Bizitzara jauzi egiteko era bat

Juan Luis Zabalak 'Mina hartzeko ere' poesia liburua eman du, Susarekin. Beldurrak zeharkatzen du lana, eta minari, haurtzaroari eta hizkuntzaren bizitasunaren galerari buruzko poemak biltzen ditu

Juan Luis Zabala, atzo, Donostian, Mina hartzeko ere liburu berriarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Poema liburuek ez dute izaten azpi-izenbururik, baina, bat ipintzekotan, Juan Luis Zabalak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) hauxe jarriko lioke Mina hartzeko ere lan berriari: Poema koldarrak. Izan ere, beldurra da poema gehienak zeharkatzen dituen gai nagusia; bizitzaren zailtasunek eta horiei aurre egiteko moduek markatzen dute liburuaren tonua. Susa argitaletxeak atera du, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian.

Beldurra zeri? «Minari, zahartzeari, gaixotzeari, hiltzeari, ingurukoak hiltzeari, ingurukoak gaixotzeari; baita ere giza harremanetako gaizki-ulertuei, erdi-ulertuei, ondoegi-ulertuei; nostalgiaren nagusitasunari; txikitako hizkuntzaren galerari eta euskararen beraren indar espresiboa galtzeari», idazlearen erantzunak. «Ez dirudi liburuko tonua bereziki optimista denik, eta ez da, baina badago bizitza zer den jakinda bizitzeko nahi bat, bizitzaren zailtasunak ukatzen ez dituena baina dagoena ezagututa eusteko modua topatzen duena», osatu du Leire Lopez editoreak.

Liburua 58 poemaz osatuta dago. Ni-tik idatzita daude gehienak, nahiz eta batzuek bigarren eta hirugarren pertsona ere erabiltzen dituzten, eta laburrak dira oro har. Zabalak segidan eman ditu denak, atalik bereizi gabe.

Gai asko landu ditu beldurren eta minen bueltan: haurtzarora itzultzen da batzuetan, amarengana, etxe aurreko aulkira; «mundua zer den jakin aurreko garaira», Lopezen hitzetan.

Idazleak garai harekin lotu du izenburua ere: Mina hartzeko ere, hori esaten zien amak jolasean zerbait arriskutsua egiten zutenean, baita telebistan norbait erortzeko arriskua sortzen zuen zerbait egiten ikusten zuenean ere, kontatu duenez. Esamolde hori ez du askorik aditu gerora, ordea.

Izan ere, hizkuntza ere liburuaren gaietako bat da, neurri batean. Hizkuntzari buruzko gogoeta batzuk egin ditu zuzenean, eta idazle izateari buruzkoak ere bai, baina hizkuntzaren erabilerak berak du pisurik handiena: «Saiatu naiz oso euskararenak diren eta erdaretan itzulpen zuzenik ez duten formulak erabiltzen: itzulpenean galduko den hori ahalik eta handiena izan dadila. Hizkuntza batetik besterako lost in translation handiak hizkuntzaren bizitasuna adierazten du». Uste du bizitasun hori galtzen ari dela euskal literaturan: «Segur aski, gure gaurko literatura askoz errazago itzultzen da Auspoa bilduma edo [Xabier] Lizardiren poesia baino, edo gutxiago galtzen du behintzat».

Azkoitiko zaharrei entzundako beste hitz bat erabili du lehen aipatutako beldur horien aurrean hartutako jarrera izendatzeko: konformidadea. «Esaten da, arazo bat dagoenean, konpondu badaiteke, onena dela horri aurre egitea, eta konpondu ezinezkoa baldin bada, konformidadea dela jarrerarik egokiena; bizitzak dituen alderdi ilunen onarpen positibo bat». Liburuko poemetan, ironia eta umorea ere badira atsekabeari aurre egiteko modu bat.

Zabalak bere bigarren poema liburutzat du Mina hartzeko ere. Lehenengoa Hautsia natza da (BBK - Euskaltzaindia, 2000), nahiz eta tartean Ez dut nik asmatu izeneko liburu bat sareratu zuen Booktegi atarian (2017). Idazleak uste du alde handia dagoela lehen lan hartatik liburu berrira, bizitzari buruzko esperientziagatik: «Hura gaztaroaren amaierakoa da, munduari oldarkortu uste izan zaion poeta batena; hemengoa askoz atzerago bueltatuta dago, munduari oldarkortu baino gehiago, mundura egokitzen saiatzen da».

Poesia ez ezik, nobelak, narrazioak eta biografiak ere argitaratu ditu Zabalak, besteak beste. Dena den, aitortu du aldatu egin zaiola literaturari heltzeko modua: «Iruditzen zait, idazle gehienen kasuan, beti daudela bat, bi, hiru edo asko jota lau obra nolabait bere barruan zeuzkanak eta bere obraren ardatz nagusia direnak. Nik badut irudipena horiek idatzita dauzkadala». Literaturara lotuta segitzen du, baina ez da hari garai batean bezain «estu atxikita» sentitzen. «Idatzi behar zuena idatzi duenaren ikuspuntutik ari naiz, literaturako nire misioa beteta balego bezala».

Traba egiteko ere

Jarrera aldatu zaio Zabalari, baita idatzitako hori argitaratzeko unearekikoa ere. 1980ko hamarkadaren erdian eman zuen lehen nobela, eta garai hartan bazuen sentipena euskararen aldeko zerbait egitea zela liburuak idaztea, poza jasotzen zuen bueltan. Hori aldatuta sumatzen du orain. «Ez dut esango liburu batekin traba egiten duzunik, baina hainbeste idazle daude, hain espazio urria segitzen du izaten literaturak... Ja sistema bati edo kultura bati laguntzen ari zarelako sentsazio hori ez da hain nabarmena». Kezka du horrekin: «Uste dut laguntza handiagoa ematen diola gaur bezeroei euskaraz egiten dien tabernari batek —eta euskal musika jartzen badu, are gehiago—, euskal idazle batek baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.