Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Bizitzaren irakaspenak

Maria Alchek eta Benjamin Naishtatek 'Puan' «komedia filosofikoa» aurkeztu dute lehiara. Isabel Coixetek Sara Mesaren 'Un amor' eleberria egokitu du

Laia Costa aktorea eta Isabel Coixet zuzendaria, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Maria Alche eta Benjamin Naishtat zinemagile argentinarrek badakite, nork bere aldetik, zer den Donostiako Zinemaldian sari bat jasotzea. Familia sumergida bere lehen film luzearekin, Horizontes saria irabazi zuen Alchek 2018an. Eta Rojo bere hirugarren lan luzearekin, berriz, zuzendaritzarik onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen Naishtatek urte berean. Biak elkarrekin eta Sail Ofizialean aurkeztu dira lehiara oraingoan, eta, aurreko lanen oso bestelako tonua duen film batekin, gainera: Puan «komedia filosofikoarekin». Halaxe definitu zuten lana bi zinemagileek, atzo, Kursaaleko emanaldiaren ondotik. Publikoak gogotik egin zuen barre aretoan, eta txaloz eskertu zuen lana.

Marcelo Penak (Marcelo Subiotto) bizitza osoa darama irakasle lanetan, Buenos Airesko unibertsitate publikoko filosofia fakultatean. Bere mentorea eta lagun mina zuen Eduardo Caselli irakaslea ustekabean hil da, bihotzekoak jota, eta hark zuzentzen zuen katedra gidaritzarik gabe geratu da. Penak dirudi ardura horretan hildakoa ordezkatzeko hautagairik egokiena, haren ideiak sakonen ezagutzen eta sutsuen defendatzen dituena baita. Baina espero gabeko arerio bat azalduko zaio bidera: Rafael Sujarchuk (Leonardo Sbaraglia). Irakasle karismatiko eta limurtzailea Europako unibertsitaterik prestigiotsuenetako batetik Argentinara itzuli berria da, eta hura ere aurkeztuko da katedra bera zuzentzeko lehiaketara. Horri guztiari eguneroko bizitzako gorabeherak eta herrialdean duten krisia gehitu beharko zaizkio. Eta hala, baten arrakastaren eta bestearen ahalegin baldarren artean sortuko diren dueluen bidetik, komedia eta filosofia uztartu dituzte bi zinemagileek.

Alchek azaldu zuen bi egileek dutela filosofiarekin gertuko harremana, eta hari buruz hitz egin nahi zutela film batean. «Horretarako, kontrapuntu interesgarri bat topatu genuen: batetik, klaseetako mundu abstraktua zegoen, non irakasleek ordu luzez arreta osoa ematen dioten mundua pentsatzeari; eta, bestetik, gero, klasetik kanpo, eguneroko bizitzako arazoei aurre egin beharrean dira, edozein gizaki bezala. Horri heltzeko genero ideala komedia zela iruditu zitzaigun». Gidoia idazten hasita, «komedia filosofiko» deitzen hasi ziren sortzen ari ziren horri, bien elementuak uztartuko zituen moldea zelakoan. «Erronka erakargarria iruditu zitzaigun gidoia idazteari ekiteko».

Hain zuzen, barrearen bidetik jotzeak «ilusioa» egiten ziela berretsi zuen zinemagileak. «Uste dut barrea zerbait basatia dela, eta oso sakona aldi berean. Ikusle batekin bide horretatik konexio bat lortzeak egia askori buruz hitz egiteko aukera ere ematen dizu».

Gidoia idazteko «itsasargietako bat» Subiottok antzeztu duen pertsonaia izan zela azaldu zuen Naishtatek, eta aktorearen talentu ugariak goretsi zituen. «Zorte handia izan genuen harekin, gaitasun fisiko eta ahozko izugarria duelako, eta erregistro asko garatzekoa ere bai; kantatu egiten du, klaseak eman, dantzatu, errezitatu, buruz behera jarri eta Rousseau irakurtzen du... eskatzen diozun edozer gauza egiteko gai da». Sbaragliak ere lanak izan zituen bere pertsonaiaren rola jokatzeko, irri artean aitortu zuenez: «Niretzat erronka handia izan zen ikastea alemanez hitz egiten, pianoa jotzen, frantsesez kantatzen... Baina guztiaren gainetik, bi zuzendari hauekin lan egin nahi nuen, eta oso pozik gaude orain».

