Bizkaiko I. Erromeria Eguna aurkeztu dute gaur Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak. Durangoko Udalarekin elkarlanean eta Berriaren babesarekin antolatu dute jaialdia, erromeriak ulertzeko ikuspegi ugariak bateratzeko. «Erromeria oso kontzeptu zabala da. Tuterako [Nafarroa] batek eta Barakaldoko [Bizkaia] batek, esaterako, ez dute berdin ulertuko», esan du Jon Gomez Garai Danok Pro taldeko kide eta Bizkaiko Erromeria Egunaren antolatzaileak. Lurraldetik lurraldera aldatzen den kontzeptu bat izateaz gain, helduek eta gazteek ezberdin antzematen duten zerbait ere bada erromeria, haren esanetan: «Orain dela ehunka urte, txistu batekin eta danbolin batekin egiten zituzten, herritar guztiak dantzan zirelarik. Kontzeptu horrek bizirik dirau, baina 18 edo 20 urte inguruko gazte bati galdetzen baldin badiozu, erromeria beste zeozer dela esango dizu», azaldu du Gomez Garaik. «Musika estiloari dagokionez, batez ere».
Erromeriak ulertzeko modu eta musika estilo horiek guztiek bat egingo dute urriaren 4an, Durangon. Behin betiko egitaraua zehazteko dago, baina 11:00etan emango diote hasiera jaialdiari, eta belaunaldi ugariri zuzendutako emanaldiak izango dira egun osoan. «Dantza plaza izango dugu Aikorekin, eta gazteentzako dantzaldia Esna Gazte taldearekin. Larrain dantza herrikoia eskainiko dute Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroek, eta, herri bazkariaren ostean, Luhartz taldekoekin kantuan ariko dira helduak. Aldi berean, gazteei zuzendutako kantaldia egingo dute Goazen-eko aktoreek», zehaztu du Gomez Garaik. Jaialdiari amaiera emateko, gainera, Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik «erromeria talde elektronikoek» hartuko dute oholtza, 22:00etan.
«Ez genuen soilik parrandarako jaialdi bat antolatu nahi. Erromeria lotune izanda, aberastasun eta jakintza kulturala transmititu nahi diogu jendeari»
JON GOMEZ GARAIAntolatzailea
Horrez gain, aspalditik kontzerturik eman ez duten hainbat musikari ikusteko aukera izango du publikoak; une horiek «oso politak» izango direla uste du Bizkaiko Erromeria Eguneko antolatzaileak. «Hain justu, Zabaleta eta Motriko trikitilari historikoak elkartzea lortu dugu, eta ordu erdiko kontzertua joko dute». Kepa Junkerarekin batera 1988an kaleratutako Infernuko hauspoa diskoa da Zabaletaren eta Motrikoren lanik ezagunena. Diskoaren izenburuak trikitiari egiten dio erreferentzia: «[Erromeriak egiteko] Txistua izan zen erabilitako lehen musika tresna. Txistuaren ostean, alboka etorri zen; albokaren ostean, trikitia. Infernuko hauspoa zeritzon horri, [diktadura garaian] dantza egitea debekatuta zegoenean ere jendea dantzan jartzeko boterea zuelako», kontatu du Gomez Garaik.
Kultur ekarpenak
Musika eta dantza, baina, ez dira izango jaialdiko eskaintza bakarrak. Euskal Herriko kultur ezagutza hedatzeko asmoz, zenbait hitzaldi eta tailer prestatu dituzte antolatzaileek. «Ez genuen soilik parrandarako jaialdi bat antolatu nahi. Bizkaiko Erromeria Egunarekin ekarpen bat egin nahi diogu Euskal Herriari. Erromeria lotune izanda, aberastasun eta jakintza kulturala transmititu nahi diogu jendeari», adierazi du Gomez Garaik.
Batetik, Porrutik pikutara dantza tailerrak eskainiko dituzte Oier Araolaza antropologo eta dantzariak eta Gari Otamendi dantzari eta musikariak. Dantza.eus webgunearen sortzaileak ere badira, eta hitzaren eta dantzaren bitartez, erromerietan egiten diren dantzen eboluzioa landuko dute. Gontzal Carrasco trikitilariak, berriz, trikitiaren inguruko iruditeria kolektiboa nola aldatu den azalduko du. Izan ere, horren inguruko tesia argitaratu berri du. Eta, amaitzeko, Ane Albisu euskal jantzietan adituak erromerietarako eta euskal jaietarako buruko zapia nola jantzi behar den erakutsiko du. «Askotan gaizki janzten dugun hori era egokian jartzen ikasiko dugu», azpimarratu du jaialdiaren antolatzaileak.
Bizkaiko Erromeria Eguneko emanaldi eta ekintza guztiak doakoak izango dira, edatekoak eta jatekoak izan ezik.