Bortxaketa bat antzerki bidez mendekatzea

Atx Teatroaren 'Tomiris' antzezlanak indarkeria matxista du ardatz. Gaur estreinatuko dute, Gasteizko Baratza aretoan

Inigo Astiz
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Kontatu dezaket nik hau?». Berta-bertatik ezagutu zuen umetan bortizkeria matxista Iñaki Ziarrusta antzerkigile eta Atx Teatroko kideak, eta bazeramatzan bi urte gai horri buruz antzezlan bat egiteko ideiarekin bueltaka, baina, gizon izanik, behin eta berriz itzultzen zitzaion galdera hori, blokeo egoera moduko batera iristeraino. «Sentitzen nuen ez neukala eskubiderik horretaz hitz egiteko, neu ere, neurri batean, problemaren parte naizelako. Baina gero argi ikusi nuen neure historia pertsonala ere bazela, eta nik neuk sentitzen nuena zela: Zergatik ez dut ba hitz egingo nik neuk sentitzen dudanari buruz?». Hasi zen lanean, beraz, kontrastatu zuen testua lagun dituen militante eta idazle feministekin, eta, azkenean, gaur estreinatuko du genero indarkeriaren aurkako bere mendeku fantasia teatrala: Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa. Gasteizko Baratza aretoan izango da emanaldia, Zurrunbilo jaialdiaren barruan.

Fikziozkoa da piezako pertsonaia, eta fikziozkoa piezak kontatzen duen mendeku istorioa ere, baina, Ziarrustak onartu duenez, antzezlanak oinarri biografikoa du. «Bost anai-arreba gara: hiru arreba eta bi mutil, eta, nik sei edo hamar urte bitarte nituenean, bi gauza oso fuerte bizi izan nituen, nire arrebenak: bat bortxatu egin zuten, eta beste batek momentu nahiko konplikatu batzuk izan zituen. Ni oso txikia nintzen, eta oso barruan gelditu zitzaidan gure etxean sekula ere ez dela berba egin horretaz. Gure etxean ezkutatu egin zen, tapatu, inork ez jakitea. Trauma bat dago. Eta nik baneukan aspalditik hori atera beharra eta kontatu beharra».

Erreala da oinarri biografiko hori guztia, baina, antzerkigileak zehaztu duenez, fikzio hutsa da hortik aurrerakoa.

Mendeku gordina: hori besterik ez du nahi antzezlaneko pertsonaiak. «Ez justizia, ez epaileak, ez ezer: burua moztu, eta kito», azaldu du aktoreak. Bere mendeku bilaketan, pertsonaia konturatuz joango da emakumeen aurkako bidegabekeria orokorra dela, baina justiziak ez du askorik tentatuko, mendekua besterik ez baitu izango buruan. «Haren helburua ez da erreboluzio feminista globala hastea: berak mendekua nahi du, baina bide horretan kontatzen ditu indarkeria matxistarekin lotutako hainbat kontu».

Berez, emakume itxura hartzen saiatu den gizonezko pole dance dantzari bat da pertsonaia, eta zuzenean kontatuko dio bere istorioa dantza ikuskizuna ikustera hurbildu den publikoari. Horregatik, Pole dance barra bat eta kamerinoko ispilua soilik ikusiko dira taula gainean, eta dantza saio labur pare bat ere izango dira. Nagusiki, pertsonaiaren bakarrizketak osatuko du antzezlana.

«Gerrilla-antzerkia»

Ziarrustak esan du muturretatik ihes egin nahi izan duela pertsonaia lantzeko. «Oso pertsonaia groteskoak gustatzen zaizkit normalean, oso kanpo egoten diren pertsonaiak, baina pertsonaia hau ez da hain gaindimentsionatua. Pertsonaia normalagoa da; baditu bere gauzak, baina edonor izan daiteke pertsonaia hori».

Entxufe bat eta «hiru metro kubo» besterik ez dituzte behar emanaldirako; horregatik, Ziarrustak «gerrilla-antzerki» izendatu du formatu hori. «Hasieratik sortu nahi izan ditugu lanak teatrora joaten ez den jendearen bila joateko». Atx Teatrokoek hasieratik landu dute ildo hori, antzezlan handiagoekin batera, eta pozik daude orain arte lortutako emaitzarekin. Horregatik minimalismoa. «Ez da bakarrik instituzio publikoek egin behar duten zerbait: guk ere egin behar dugu ahalegina publiko hori erakartzeko».

ESTREINALDIA

Gaur. Gasteizko Baratza aretoan, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.