Bizialdi oso baten koloreak

Ana Mari Marin margolari baztandarraren ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa zabaldu dute Iruñeko ZiudadelanKolorez beteriko paisaiak dira nagusi, haren kiribil formako zertzeladekin osatuak

Kolore biziz sortutako paisaiak dira nagusi Ana Mari Marinen ibilbidea biltzen duen erakusketan, Iruñeko Ziudadelan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Kolore besta dago Iruñeko Ziudadelan. Izan ere, kolorearen artista baten bizitza bildu dute Mistoen Aretoan: Ana Mari Marinena (Elizondo, 1933). Bizialdi oso bat 1955-2013 erakusketa haren ibilbide profesionalaren lagin bat da, 58 urtean egindako obretatik ehun koadro. Zertzelada bereziez sortutako paisaiak dira nagusi, eta haiekin batera, natura hilak eta erretratuak daude.«Kolorea bizitza dela diote margolari askok, eta niri asko gustatzen zait kolorea», dio Marinek. Abenduaren 15era arte ikus daitezke baztandarraren bizitzaren koloreak.

Gogotsu hartu du erakusketa margolari baztandarrak. Esan duenez, 80 urterekin bere lan ibilbideko koadroak hautatu eta Iruñean erakusketa egiteak ilusio handia egin dio. 1966an azaldu zuen bere lana lehenbizikoz Nafarroako hiriburuan, Garcia Castañon erakusketa aretoan. Beste erakusketa batzuk ere zabaldu ditu Iruñean, baina hau berezia da zinez.

Marinen margolanek helburu nagusi bat dute: jendea alaitzea. Hori aitortu du. «Momentu hauetan bizitza eman behar zaio jendeari», azaldu du. Bizipoza antzeman liteke erakusketan, kolore biziz egindako margolanak. Bai 1949an egindako akuarelan, baita erakusketa zabaldu baino 20 egun lehenago bukatutako margolanean ere. Koadro gehiago ere egon zitezkeela esan du, baina hasieratik bukaerara bere ibilbide osoa laburbiltzeko hautaketa egokia egin duelakoan dago.

Nola margotzen duen azaldu du: «Ez dut margolana kolpe batean bukatzen, inoiz ez; oso azkarra eta urduria naiz, eta hori nire koadroen kalterako izanen litzateke». Dioenez, koadroa ongi pentsatu beharra dago. Arantzazuko beira leihoen egile Javier Alvarez de Eulateren aholkuari jarraitu zion, eta besaulki bat erosi zuen. Handik bere koadroei begiratzen die, «asko, gainera». Aretoan sartu, eta berehala igartzen da koadroak Marinek eginak direla. Paisaiak margotzeko erabiltzen duen karakol zertzelada berezi hori da haren estiloaren ezaugarrietako bat. «Margolari batentzat gauzarik inportanteena da besteek bere lana ezagutzea; horrek zure adierazteko modua zintzoa dela esan nahi du», dio.

Kiribil formako pintzel pasaldiak dira paisaiak egiteko egokienak, Marinen aburuz. Nahi gabe egiten duen eskuaren mugimendua dela azaldu du, eta inguruan ikusten dituen elementuek forma hori dutela. «Udazkenean hostoak horitu eta erortzean, bueltak ematen dituztenean, forma hori dute. Agian nire kiribilkada naturatik bertatik jaio da». Zertzelada horiek Baztango inguruak eraman dituzte oihaletara. Harrigarria dirudien arren, gorriak eta moreak dira nagusi Arizkunen, Erratzun, Elizondon, Azpilkuetan, Elbeten, Oronotzen... Horrela ikusten du bere ibarra: gorria. Baina, Baztan ez ezik, Euskal Herriko txoko anitz ere margotu ditu, baita atzerrikoak ere, egindako bidaien lekuko.

Baztan gorria

Erakusketan nabaria da margolariaren jaioterria. Baztango txokoak daude han eta hemen. Marinek askotan galdetu dio bere buruari zergatik maite duen hainbeste sorterria. Hiru urterekin erbestera joan behar izan zuen, frankistak aitaren bila joan zirelako. 15 urte inguru zituela itzuli zen, eta orduan ezagutu zuen Ismael Fidalgo, margoaren munduan sartu zuen soldadua. Fidalgok kanpora joan behar zuela eta, Marinen esku utzi zituen margotzeko tresna guziak, eta koadro bat egiten utzi zion. Ordutik ez da gelditu.

Hala ere, lehenagotik ere bazuen margotzeko zaletasuna. Oraindik gordeta dauka 8 urterekin amatxiri egindako marrazki bat, eta erakusketan ikus daiteke, margolanen artean paratu dituzten bitrinetan. Harekin batera daude Marinen bizitzan garrantzitsuak izan diren hainbat gauza: omenaldi makila, Baztandarren Biltzarreko irudiak, biolina...

Biolina, hain zuzen, asko ageri da natura hiletan, baita loreak ere. «Asko maite dut natura hilak eta loreak margotzea», azaldu du. Eta horiekin batera, erretratuak ikus daitezke erakusketan. «Erretratu batzuk egin ditut, baina ez zait asko gustatzen halakorik egitea, arrazoi batengatik: erretratuak pertsonaren antza izan behar du; ongi egin beharra dago», onartu du. Pertsona bereziak agertzen dira bere margolanetan: Elisa Arin bere amatxi eta Jorge Oteiza, kasurako.

Irribarrea atera ohi zaio Marini Oteizari buruz mintzo denean. Lagun onak ziren, eta merezitako tokia du erakusketan. Ez da, baina, Oteizari egin dion erretratu bakarra. Kolorea ere berak eman zion: «Beti beltzez janzten zen, eta nik bufanda gorri bat eman eta esan nion: 'Ez duzu ikusten koloreak bizitzen duela argazkia?'».

Oteizari buruz hitz egitean, adjektibo onak datozkio burura Marini: «Apartekoa zen, maitagarria eta eskuzabala». Jenio bizia zuela esan du, baina berak ere baduela aitortu du. Oteizak egunero galdetzen zion telefonoz, «zer egin duzu? zer lan duzu gaurko? zer egin zenuen atzo?». Horrek lan egiteko gogoa pizten ziola dio. Miresten duen beste pertsona bat Vicent van Gogh da. Oteizarekin antza zuela ere esan du, izaeran behinik behin. Haren obrak inspiratu zuen askotan, eta haren koadroak margotu zituen.

Akuarelak, faltan

Ziudadelako erakusketan olio pinturak dira nagusi, baina Marinen margolari ibilbidean akuarelak ere oso garrantzitsuak izan dira. Esan duenez, akuarelak margotzen asko dibertitzen da, eta ikaragarri gustatzen zaio. Baina ezin izan ditu gehiago jarri toki faltarengatik. Azkenean, lau baizik ez. Horregatik, soilik margo horri eskainitako erakusketa bat eginen duela esan du, nahiz eta oraindik buruan baizik ez izan.

Akuarelak margotzeko tenorean estilo berezia duela esan du. Adibidez, paperari garrantzi handia ematen dio. Herbehereetan erositakoa erabiltzen du. Bertara egindako bidaia batean erosi zuen, eta bizitza osorako duela aipatu du. Akuareletako bat nabarmendu du, 1949koa. Oroitzapenak biltzen ditu: Pantxoren etxea,Jaime Urrutiak egindako iturria, eta frankistek aitari lapurtutako gasolindegia ageri dira. «Beti saiatzen naiz zerbait adierazten», azaldu du. Oraingoz, Iruñean diren akuarelekin konformatu beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.