Alchek nabarmendu zuen entsegu ugari egin zituztela antzezleekin, eta bi zuzendarien estiloak konbinatzeko aukera izan zutela, denak «unibertso beraren parte» izan zitezen, «tonu bat» aurkitzeko. «Bide horretan, aktore taldeak ekarpen handia egin zuen, entseguetan joan baikinen pertsonaiak eraikitzen». Filma lau eskutara zuzentzeari dagokionez, Naishtatek adierazi zuen zinemagile orok probatu beharko lukeen esperientzia dela. «Ariketa zaila da, baina nork bere mugak gainditzeko oso aberasgarria».

Duela lau urte hasi ziren filma lantzen, beste testuinguru batean, baina Argentinako gaur egungo egoera politikoan haiek «aurreikusi gabeko dimentsio bat» har dezake, hori badakitela esan zuen Naishtatek. «Hori esanda, pozik gaude pentsamendu politikorako eta orainari galderak egiteko balio badu, baita hezkuntza publikoa defendatzeko ere».

«Itogarria eta askatzailea»

Orain dela hiru urte argitaratu zuen Sara Mesa idazle espainiarrak Un amor, orain Isabel Coixet zuzendari kataluniarrak zinemara egokitu duen nobela, eta, orduz geroztik, liburuaren oihartzuna areagotuz joan da. «Jende guztiak esaten du moldatzeko zaila dela nobela; nik uste dut eleberri bikaina dela, eta pentsatzen dut horretan datzala zailtasuna. Baina izugarri gustatzen zaizun zerbaitetik, kontatzea merezi duen istorio batetik abiatzen bazara, ezer ez da zaila», arrazoitu zuen hartutako erabakia Coixetek, atzo goizeko emanaldiaren osteko prentsa agerraldian.

Nat 30 urte inguruko itzultzailea da, eta, lanean entzun behar dituen istorio lazgarriez ahituta—Afrikatik datozen etorkinen kontakizunak itzuli behar ditu—, landa eremura joko du, zerotik hasi nahian. Han etxejabe krudel batekin (Luis Bermejo) eta aurpegi adeitsuen atzean faltsukeria gordetzen duten bizilagunekin egingo du topo: Piter hippyarekin (Hugo Silva) eta hiritik asteburuero herrira joaten den bikote dirudunarekin (Ingrid Garcia-Jonsson eta Francisco Carril). Andreas, alemaniarra, ere ezagutuko du (Hovik Keuchkerian), eta, hark egindako sexu proposamen baten ondotik, harengan aurkituko du, une batez behintzat, gertutasun apur bat.

Coixetek azaldu zuen Un amor-ek istorio era berean itogarria eta askatzailea kontatzen duela, eta oraingo honen aurreko bere bi film oinarritzat izan dituela Mesaren egokitzapena egiteko: La vida secreta de las palabras eta La librería. Azken hori bezala, «leku batera iritsi eta han ondo egoteko nahia duen pertsona bati buruzko filma da Un amor».

Filmak emakumearen sexualitatean ere arakatzen du, eta alderdi horri garrantzi handia eman diola azaldu zuen Coixetek, zineman ez delako, haren iritziz, «ondo irudikatua» egoten. «Ez dut uste sexualitatea modu sinesgarri batean erakusten denik». Horri lotuta, intimitatearen esparrua interesatzen zaiola eta hor eroso lan egiten duela ere esan zuen: «Zuzendari bat ez bada eroso sentitzen sexu eszena bat idazten, agian ez luke idatzi beharko».

Keuchkerianek adierazi zuen filmean interpretatu duen pertsonaia ez dela beregandik asko aldentzen: «Ez du inor molestatzen, eta ez du nahi inork bera molestatzerik, baina Nat agertzen denean, zerbait nahasten zaio barrenean». Silvak, berriz, Piterren pertsonaia «nazkagarria» egiten zaiola esan zuen, baina haren azalean sartzea «oso dibertigarria» egin zaiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.