Zinema

«Bizirik» dagoen artxibo batean bisitan

Bisita gidatua egin dute Donostiako Zinemaldiko Artxibo Historikoan, Zinemaldiak eta Espainiako loteriak antolatuta. Irati Crespo artxiboko arduradunak aste honetan egindako aurkikuntza erakutsi du: 1953ko Zinemaldiaren ereserkiaren partitura.

Donostiako Zinemaldiko Artxibo Historikoari bisita, gaur. JON URBE / FOKU
Donostiako Zinemaldiaren Artxibo Historikoari gaur ateratako irudi bat. JON URBE / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 16a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Kamerariak, argazkilariak eta kazetariak Tabakalerako beheko solairuko patioan daude zain. Halako batean, ate nagusitik sartu dira gaurko hiru protagonistak: Irati Crespo Zinemaldiko Artxibo Historikoko arduraduna, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Jesus Huerta Espainiako loteria elkarteko lehendakaria. Zinemaldiko hiru izar balira bezala, argazkilari eta kamerariek haiengana fokuratu dituzte euren lan tresna guztiak. Komunikabideetako langileen aurrean ipini dira, eta korridore batean barrena gidatu dituzte, gela txiki batera. Tabakalera kanpoko 23 graduak ahaztuta, langileak hotzikaraz egon dira, gelatxo horretan 16 gradu besterik ez baitute, materialak ondo mantentzeko.

Gaur goizean artxibora egindako bisitan, Crespok hartu du hitza lehenbizi, eta eskuetan partitura bat duela ekin dio azalpenari. Bere ardurapean dagoen artxiboa «bizirik» dagoela esan du; izan ere, bertan lanean ari diren ikertzaileek aurkikuntza bat egin dute aste honetan. 1953an egin zuten lehen aldiz Donostiako Zinemaren Nazioarteko Astea —egun lehen Zinemalditzat jotzen da—, eta Juan Urteagak ereserki bat sortu zuen ekitaldi horretarako. Ereserki horren partitura da, hain zuzen ere, ikerlariek aurkitu dutena eta Crespok esku artean duena. «Bisita gidatu hau lehen Zinemaldiaren sintoniarekin hasi nahi dut», esan du Crespok. 

Artxiboko arduradunak atzean dituen apalategietan, 900 kaxa inguru daude, eta kaxa horietan ikuspegi zinematografikotik haratago ere interesgarriak izan daitezkeen dokumentuak daude. Crespo ikuspegi soziopolitikoari buruz mintzatu da bereziki: «Estatu mailako esfera soziopolitikoen berri izan dugu artxiboan bilduta dauden gutunei, telegramei, kartelei eta gainontzeko elementuei esker». 

«Estatu mailako esfera soziopolitikoen berri izan dugu artxiboan bilduta dauden gutunei, telegramei, kartelei eta gainontzeko elementuei esker»

IRATI CRESPOZinemaldiko Artxibo Historikoko arduraduna

1975eko abuztuan eta irailean bidalitako telegrama batzuen bitartez jakin dute, hain zuzen ere, Zinemaldiko zuzendaritza frankismo garaiko azken fusilamenduen aurka agertu zela eta gobernuari zuzendu zitzaiola horren harira. Eta gutun baten bitartez, berriz, jakin dute zer-nolako harremana izan zuen Luis Buñuel zinema zuzendariak Zinemaldiarekin.

1977ko Zinemaldira etorri zen Buñuel, eta uste zuten orduan gonbidatu zuela jaialdiak lehen aldiz. Uste hori ezeztatu egin du artxiboan dagoen gutun batek, 1960an Buñuelek jaialdiari bidalitako batek, hain justu. Bertan, argi ikus daiteke jaialdira gonbidatu zutela Buñuel. Hark, baina, uko egin behar izan zion gonbidapenari, erbestean zegoen eta. Hamazazpi urte geroago, Franco hil ondoren, Donostiara etorri zen. Crespok adierazi du artxiboko «altxorretako bat» dela 1977ko Zinemaldian Carlos Saurari eta Luis Buñueli atera zieten argazkia.

ESPAÑA ARCHIVO ZINEMALDIA
Irati Crespo Zinemaldiko Artxibo Historikoko arduraduna, Buñueli eta Saurari 1977ko Zinemaldian atera zieten argazki bati begira, gaur. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

1977an Madrildik Donostiara lekualdatu zen Zinemaldiaren zuzendaritza. Frankismo garaian, jaialdia Madrildik zuzentzen zenean, Espainiaren irudi modernoa transmititzen zuen ekitaldiak. Zuzendaritza aldatu zenean, gauzak ere aldatu egin ziren, eta horren isla dira orduko kartelak: Ivan Zuluetak 1978an egindako kartela euskara hutsean zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.