Elgetako bohemioa. Pablo Urangak 1907. urtean bere buruari egindako erretratuaren izena eta irudia baliatu ditu Gasteizko Arte Ederretako Museoak pintore horren omenezko erakusketa egiteko. Margotzen ari dela, txapela buruan, harrera egiten die bere lanaren sorta adierazgarria biltzen duen erakusketako bisitariei. Joan den ostiralean inauguratu zuten erakusketa, eta irailaren 16ra arte egongo da ikusgai.
«Gasteizko pintore honen lana bere handitasunean berreskuratu dugu, duela hogei urte ez zelako erakusten», arrazoitu du Sara Gonzalez de Aspuruk, Arabako Arte Ederretako Museoko teknikari arduradunak. 1861. urtean jaio zen Gasteizen, eta Donostian zendu 1934an. Margolaria «ahaztuta» egon dela uste du, eta «bidegabea» dela iruditzen zaio haren lana gehiago ikusi ez izana. «Genero guztiak ukitzen asmatu duen pintorea da, formatu eta teknika guztiak, eta artista guztiek ez dute gaitasun hori».
Ana Arregik, erakusketako bi komisarioetako batek, «pintore grinatsutzat» jo du Uranga. «Kolorearen erabileraz arduratuago egon zen marrazketagatik baino, nahiz eta zenbaitetan arlo hori menderatzen zuela erakutsi». Parisen emandako denboran inpresionismoarekin eta bestelako abangoardiekin harremana izan arren, Arregik azaldu du Urangaren lanetan pisu handia duela Espainiako ohiko tradizioak. «XIX. mendeko beste artisten lanak ere eragina izan zuen Urangaren lanean, Goya, Eugenio Lucas edo Alenza esaterako».
Koloreari dagokionez ere Urangaren ibilbidea ikus daiteke erakusketan. 1889. urtean Parisera joan zen, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) pintore batzuekin harremana izan zuen. Arregik azaldu du harreman hori hasierako artelanetan antzeman daitekeela, «argi gehiago» zuten lanak egin baitzituen. «Denboraren poderioz argitasuna galdu, eta gustukoago zuen paleta zehaztu zuen: kolore okreak, lurraren koloreak...».
Erakusketan Urangaren 70 margolan inguru bildu dituzte, eta horietako asko Gasteizko Arte Ederretako Museoko bilduman zeuden. Gonzalez de Aspuruk gogorarazi du bilduman dauden artisten historia ikertzeko, eta horietan sakontzeko grina duela museoak. Pablo Urangaren kasuan grina horri artistaren garrantzia gehitzen zaio, eta duela urte batzuk buruan zegoen egitasmoa zela gaineratu du. Hain zuzen ere, erakusketa iaz egiteko asmoarekin hasi zuten ikerketa, margolaria omentzeko haren jaiotzaren 150. urteurrenean.
Gaien araberako banaketa
Museoko lanez gain beste erakunde eta bildumagile batzuek museoari utzi dizkioten lanak ere Arte Ederren museoan daude ostiralaz geroztik. Margolan horietako batzuk ezezagunak zirela gogorarazi du Gonzalez de Aspuruk, eta lan batzuen ibilbide historikoa erakusketari esker argitu dela gaineratu. Hondarra Nimesen margolana da horietako bat. Izen hori zuen margolan bat Urangaren lehen bakarkako erakusketan egon zela jakina zen, Le Barc Bouteville galerian (Paris, Frantzia) 1987an. Ordea, inork ez zekien nolakoa zen margolan hori. Erakusketa egiteko ikerketari esker zalantza hori argitu ahal izan dute.
Erakusketa gaien arabera banatu dute. Erretratuak, paisaiak, zezenketekin lotutako irudiak, Euskal Herriko zein beste leku batzuetako irudi kostunbristak, margolan erlijiosoak eta pintura historikoa. Alor bakoitzean Urangak bere kabuz marraztu zituen lanak eta agintzen zizkiotenak elkartu dituzte, pintura historikoan esaterako. Horrez gain, museoaren sarreran bertan areto txiki batean margotutako oholak kokatu dituzte. «Paisaien zirriborroak dira batez ere, naturarekiko zuen maitasunaren adierazgarri».
Erakusketan 70 margolan inguru bildu badituzte ere, erakusketarako egin duten ikerketan kontuan hartu dituzte Urangak egindako horma irudiak ere. Hain zuzen ere, horma dekorazioan lan adierazgarriak egin zituen, hainbat eliza eta komentutan. Horien artean Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Bilbokoak daude, besteak beste. «Freskoak zein zuzenean horman margotutako irudiak egin zituen; lan hori ezin izan dugu erakusketara ekarri, baina lan sakona egin dute horren harira».
Ikerketa horren barruan orain arte ezezagunak ziren datuak bildu dituzte. Uranga Azpiri familiarekin izandako harremanari esker, besteak beste, artistaren gutun liburu bat ikertzeko aukera izan dute komisarioek. Bi urteko ikerketa lana izan da, Urangaren jaiotzaren 150. urteurrena buruan. Ordea, urte bat gehiago itxaron behar izan arren, ostiralaz geroztik ikus daiteke Elgetako bohemioaren lana
«Bakarleku espirituala»
«Erakusketaren izena nahasgarria izan daiteke», ohartarazi du Gonzalez de Aspuruk. Elgetako bohemioa izenburua bitxia izan daiteke Gasteizen jaiotako pertsona bati buruko erakusketa batean. Bitxikeria hori Pablo Urangaren bizitzaren ezaugarria da, ordea. Ana Arregik gogorarazi nahi izan du Gipuzkoako herri horrek margolariarentzat izan zuen garrantzia. «Elgeta Urangaren bakarleku espirituala izan zen».
1898 eta 1906 artean bertan bizi izan zen, eta Arregik azaldu du herriko bizimodura «bikain» egin zela. Parisen arrakasta lortzen ari zen unean erabaki zuen Urangak Elgetara itzultzea, eta ordura arte beste leku batzuetako ohiturak islatzen zituen, baina Euskal Herriko ohiturak islatzen hasi zen, herri kiroletatik elizkizunetara arte.
Gasteizen jaio, eta Elgetarekin harreman berezia izan zuen arren, Urangak hamaika lekutan landu zuen bere ibilbidea. Jerez de la Fronteran eta Madrilen (Espainia) ikasi zuen Parisera joan aurretik. Donostian zendu zen.
Bohemioa, azalera
Pablo Urangaren 70 margolan bildu ditu Arabako Arte Ederretako museoak; haren azken erakusketa duela 20 urte egin zenBi urteko ikerketen emaitza da erakusketa; Urangaren horma irudiak ere ikertu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu