Amaitu zen gerra, eta bizirik atera zirenek beren bidean aurrera jarraitu zuten. Askotariko bideak, eta askotariko bizitzak. Parisen, margolariak, poetak, filosofoak, musikariak... bizimodu bohemio samarra daramaten hamaika lagun pasatuko dira Madame Edithek Montmartre auzoan duen klubetik, baita kazetari, marinel eta postariren bat ere. Gauero, haien kontakizunen eta pasadizoen lekuko izango da emakumea. Bizitza txatal batzuk agerian geratuko dira Bohemioen Kluba antzezlanean. Beste txatal batzuk, aldiz, ikusleak berak bere irudimenarekin eraiki beharko ditu, pertsonaia bakoitzaren istorioa osatzeko. Taupada antzerki taldeak etzi estreinatuko du ikuskizuna, Elgoibarko Herriko Antzokian (Gipuzkoa), 22:30ean.
Bigarren Mundu Gerraren osteko urteetan girotu dute obra, Parisen, Madame Edithen tabernan. Emakume hori da obraren protagonistetako bat, istorio guztiak nolabait josten dituen pieza, pertsonaiak klubetik pasatzean beti hor dagoena, Edurne Lasa antzezlanaren zuzendariak BERRIAri azaldu dioenez. «Hark eramaten du kluba; nahiko bakarrik dago, eta, gauero, beste batzuekin elkartzen da. Bigarren Mundu Gerra ostekoa nahiko giro dekadentea da, baina pertsonaiak ez; bizirik irautea lortu duten pertsonak dira». Bizitza gogorra izan du Madame Edithek, eta, istorioak aurrera egin ahala, pentsatzekoa da bizimodu gogorra izaten jarraituko duela. Klubetik pasatzen diren pertsonaien artean, berriz, askotariko ibilbideak sumatuko dira. «Guztiek uzten dute bistan bere bizitzaren txatalen bat, baina ikusleak berak emango dio forma gero istorioari», dio Lasak. Euskal Herrian bizi den eta aitaren bila Parisera doan kazetariarena jarri du zuzendariak adibide gisa, publikoak ez baitu ikusiko bi senideak elkartuko ote diren edo ez, baina pertsonaiek «zantzu» batzuk utziko dituzte agerian, eta ikusleak osatu beharko ditu istorioan falta diren zatiak.
Orotara, 11 antzezle ariko dira oholtza gainean, eta hamasei pertsonaiaren rolak jokatuko dituzte: Odile eta Evariste de Parny poetenak, La Divina abeslariarena, Lea kazetariarena, Amadeo marinelarena, Antonella abeslariarena, Pierre gudamutilarena, Mixel margolariarena... Lili eskusoinu jotzailea ere klubean izango da, bere doinuak eskaintzen; haren bidez, zuzeneko musika jarri diote antzezlanari, baina pertsonaia batzuk kantuan ere arituko dira, baita poemak errezitatzen beste hainbat ere. Elkarren arteko hizketaldiak nahiz bakarrizketak tartekatuko dituzte, baita drama eta umore beltza nahastuko ere.
Kluba, oholtza gainean
Kluba bera irudikatu dute oholtzan, bere barra, aulki, mahaitxo eta abeslariaren txokoarekin. Garai hartako giroa lortzeko, eszenografia asko zaindu dutela azaldu du Lasak, okre koloreko telak eta bestelako objektuak baliatuta.
«Aspalditik nuen buruan bueltaka ideia hau», azaldu du zuzendariak. «Inprobisazioak egiten hasi ginen, ikasle bakoitzak zer eman zezakeen ikusten... eta istorioari forma ematen hasi nintzen, pertsonaiak ateratzen, materiala bilatzen». Joan den urtarrilean hasi zen mamitzen ikuskizuna, eta, etzi estreinatu ondotik, beste hainbat lekutara eramateko nahia agertu du Lasak. Izan ere, publikoarengan «emozioak sortzea» da taldearen helburu nagusia, «jendea ez dadila atera antzokitik sartu den bezala».
Bizitzak, txatalez txatal
'Bohemioen Kluba' estreinatuko du Elgoibarko Taupada antzerki taldeak etzi.Bigarren Mundu Gerraren osteko Parisen girotu dute istorioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu