Zuzendaria. Raul Ruiz. Aktoreak. Adriano Luz, Maria Joao Bastos, Ricardo Pereira. Herrialdea. Portugal. Iraupena. 256 min.
G. Agote
Igande batez Sail Ofizialean lau ordu pasa irauten duen film portugaldar bat programatzea nahitaez errezelo handien eragile da. Gupidarik gabeko programatzaileak al ditu Zinemaldiak? Ikusleen zein kritikarien masokismo maila neurtzeko munduko esperimentu batean parte hartzen ari ote dira?
Zorionez, aurreiritzi horiek guztiak ezerezean uzteko moduko filma ekarri du Raul Ruiz beteranoak. XIX. mendeko Portugalen girotutako istorioa aberatsa da Mistérios de Lisboa; antzerki baliabideak erabilita, musikarik gabeko opera baten gisa emana. Max Ophulsen La Ronde-ren antzeko egitura du, pertsonaiak etengabeko jira-biran ibiliko dira, maitasun, familia harreman, ohore eta gizarte arauen inguruan.
Joao gazteak (edo Pedro Da Silvak) ez daki nor den, eta identitatea bilatze horretan hasiko duen bidaia luzearen bitartez, gainerako pertsonaien istorio eta bizipenak ere ezagutzeko aukera zabalduko da. Horiek atal txikietan emanak, Mistério en Lisboa foiletoi itxura duen mosaiko historiko eta sozial bikaina baita.
Baliabide gutxi zituela jakitun, Ruizek bereziki ongi zaindu ditu eszenaratzea, sekuentzia luzeak, kameraren mugimenduak eta planifikazioa, horregatik jatorri literarioari traizio egin gabe. Horrez gain, berez oso zinematografikoak ez diren ahozko kontakizunei etekin ederra aterako die zuzendariak.
Hasieran horrek guztiak harridura eta deserosotasun puntu bat eragiten ahal badu ere, aurrera egin ahala filma gero eta trinkoagoa bihurtuko da. Bigarren parteak indarra irabaziko du, eta mosaiko erraldoiak kolorea irabaztearekin batera, tonua are ilunago bihurtuko da, Barry Lyndon xume bat osatzeraino.
'Mistérios de Lisboa'
Bizitzaren zaldiko-maldikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu