«'Bluesman'» baten poemak

Patxi Ezkiagaren poesiatik musika darien piezak aukeratuta, Balea Zuria argitaletxeak 'Blues bat bizitzari' antologia osatu du. Poemen laurdenak aurrez argitaratu gabeak dira

Pello Otxoteko, Zelai Amenabarro eta Felipe Juaristi, atzo, liburua aurkeztu aurretik, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Asko idatzi zuen Patxi Ezkiagak (Legorreta, Gipuzkoa, 1943 - Irun, Gipuzkoa, 2018) bere bizitza osoan, eta literaturan ia arlo guztiak landu zituen; tartean, poesia, narratiba eta saiakera. Iragan ekainean zendu zen Ezkiaga, poema bilduma zabal bat utzita, besteak beste. Eta bilduma horretako poemen artetik «musika dutenak» hautatuta, Blues bat bizitzari antologia osatu du Balea Zuria argitaletxeak. Liburua atzo aurkeztu zuten, Donostian, Felipe Juaristik eta Pello Otxotekok, argitaletxeko kideek; Zelai Amenabarro Legorretako alkatea ere aurkezpenean izan zen, udalaren babesa izan baitu argitalpenak.

Bere beste hainbat alderdiren artean, Juaristik gogora ekarri zuen Ezkiaga oso musikazalea zela eta aho soinua jotzen eta kantuan ere aritzen zela, eta zaletasun hori bere poemetan nabaria dela. Halaber, esan zuen haren poesian «hiria» ez dela izan oso ohiko gaietako bat; gehiagotan idatzi izan zuela naturari, paisaiari begira. Antologia berrian, baina, «bereziki gizarteari zuzendutako poemak» bildu dituztela adierazi zuen. Madrilen egon zeneko poemak ere bertan daude, adibidez. «Hemen, nolabait, haren begirada hiri handia da, hiriko bizimodua, kutsadura, asfaltoa, bluesa». Bluesekin batera, Ezkiagaren sonetoak ere berreskuratu dituzte. La Salleko kongregazioko anaiek argitaratu gabeko hainbat liburu utzi zizkieten, eta bertako zenbait poema liburura eraman dituzte; hain zuzen, liburuko poemen %20-25 aurrez argitaratu gabeak dira. Askotariko piezak badaude ere, liburuak «batasun bat» duela uste du Juaristik, eta hori bere «doinua» dela. «Liburu honek musika dauka hasieratik bukaerara». Juaristiren testu bat ez ezik, Maixa Zugastik idatzitako beste bat ere jaso dute liburuan.

Ezkiaga artean bizirik zela hasi ziren antologia prestatzeko lanetan argitaletxeko kideak, Otxotekok azaldu zuenez. «Pentsatu genuen merezi zuela omenaldi bat egitea eta antologia bat osatzea». Harreman estua izan zuen berak Ezkiagarekin, eta poemak aukeratzen parte hartu nahi ote zuen galdetu zion idazleari, baina hark argitaletxeko kideen esku utzi zuen langintza hori. Haren obra aztertzen ari zirela, konturatu ziren askotariko alderdiak zituen idazle bat zela Ezkiaga: mistikotasuna, naturaren mirespena, musikazaletasuna... Poema «urbanoak» bazituela ere jabetu ziren, eta baita erotikoak eta satirikoak ere. «Beste Patxi bat» deskubritu zuten, azken batean. Eta gizarteari eta musikari lotutako piezak hautatu zituzten bildumarako.

Ezkiagari bisita egiten Donostian izan zen azken aldiko pasarte bat ere ekarri zuen gogora Otxotekok. «Ordubete inguru paseatzen egon ondoren, atseden hartuko genuela esan zidan, eta niretzat zerbait prestatu zuela. Eseri ginen, harmonika atera zuen, eta abesti bat egin zuen. Amets batean bezala sentitu nintzen bat-batean. Eta han konturatu nintzen, poetaz gainera, Patxi bluesman bat zela, bere izateko eran bluesman bat zela».

Musikazaletasun eta izaera horren erakusle dira liburuan bildutako poemak, hainbatek izenburutik bertatik erakusten dutenez: Chick Corea-ren jazza entzutean; Loiolako bariantearen balada; Blues gutako batentzat; Blues inozentzia galduari; Blues igande egunsenti batetarako; Blues Cacereñoak... Hainbat musikari aipatzen ditu beste poemaren batean: tartean, Lete, Llach, Theodorakis... Eta «Lili Marlene doinuaz kantatzeko» oharra dute aldean beste gutxi batzuek. «Musika asko dago haren lerroetan, musika pausatua, eztia eta alaia. Esperantza purua darion musika da haren poesia», Otxotekoren hitzetan. «Gure poesiaren bluesman autentikoena da Patxi. Zeren Patxik ongi baitzekien bereizten partitura, hau da, hitza, eta soinu interpretatuak, hots, sentipenak, baina era berean elkartzen, uztartzen eta batzen. Eta hori guztia jazzaren eta bluesaren akordez horniturik paperean gauzatzea lortzen du lerro poetiko gisara».

Ezkiagarekin literaturaz sarri hitz egiten zuela eta oso pertsona jantzia zela ere azaldu zuen. «Nik uste dut Patxi dela, neurri batean, euskal poesian tradizio zaharretik datorren azken poeta. Ondoren, modernitatea buru-belarri sartu zen, eta bera modernitatean itsatsia zegoen; jakina, liburu hau horren adibide da, baina bazuen antzinakoekin oso lotura estua. Klasikoak oso ondo menderatzen zituen, ingelesak, euskaldunak eta beste literaturetakoak».

Pertsona oso sentibera zela uste du Otxotekok, eta haren poesian zauria dela hitz gakoetako bat. «Bizitzaren zauriak ongi baino hobeki identifikatzen zituen berak. Haren begirada arakatzailea zen, eta alaia, oso alaia; ilusioaren bluesa zerion bere begiradari».

«Oso maitatua»

Iazko udaberrian, Urrutiko lur hauek liburua plazaratu zuen Legorretako Udalak, zeinetan umetako oroitzapenak poema bihurtu zituen Ezkiagak. Publikazioarekin batera, omenaldia ere egin zioten herrian idazleari. Udalaren izenean, argitalpen berria laguntzea «ohorea» izan dela adierazi zuen Amenabarrok. «Patxiren literaturan pisu handia izan du Legorretak, eta hura ere oso maitatua da gure herrian». Hala, argitaletxeari eskerrak eman zizkion alkateak, «lan mardula egin ondoren haren poemez gozatzen jarraitzeko aukera emateagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.