Bjork, sustraietatik

Bjorkek azken urteetako gorabeherak islatu ditu 'Fossora' disko berrian, ohiko askatasunaz: maitasunaren bidez sendatzeko bidea, amaren heriotza mingarria eta Islandiari atzera lotzea.

Bjork musikaria, aurpegia estaltzen dion orrazkera batekin, argazki saio batean. VIDAR LOGI.
Andoni Imaz.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Artista peto baten obran, diskoen azalei begiratzea nahikoa izan liteke lan bakoitzaren inguruko giroari buruz zerbait jakiteko. Bjorkenek tarot karten itxura dute, haren esanetan. Ez dira pertsona bera Debut diskoko (1993) zuri-beltzeko azalean ageri den neska tolesgabea eta Post distiratsuko (1995) hiritar dinamikoa. Era askotako maskarek ezkutatu dute Medúlla-n (2004), Vulnicura-n (2015) eta Utopia-n (2017), zeharo desitxuratzeraino.

Fossora berriaren azalean, musikaria makurtuta ageri da, harro erakutsi ohi dituen orrazkera ikusgarri horietako batekin, perretxikoak biltzen ari dela; haren azpian, lur ilun baten gainean, elementu koloretsu batzuk zabaltzen dira, mundua organismo bizi baten gisa irudikatuz. Atzean utzi ditu Utopia-ko «aireko soinuak»; Fossora-n lurrera jo du, sakonera, sustraietaraino.

Diskoa baso trinko baten modukoa da, argi-ilunez betea, pasarte leunak zarata ozenaz zartatzen dituena. Bjorkek berak esan izan du Islandiari buruzko lan bat dela, han pasatu dituelako bi urte, itxialdia ezarri zutenez geroztik; «16 urte nituenetik ez dut hainbeste denbora igaro hemendik mugitu gabe». Horrek balio izan dio lur harekin duen lotura berresteko: «Sustraiak bota ditudala sentitu dut».

Bada Bjorken diskografia bitan banatzeko modu apetatsu bat: loratze handi baterako bidea da aurrenekoa, mende aldaketan lehertu zena, Homogenic (1997) eta Vespertine (2001) bikote laudatuarekin; eta hortik aurrerako guztia dago gero. Beste sei disko egin ditu, denak a letraz amaitzen diren izendunak. Interneteko foroetan zabaldutako bitxikeria bat da, eta, teoria batzuen arabera, emakumetasunaren aldarri bat islatu du musikariak horrela. Haren musikak ez dio, ordea, molde estu bati jarraitu, eta pop arrakastatsuan baino gehiago mugitu da etengabe aldatzen aritu den unibertso propio baten barruan.

Natura sendagai

Fossora-k hamahiru kanta ditu, eta ordubete eskas irauten du. Handitasun kutsu bat du Atopos lehen abestitik bertatik. Murmuri klarinete seikotearen doinuak eta Indonesiako Gabber Modus Operandi taldearen beat industrialak nahasten dira: «Ez bagara hazten kanpora, maitasunera/ barnera lehertuko gara, hondamendira./ Nire landarea ez bada iristen zugana/ barne leherketa bat zabalduko da denengana./ Argiari gehiegi jarraitzea ezkutatzeko modu bat da».

Istorio ilun bat kontatu zuen Vulnicura-n, banantze traumatiko bat. Oraingoan, berriz, sendatzeaz aritu da minaz baino gehiago, eta maitasuna hartu du horretarako ardatz. Utopia, tarteko diskoa, hondamendiaren ondorengo «Tinder diskoa» zela esan izan du Bjorkek, txantxetan. Azken urteetako ibilbide hori lotu izan du Homogenic-etik Medúlla-ra egin zuen bidearekin: «desamodioaz» kantatzetik abestietan «paradisu ideala» irudikatzera igaro zen urte horietan.

Bi kanta instrumental sartu ditu diskoan, elkarren osagarri izan litezkeenak: Mycelia arina eta Trölla-Gabba bortitzagoa. Ahotsean oinarritutako nahasketa berezi bat egin du bietan. Ahots hutsez kantatu du, bestalde, Fagurt er í fjördum Islandiako herri kanta.

Diskoko kanta nagusietako bat da Victimood, orkestraren eta soinu industrialaren giroko abesti bat, biktimismoari eta sakrifizioari buruzko hitzak dituena. «Sentitu nuen munduak maitasuna zor zidala», abestu du, besteak beste. Txori baten begirada izango da «zulo» horretatik ateratzeko modurik onena.

Bjorkek gai asko landu ditu diskoan, baina denak lotu ditu naturako elementuekin moduren batera, eta perretxikoek garrantzi handia dute kontakizun osoan, azaletik hasi eta kanta askotaraino; badago Fungal City izeneko kanta bat, gainera. «Espazioaz gozatzea da kontua. Horregatik erabili nuen perretxikoen gai hori. Eta perretxiko esaten dudanean, soinu bati buruz ari naiz batez ere. Sei klarinete baxu, nota baxuak... Dena dago azpitik diseinatuta», kontatu du NME aldizkarian egindako elkarrizketa batean.

Ama eta alaba

Disko osoan errepikatu duen ideietako bat da amarena ere. Musikariari 2018an hil zitzaion ama, Hildur Runa Hauksdottir ekintzaile ekologista. Kanta batean baino gehiagotan egin dio keinuren bat, baina bi omenaldi garbi daude: Sorrowful Soil eta Ancestress. Badute desberdintasun bat, eta horrek eragina du bien tonuan: ama hil aurretik idatzi zuen bata, eta ondoren bigarrena.

Islandiako musika tradizionalaren bidetik konposatu du Sorrowful Soil. «Emakume batek bere bizitzan/ 400 arrautza jartzen ditu/ baina soilik bi edo hiru habia», abestu du, Hamrahlid emakumeen abesbatzaren laguntzaz. Kanta solemne bat da, eta hitzetan ageri dira amaren sakrifizioa, nihilismoa eta «ehun emozionala».

Omenaldi pertsonalagoa da Ancestress. Sokazko tresnen doinuak ditu oinarrian, kanpai hotsak entzuten dira tarteka, eta Sindri Eldon semeak kolaboratu du Bjorkekin. Ama-alaba batzuen urteetako harremana islatzen dute hitzek. Gaixotasuna ageri da, batetik: ospitaleak eta taupada-markagailuak, denboraren joana... Umorez ere bai, tarteka. «Dislexia, azken forma librea», abestu du, kontatzean amak «hizkuntza propio bat» sortu zuela «hitzak asmatuz». Zalantzak eta beldurrak ere hor daude, ordea: «Zigortu gintuzun joan egin ginelako?/ Seguru min eman genizula?/ Ez bizitzea, hori al zen?».

Bjorkek Isadora Bjarkardottir alabarekin abestu du diskoko azken kanta, Her Mother's House, diskoarekin batera, amatasunaren gaia biribiltzeko: «Ama baten etxeak/ gela bat du ume bakoitzarentzat/ bere bihotzaren/ barnea erakusten du soilik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.