Bizitzatik ihesi, naturara buelta

Esperientzia komunalen azterketa eta Tolstoi idazle errusiarraren alegi bat oinarri harturik, proiektu berri bati ekin dio Oier Etxeberriak Donostiako Cristina Enea Fundazioan

Zenbat lur behar du gizon batek? proiektuaren erakusketa, Cristina Enea Fundazioan. A. CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hiri erdigunetik aldendu gabe, natura da nagusi Donostiako Cristina Enea parkean. Egunotan, gainera, literaturaz busti eta munduan diren -eta izan diren-hainbat komunen berri izateko aukera eskaintzen du Cristina Enea Fundazioak. Izan ere, burututako esperientzia komunalen azterketa eta Lev Tolstoik 1886ean idatzi zuen Zenbat lur behar du gizon batek? alegian oinarriturik, izenburu bereko erakusketa-proiektua jarri du abian Oier Etxeberriak. Urri amaierara bitarte egongo da horren berri izateko aukera.

Bi urtez aritu da Etxeberria komunen inguruko azterketa burutzen, eta idazle errusiarraren alegiaren berri izan zuenean, burura etorri zitzaion ekainaren 28tik martxan den proiektuaren ideia. Bertan, Zer da lurra gizonarentzat? alegian azaltzen diren hainbat gairi heldu die Etxeberriak; gizakia eta lurraren arteko harreman orekatuago baten bila egiten duten gaiei, hain zuzen ere. Egitasmo hau burutu ahal izateko, erakusketaz gain, dokumentalen proiekzioak, historia zaleekin topaketak, zuzeneko irrati saioa Cristina Enean eta Goizuetara (Nafarroa) egindako txangoa daude programatuak.

Hiru aretoko erakusketa

Asteko zazpi egunetan dago erakusketa ikusgai, eta argazki, koadro, grabatu, ilustrazio zein dokumentalak ikus daitezke, besteak beste.

Beheko aretoa ikuslea erakusketan murgiltzeko bide gisa aurkeztu du Etxeberriak. Izan ere, idazle errusiarrari erreferentzia egiten dioten argazkiak egoteaz gain, aipatutako literatur lanaren euskarazko eta gaztelerazko liburuak ilustratu dituzten Elena Odriozolaren marrazkiak ikus daitezke. Argazki eta marrazki hauek azalduz,Tolstoien irudi «mesianikoa» ekarri nahi izan du Etxeberriak gogora. Izan ere, komuna askoren inspirazio iturri izan dela adierazi du erakusketaren antolatzaileak.Marrazkiei dagokienez,anbizioak dakarren desastrea azaltzen dute alegiaren muinarekin bat eginez. Hauez gain, badira aretoan elkarren artean oso desberdin diren bi pieza. Horietako bat Dario De Regoyosen erromeria irudi bat da. Bestea, Etxeberriaren iritziz, «kontrapuntua» litzatekeena, Agentzia izeneko proposamena da. Textil baten inguruko asanblada azaltzea du helburu pieza honek Bulun-Bulun deituriko tribu bateko pintorearen arazoa izanik oinarri. Pieza horren historia dela-eta, hitzaldi bat antolatu dute Urrirako.

Bigarren solairuan dauden bi aretoetan dago erakusketaren «muina». Bertan, jabetza pribatua zalantzan jarri zuten komunen berri ematen da. Ezkerreko aretoan, hiru eremu bereiz daitezke. Hala ere, komisarioaren esanetan, badago horien artean lotura estua, izan ere, komunen hainbat bereizgarri azaltzen dira horietan. Komuna hauek orduko espiritu burgesari eta industrialismoari kritika eginez, natura egin beharreko buelta aldarrikatzen zuten: nudismoa, begetarianismoa... Bigarren eremuan, La Buena Vibra deiturikoan, bi aldizkari biltzen dira: The Whole Earth Catalog eta Ajoblanco. Lehena trukerako tresna zen. Honen bitartez, hainbat komunetako kideak harremanetan jartzen ziren. Bigarren aldizkaria, aldiz, 70eko hamarkadan sortu zen Herrialde Katalanetan da, eta «ezker klasikoari» kritika eginez, garrantzia berezia eskaintzen zien orduko komunei. Azken eremua espiritualtasunari eskainitakoa da; ezinbestekotzat baitzuten hori komuna guztiek. Bertan, kanpoko erreferentzietatik urrunduz, badago Durangon 1400 urtearen inguruan egondako emakume komuna baten berri izaterik.

Eskuineko aretoa «laberintikoagoa» da, Etxeberriaren esanetan. Bertan, komunen egituren bi eredu kontrajarri, artista ikonoklasta batek egindako espainiar komunen billete ereduak, Charles Fourier utopistari egindako keinua, eta «bereziena» dena: Comuna Antinacionalista Zamoranari eskainitako gunea. Azken horren garrantzia azpimarratu nahi izan du Etxeberriak. Komuna hau ez zen fisikoki gauzatu, ideia bat besterik ez zen izan. Erakusketan, komunako kideek egindako esperientzia zinematografiko baten berri ematen da: Cervantesen Rinconeto y Cortadillo lanean oinarrituta, film bat egitea zuten buruan komuna kideek, baina Manuel Fraga Frankismoaren azken garaiko Informazio eta Turismo ministroak debekatu eta Sevillatik kanporatuak izan ziren. Modu horretan, «legez kanpo» egon den munduari egin nahi izan dio erreferentzia. Horren barruan, Euskal Herrira itzuli eta, XX. mende hasierako Alejandro Iturbe Aretxabaletako artzainari egin nahi izan dio omenaldia. Izan ere, «aguas y pastos libres» aldarrikatzen zuen gizon horrek nekazal eremuetan harresiak ezarri zituztenean.

Gisa horretan, inposatutako pribatizaziotik aldendu nahi izan zutenek bat egin dute Tolstoirekin Cristina Enea Fundazioko erakusketan.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.cristinaenea.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.