Hegazkin naziek bereizi gabe ezker-eskuin jaurtiriko bonbek ez zuten 6 urteko ume haren bizia itzali. 80 urterekin zendu da Jose Antonio Arana Martija (Gernika, 1931), artean bibliografo, musikologo eta euskaltzaina zela. Kultur eragile zaildu, eskarmentudun, miretsi eta omendua. Francok Gernika txikitu zuen egun berberean, apirilaren 26an joan da, 74 urte geroago, hainbeste maite zuen herria egun zorigaitzez sufriturikoa oroitzen ari zela. Gaur egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, Gernikako Andra Mari parrokian, 19:00etan.
Lan eskerga egin, eta liburu eta artikulu samalda argitaratutakoa izanik, omenaldiak errenkan jaso zituen, batik bat azken urteetan. Eusko Ikaskuntzak 2010eko Manuel Lekuona saria eman zion, «mende erdi luzean izandako euskal kulturarekiko konpromiso eta lanaren onarpen gisa». Alabaina, ez du jasotzerik izango, ekitaldia udaberrion egitekoak baitziren.
Arana Martijak 6 urte baino ez zeuzkan sorterria atzean utzita Frantzian erbesteratu zenean. 1939an itzuli zen, eta Gasteizko apaiztegian Humanitate eta Musika ikasketak egin zituen. Zuzenbidea ikasi zuen Deustun, 1954an; eta Ekonomian lizentziatu zen gero, Bilbon. Enpresa lanean hasi zen.
Formica Españolan komertzial zebilela, Euskal Herria ezagutu zuen, punta batetik bestera. Ondorengo jardunean garrantzi handia izan zuen horrek, Arana Martijak berak zioenez. Orduan indartutako bideak ez zuen inoiz etenik izan.
1963an Gernikako Astra lantegian hasi zen lanean, harik eta 1978an Euskaltzaindiak Azkue Bibliotekako arduradunorde gisa kontratatu zuen arte. Urtebete geroago izendatu zuten euskaltzain urgazle, 1979an. Eta 1988an izendatu zuten euskaltzain oso, Xabier Kintanaren aldeko hautagaitzari lau botoz gailendu ostean. Bestela izan ezin zitekeenez, Gernikan egin zuen sarrera hitzaldia, Euskaltzaindiko aulkien historiaz hurbiltze bat izenburupean. Aita Villasantek erantzun zion.
Politikagintzan zein koraletan
Euskaltzaindiko zuzendaritzako kide ere izan zen, baita horrenbeste miresten zuen Azkueren izena daraman bibliotekako buru ere. «Euskal Herrian ez da inoiz egon, ezta egongo ere, euskararen eta euskal kulturaren alde Azkuek beste lan egin duenik», zioen irmo. Azkueri buruzko liburu bi idatzi zituen. 2007an Euskaltzaindiari eman zion bere biblioteka.
Halaber, Euskaltzaindiko diruzain izan zen, 1988tik 2003ra. Eta 2006an euskaltzain emeritu izendatu zuten, 75 urtetik gorakoa zenez gero. Lanean segitu zuen, alabaina. Euskaltzain oso izendatu zutenean esan zuen Euskaltzaindian «lan handia» zegoela egiteko, eta horretan eman ditu bere bizitzako azken urteak ere, Azkue bibliotekaren batzordeko buru, besteak beste. Herriari emana baino ez zuen konprenitzen bizia.
Aurrena enpresako eta ondoren Euskaltzaindiko jardunarekin tartekatu zituen musika, euskara, historia, folklorea eta dokumentazioaren inguruan ondutako hainbat ikerlan. XX. mendeko euskal musikaren ikerketan eta dibulgazioan lan nabarmena egin zuen. Horren ondorio da 1976an plazaratutako Música Vasca liburua, ondoren hainbatetan argitaratu dena. Musikarako zaletasun horren arrastoa Gernikan ere utzi zuen. Santa Zezilia eta Gernikako Andra Mari koralak sortu zituen. Eta euskal kantuz osaturiko lau disko grabatu zituen Bartzelonan, Bogamazua zortzikotearekin. Gernikako Seber Altube ikastolaren sortzaileetako bat ere izan zen. Eta frankismoan kartzelan izan ostean, politikagintzan jardun zuen. ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen; 1977an, Gernikako zinegotzi, eta 1977-1979an, Bizkaiko batzarkide.
Bonbek eten ezin izan zuten bidea
Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina hil da, euskal musikografiaren oinarriak landu eta bibliografian lan joria osatu ondorenEuskaltzaindiko bibliotekako buru izan zen, eta historia eta folklorea ikertu zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu