Musika. A cappella

Björk

2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Oso ondo gogoratzen dut:1996ko iraila zen, eta ni Tolosako kale batetik nindoan yogako ikastarora; kale estu hartan musika-denda txiki bat topatu nuen, eta beti bezala, erakusleihoko diskoei begiratu bat bota nien. Hantxe zegoen Björk izeneko artista baten lan berria, Homogenic. Bitxia zen azala: Björk bera azaltzen zen, itxura japoniarra zuen arropa jantzita eta bi motots buruan zituela. «Zein kristo ote da neska hau?», galdetu nion neure buruari, eta gehiago pentsatu gabe, dendara sartu eta diskoa erosi nuen.

Yogako klasea amaitzean —eskerrak amaitu zela, oso aspergarria iruditu baitzitzaidan—, gogo bizia nuen trena hartu eta etxera iristeko, disko hark eskaintzen zidana dastatzeko. Bihotzeraino iritsi zitzaidan, lehen entzunaldian ia. Gero ohartu nintzen, abestien izenburuak irakurtzen, nola abesti batek Joga izena zuen;irribarre ironiko batekin zera pentsatu nuen: «Ikastarora joan ordez, disko hau entzun beharko nuke, erlaxatzeazgain emozio gehiago ere sorrarazten dizkidalako».

Joan nintzen yogako klase batzuetara, bai, baina alferrik: esperientzia hark ez zidan ezer sentiarazten.

Handik aurrera, Björki buruzko informazioa arakatzen hasi nintzen: 1965ean jaioa, Reykjaviken, familia hippy batean hazia eta hezia, sei anai-arrebaduna,kantautore eta konpositore islandiarra, 15 urterekin musika eskolan graduatua (pianista klasiko moduan), The Sugarcubes taldean aritua eta, ondoren, Londresera bakarrik joan zena.

Björken lehen diskoak Debut (1993) izena zuen. Venus as a Boy abestiaren bideoklipa MTV telebista-katean bota zuten! Bazirudien, bai, nahiko emakume berezia; ez ahotsagatik bakarrik, bere posea ere hain zen bitxia, hain naif-a —haur bat zirudien askotan—. Emakume hau benetan berezia zen, ez nuen askoz gehiago behar izan bere fan bihurtzeko.

Ondoren, Post atera zuen, 1995ean, baina ni bereziki Homogenic (1997) diskoarekin maitemindu nintzen. Zaila da Bachelorette bezalako mega-pop abestiek oilo-ipurdia ez jartzea! Hura indarra eta pasioa… Ondoren, Vespertine (2001) kaleratu zuen, abesti xuabeagoek osatua.

Eta 2004an niretzat klasiko bat den Medúlla atera zuen. Ahots diskoa deitzen diot, koru islandiarra eta ingelesak lagunduta, beat elektronikoen ukituarekin, barru-barruraino sartzen den diskoa da —medúlla hitzak esentzia esan nahi du—. Pena bat izan zen disko horrekin birarik ez egitea. Geroago izango zen, 2007an, Volta kaleratu zuenean, Bilboko Guggenheimera etorri zela kontzertu bat ematera. Volta ez zitzaidan askorik gustatu, eta kontzertura ez joatea erabaki nuen, sarrera garestia zelako. Gero esan zidaten bezala, Homogenic-eko abesti asko jo zituen. A ze tristura hura jakitean…

Hurrengo diskoaren zain egotea besterik ez zait gelditzen; Biophilia izenarekin aterako omen du, aurten. Ea gurera etortzen den, jada hasi naiz eltzetxoa betetzen eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.