Zinema estreinaldiak

Borroka eta kolpe artean kontatutakoak

Indiar jatorriko Dev Patel aktore ingelesak idatzi, zuzendu eta antzezten duen lehen film luzea da 'Monkey Man', mendeku bila dabilen gazte bati buruzko akzio filma.

'Monkey Man' filmeko fotograma bat.
'Monkey Man' filmeko fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko apirilaren 10a
05:05
Entzun

Yatana hiriko (Indian kokaturiko fikziozko hiria) underground borroka zirkuituan dabilen gaztea da Kid, diruaren truk borroka guztiak nahita galtzen dituena. Tximu maskara bat buruan jarria duela egiten du borroka, Hanuman jainko hinduaren omenez. Gaztearen amak Hanumani buruzko istorioak kontatzen zizkion txikitan, Poliziak herria erre eta Kiden lagun eta ama hil zituen arte.

Mendekua nahi du orain Kidek. Hiriko elitea biltzen den klub batean lortuko du lana, ama erail zuen poliziarengandik gertu. Zoritxarreko lehen borroka baten ondoren, Kid hijra komunitate batean (garai bateko hirugarren generoko pertsonak, egun marjinatuta bizi direnak) babestuko da, entrenatu eta hurrengo borrokarako prestatzeko.

Dev Patelen antzerkirako interesa eskolan hasi zen. Bertako antzerki taldeko kide zen, eta hainbat obratan parte hartu zuen, eta bere lanarekin sari ugari irabazi zituen. Profesionalki, 16 urte zituela iritsi zitzaion lehen aukera: Skins telesail ingeles arrakastatsuan. Bertan Anwar gaztearen rola antzeztu zuen, bere erlijioa oso serio hartzen ez zuen eta drogetan eta sexuan interes handiagoa zuen nerabearena. Lan horrek Danny Boyle zinemagileari atentzioa eman zion, indiar jatorria zuen gazte baten bila baitzebilen bere lan berrirako. Slumdog millionaire filmak eman zion mundu osoan ospea Pateli. 18 urte zituen, eta Bafta, Critics Choice Awards, Bifa eta AEBetako kritikarien sariak irabazi zituen bere lanagatik. Ondoren iritsi ziren The Newsroom telesaila, The Best Exotic Marigold Hotel, The Man Who Knew Infinity eta Lion proiektuak. Patelek aitortu izan du zaila dela asiar jatorriko pertsona batentzat protagonistaren lagun graziosoaz haratago doazen pertsonaia interesgarriak topatzea.

Zuzendari gisa, 2018an egin zuen bere estreinako lana: era guztietako tresna eta produktuak saltzen dituen telebista kate batean babesa topatzen duen emakume bati buruzko laburra. Patelek, ordea, txikitatik izan du akziozko filmekiko maitasuna: Bruce Leeren filmak eta akziozko film indonesiar eta korearrak zituen gogokoenak, baita John Wick frankiziak ere, eta Monkey Man genero horri eskaini nahi izan dion lana da.

Monkey Man ez da, ordea, ohiko akzio filma. Argumentu sinplea duen arren (mendekua nahi duen gizon baten gorabeherak), Patelek kritika egin nahi izan du bere lehen filmarekin: komunitate azpiratuek jasaten duten tratua, erlijio eta kultura ezberdintasunek eragiten dituzten botere dinamikak, kasta sistemaren biolentzia. Indian filmatutako istorio exotikoa kontatu baino gehiago, bere jatorriarekin harremanetan dagoen zinemagile baten ikuspuntua erakutsi nahi izan du egile ingelesak, horren maite duen generoari geruzak gehituz.

'MONKEY MAN'

Beste estreinaldi batzuk

'HLM Pussy' filmeko fotograma.
'HLM Pussy' filmeko fotograma.

'HLM Pussy'

Zuzendaria: Nora el Hourch. Gidoilariak: Nora el Hourch, Eleonore Gurrey, Sara Wikler, Raphaelle Richet, Violaine Bellet, Nathalie Saugeon. Aktoreak: Berenice Bejo, Medina Diarra, Leah Aubert. Argazkia: Maxence Lemonnier. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Frantzia.

Jatorri sozial desberdinak dituzten arren, Amina, Djeneba eta Zineb nerabeak lagun minak dira, txiki-txikitatik. Zinebek anaiaren lagunik onenaren jazarpena jasaten duenean, Aminak sare sozialetan bideo konprometitu bat argitaratzea erabakiko du, jazarpena amaitzeko itxaropenarekin. Baina bideo horrek, bere segurtasuna arriskuan jartzeaz gain, bere adiskidetasuna ere kolokan jarriko du.

'Love Lies Bleeding'

Zuzendaria: Rose Glass. Gidoilariak: Rose Glass, Weronika Tofilska. Aktoreak: Kristen Stewart, Katy O'Brian, Ed Harris. Argazkia: Ben Fordesman. Generoa: Thrillerra. Urtea: 2024. Iraupena: 104 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak

Jackiek kulturista gisa arrakasta lortu nahi du, eta Las Vegasera joango da lehiaketa batean parte hartzera. Bidean, Mexiko Berriko herri txiki batetik igaroko da, eta Lou ezagutuko du, bertako gimnasioko kudeatzaile bakartia. Louren aita arma trafikatzailea da. Jackie eta Lou maitemindu egingo dira, baina haien harremanak indarkeria eragiten du, eta bikotea Louren familiaren azpikerietan murgilduko da.

'El salto'

Zuzendaria: Benito Zambrano. Gidoilaria: Flora Gonzalez Villanueva. Aktoreak: Moussa Sylla, Edith Martínez Val, Nansi Nsue. Argazkia: Alex de Pablo. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Espainia

Ibrahim Ginea Konakrytik iritsi zen Espainiara, eta, orain, haren bizitza eta familia Madrilen daude. Poliziak, atxilotu, eta sorterrira deportatuko du, bizileku baimenik ez izateagatik. Ibrahimen helburu bakarra Espainiara itzultzea izango da. Afrika zeharkatu ondoren, Afrika eta Europa arteko errefuxiatu gune batean geldituko da. Han, Aminata ezagutuko du, hesitik salto egin eta Espainian sartzeko erabakia hartu duen neska.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.