Bob Marleyk abesti bihurtu zuen Jamaika

Bob Marley reggae kantari ezaguna erailtzeko saioa du abiapuntu eta oinarri Marlon James idazlearen 'A Brief History of Seven Killings' nobelak. Lan horri esker, Man Booker saria jaso du aurten egileak.

Marlon James, Man Booker saria jasotzen, urriaren 13an. S / EFE.
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Vidiadhar Surajprasad Naipaulen Middle Passage (1962, Erdibideko pasabidea) nobelan Karibera, hots, jaioterrira egindako «itzulera» bidaian tokikoen ahots aniztasuna entzunda egileak sentituriko pozezko akidura azaltzen zaigu. Guraso eta aitona-amonen lehen pertsonan kontaturiko istorio eta pasarteekin alderatuta, askozaz aberatsagoa iruditzen zaio bertatik bertara ezagutzen ari den errealitatea. Bat zuri-beltzez ikustera ohitu den paisaia lehen aldiz koloretan ikustea bezalakoa da. Naipaulen aipua aintzat hartuta, Marlon Jamesen A Brief History of Seven Killings (2014, Zazpi hilketen historia laburra) lanean taxi gidari batek atzean daraman bidaiariari esaten dio: «Ni bezala denboratxo bat hemen bizi izan zarenean bakarrik jakin dezakezu zer-nolako animalia den». Animalia, kasu honetan, Jamaika da. Naipaulen kontakizunean bezala, milaka ahotsez mintzo da hau, baina taxi gidariak ez luke animalia moduan deskribatuko uhartea. Are gehiago, Naipaulen liburuko deskribapenek herrialdeari justiziarik ez diotela egiten esango luke. Ederrak bezain gezurrezkoak dira azaltzen dituen hiri eta herriak. Azken batean, West Kingston arras itsusia da, hala uste dute taxi gidariak eta bertan bizi diren guztiek. Ez da umiltasun kontua, baizik eta egia biribila.

Animalia baino gehiago piztia bat da A Brief History of Seven Killings lanak azaltzen duen Jamaika, bertan bizi direnak irentsi egiten dituen piztia. Stephanie Blacken Life and Debt (2001, Bizitza eta zorra) dokumentalak uhartearen erretratu gordina eskainia zigun lehendik. Antiguan oraindik ere, independentzia lortu eta gero, nabaria den kolonialismoaren eraginaren gainean Jamaica Kincaidek idatzitako A Small Place (1988, Leku txiki bat) testu bortitza oinarri hartuta, Blackek banan-banan azaltzen dizkigu Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren konplizitatearekin nola zorpetu duten Jamaika AEBek eta, oro har, Mendebaldeak kolonialismo garaitik hona. Life and Debt-en, beraz, nazioarteko interes ekonomikoen menpe dagoen uharte txikia da Jamaika. Adineko rastafari irribarretsuak eta kaletik oinutsik dabiltzan begirada dirdiratsuko umeak turista zuri aberats arduragabeei kontrajarrita azaltzen zaizkigu, atzean reggae doinuak entzun daitezkeela. Jamesen nobelan, ordea, ez zaigu halako klixerik erakutsiko. Kolonialismoa, berria zein zaharra, hala izendatzerik badago, hortxe dago, CIAren gainbegiradapean, baina haren alderdirik ilunenean.

Gertaerak bere horretan azaldu beharrean, hainbat ahotsek (75 gutxi gorabehera, haietako batzuk benetako pertsonengan oinarrituta) beren buruari edo beste norbaiti kontatu edo esandakotik abiatuta osatu behar ditu irakurleak, puzzle bateko piezak bailiran. Nobela hasieran Sir Arthur Jenningsek, eraildako politikari jamaikarrak aipatzen duen bezala, «hildakoek ez diote inoiz hitz egiteari uzten» eta gertatzen da A Brief History of Seven Killings-en: dela bizirik jarraitzen dutenen bidez dela atzean utzitako aztarnen bidez iraganeko zein orainaldiko krimenen biktimak oso presente daude, gobernuak krimenik egon zenik ere ukatu arren.

Krimen mota ugari

Krimen mota ugari dago nobelan, eta haietako asko drogekin lotuta daude. Liburuan azaltzen den gaizkile bandarik arriskutsuena,neurri batean, Shower Posse taldearen nondik norakoetan oinarrituta dago. 1960ko hamarkadan Kingstonen mugitzen ziren drogen monopolioa zuen bandak, eta hurrengo urteetan AEBetara zabaldu zen haren eragin-eremua. 1980ko hamarkadarako New Yorkeko eta Miamiko krak merkatuaren gaineko erabateko kontrola zuen. Nobelan, Medellin karteleko Griselda Blancorekin tratuan ere badabiltzala iradokitzen zaigu.

Gobernuaren jarrera droga taldeekiko lehiazkoa izan zen prebentziozkoa baino gehiago. Kolonbia eta Jamaikako drogaren jauntxoak negoziazioetan zeuden bitartean, Jamaikako lehen ministro Edward Seagak eta bere alderdiak, Jamaikako Alderdi Laboristak, Tivoli Gardens behe-auzo gatazkatsuan (nobelan Copenhagen City bezala agertzen da) ordena ezartzeko bandak erabili zituzten. Bai Jamaikako Alderdi Laboristak zein oposizioak, Jendearen Alderdi Nazionalak, banda armatuak zituzten euren zerbitzura, behe-auzoen gaineko kontrola zuenak Kingstonen jaun eta jabe baitzen, eta Kingstonen nagusi zenak hauteskunde orokorrak irabazten zituen.

Herrialdeko bi alderdi nagusiek sustaturiko banden arteko gerrak pobrezia eta neurrigabeko indarkeria areagotu zuen. Horixe da Bob Marleyk, nobelan Abeslaria gisa azaltzen dena, abesti bihurtu zuen herri oso baten trauma. 1976an, gatazka gori-gori zenean, Kingstonen bakearen aldeko doako kontzertua antolatu zuen abeslariak. Kontzertuaren egunean bertan, saioa hasi aurretik, Marley hiltzen saiatu ziren. Abeslaria zaurituta gertatu zen, baina kontzertuan parte hartu zuen hala ere. Saioa amaitu eta berehala alde egin zuen, eta bi urtez ez zuen Jamaikan oinik jarri. Erasotzaileak ez ziren inoiz epaituak izan, eta zehazki nortzuk ziren argitu gabe dago oraindik. Nobelak gertaeraren gaineko bere hipotesia dakar, izenburuko zazpi hiltzaileekin zerikusia duena. Urteek aurrera egin ahala banan-banan hiltzen joango dira, partaide diren indarkeriaren biktima.

A Brief History of Seven Killings nobelak Man Booker saria irabazi du aurten. Jamaikako idazle baten lanak saria jasotzen duen lehen aldia da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.