia, 1948). Denbora zeraman erakusketarik egin gabe, eta baliatu egin du Bilboko Arte Ederren Museoak emandako aukera. Azken hamar urteetako lanak bildu ditu Miss mundos izeneko bilduman, eta ekainaren 13ra arte izango dira bertan. 70eko hamarkadako euskal margolaritza gaurkotu zuen belaunaldiko kide da Zuriarrain, Vicente Ameztoi, Carlos Sanz eta Marta Cardenasekin batera. Etengabe aritu da geroztik lanean, halere. Abstrakziotik gertuko figurazioa, figurazio hutsa, surrealismoa, hitz jokoak... Paradoxikoki, hetereogeneitate hori da Zuriarrainen ezaugarri nagusia, eta xumea da haren justifikazioa: «Margotu egiten dut. Margotzen ez badut, zer egingo dut bada!».

Konpultsiboa omen zara lanean. Ez omen dakizu margotu gabe egoten.

Bai. Beti ari naiz zerbait egiten. Bestela hutsik gelditzen naiz. Estudioan banago, beti ari naiz margotzen. Eta estudioan ez banago ere bai. Irtenaldiren bat eginez gero, akuarelak hartzen ditut, eta baliatu egiten ditut aukera horiek. 2011n Egiptora egindako bidaia ere horretarako baliatu nuen. Semea han zebilen lanean, eta iraultza hasi zenean joan nintzen. Hango margolan batzuk ere badaude erakusketan. Museora joaten nintzen, eta behin baino gehiagotan atera ninduten handik istiluak zeudelako, eta Poliziak ere atxilo hartu ninduen behin okertuta.

Heterogeneotasuna da zure lanaren ezaugarri nagusietariko bat. Erakusketa hasieran dagoen bideoan esaldi bakarra aski duzu joera hori justifikatzeko: «Gaur ez naiz atzokoa».

Dena aldatzen da etengabe. Pentsa zeinen lasai nengoen etxean ostegunean, eta zeinen urduri nagoen erakusketa aurkezten!

Beti izan zara hain heterogeneoa?

Gauza ezberdinak egin ditzaket aldi berean. Are gehiago. Gauza ezberdinak egin behar ditut aldi berean. Deskonpresio moduko zerbait da. Oso koadro fin eta landu bat egiten ari banaiz, aldi berean, gauza aske xamar bat egiteko beharra sentitzen dut. Baina gero lan guztiak elkarrekin ikusi, eta zentzu bat sumatzen diet denei. Lanik figuratiboenak eta surrealistenak egin ditut, lanik abstraktuenekin batera. Tira. Egia esan, ez nuke esango erabat abstraktuak direnik ere. Oso organikoak dira guztiak.

Zer garrantzi du intuizioak zure sorkuntza prozesuan?

Oso garrantzitsua da hori niretzat. Hasieran, koadro handi bat margotzen hasi behar nuenean eta mihisea erabat txuri ikusi eta nola hasi jakiten ez nuenean, pinturaz bustitako zurdaki bat hartu, koadrora gerturatu, eta neure buruari hankalatraba egiten nion. Lehen ezer ez zegoen lekuan, zerbait jartzen nuen. Eta zerbait horrek laguntzen dizu aurrera egiten. Batzuetan hala hasten nituen lanak.

Zoriari sorkuntza prozesuan parte hartzen uzten diozu, beraz?

Beti. Gauzak askoz ere zurrunagoak lirateke zoriari tarterik utzi ezean. Zerbait bizirik egon dadin, beharrezkoa da zoriaren parte hartzea. Kasualitatearena. Hala gertatzen dira gauzak batzuetan.

Zure belaunaldia maiz aipatu du Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak zure lanaz aritzeko. Identifikatzen duzu zeure burua belaunaldi horretan?

Adin kontua da nagusi belaunaldikako sailkapen horietan, eta bakoitzak nahi duena egiten du. Normala denez, harremana estuagoa da zure adineko jendearekin. Eta egia da gure belaunaldiak aldaketa bat ekarri zuela aurrekoekiko. Gaur taldeko kideekiko. Lerrozuzenak ziren haiek, arrazionalistagoak, gehiago ziren kuboak, karratuak eta hutsuneak erabiltzekoak. Badut esaldi bat horren inguruan, agian haiek ongi hartuko ez dutena: hutsunea euskal eskultorez beteta dago. [Barreak]. Gerora umore handiagoa izan da, organikoagoa izan da dena, naturarekin lotuagoa... Aldaketa bat egon da, baina horrek, noski, ez die aurrekoei inolako meriturik kentzen.

Kointzidentzia da zure erakusketa bigarren solairuan egon eta Nestor Basterretxearena lehenengoan egotea ere. Biak museo berean, aldi berean.

Nestorren erakusketa ikusgarria gelditu zaie. Gertatu zait beste kasualitate bat ere. Nire inaugurazioaren aurreko egunean Donostiako jatetxe batean ari nintzen bazkaltzen, eta alboko mahaian bi pertsona ari ziren ingelesez arteaz hizketan. Nire erakusketaren gonbidapen bat ematea otu zitzaidan, eta bi pertsona horietako bat nor izango, eta Basterretxearen erakusketako komisarioa!

Injustiziaz mintzo da Joxemari Iturralde erakusketaren harira, zure lanari eskaini dioten katalogoan. Zuen aurreko belaunaldiko eskultore handi horien itzalean bizitzea suertatu zaizuela zuei. Zuk ere hala sentitzen duzu?

Ez. Nire ustez, beste kontu bat da. Aurreko belaunaldi horrek eskultura landu zuen gehienbat; hori izan da sonarik handiena izan duena. Margolariak ere baziren, [Jose Luis] Zumeta, bai, baina gazteagoa zen, eta [Rafael Ruiz] Balerdi, ados... Baina erantzun beroagoa jaso du eskulturak. Baina ez dut uste horregatik arazorik dagoenik. Nahiko argi dago eskulturak gizartean oihartzun handiagoa izan duela. Diziplinak ere propioa du hori. Eskultura bat jartzen duzu plaza baten erdian, eta jende guztiak ikusiko du. Koadroak ikusteko ikustera joan behar duzu, eta jendeak ez du erakusketetara joateko ohitura handirik.

Goi eta behe kulturaren apurketa zuen belaunaldiaren ezaugarri dela esan du Viarrek, eta zuk zeuk ere badituzu olioak, baina baita akuarela eta karikaturak ere.

Niri berdin zait kontu hori, eta egia esan, ez dakit zer erantzun. Margotu egiten dut. Zer egingo dut bestela?

Kolore asko erabiltzen duzu. Oso zabala da erabiltzen duzun paleta.

Badira koadro ilunak, ia beltzak. Zaharrenak. Eta, gerora, koloreak sartu eta sartu aritu naiz.

Erakusketako irudiekin egindako bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu BERRIAren webgunea: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.