Kritika. Musikala

Bosgarren palkotik

Agus Perez.
2024ko abuztuaren 17a
05:05
Entzun

'El fantasma de la ópera'

Musika: Andrew Lloyd Webber. Libretoa: Richard Stilgoe eta Andrew Lloyd Webber. Eszenografia: Federico Bellone. Jantziak eta karakterizazioa: Chiara Donato. Argiak: Valerio Tiberi. Efektu bereziak: Paolo Carta. Musika zuzendaritza: Julio Awad. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abuztuak 14.

Konpositore misteriotsu batek bosgarren palkotik ikusi nahi du bere operaren estreinaldia. Aurreikusitako obra bertan behera utzi, eta berak sortutakoa inposatu nahi du, antzokian era guztietako ezbeharrak eta zorigaitzak eraginez. Bere botere gaiztoak direla medio, Christine abeslari gaztearen borondatea menderatzen du, eta horrek jatorrizko prima donna-ren jelosiak eragingo ditu. Horraino Gaston Leroux frantziarrak idatzitako Le fantôme de l’opéra eleberriaren funtsa.

1910eko liburu hartan oinarrituta, izen bereko musikala sortu zuen Lloyd Webber konpositoreak. Londresen estreinatu zen 1986an, eta bi urte geroago Broadwayn hasi zuen bere hogeita hamabost urteko ibilbide jarraitua. Bitartean mundu osoko herrialde askotan taularatu da eta 160 milioi ikusle izan ditu.

Egunotan Arriaga antzokian dugun muntaiak jatorrizkoaren bikaintasuna dauka alde guztietan. Gehien harritu gaituen lehen gauza eszenografiaren handitasuna izan da, zailtasun tekniko itzelekoa izateaz gain, bete-betean eta arintasun handiz egokitu delako argumentuak eskatutako egoera eta dekorazioetara. Agertokian antzoki dotore bateko aho eszenikoa eta lehen palkoak irudikatu dira egitura birakari erraldoi baten bidez, eta, horrela, batzuetan bazirudien taulatik besaulkien patiora begira geundela eta beste batzuetan alderantziz.

Tarteko posizioak ere baliatu dira noizean behin artisten eta ugazaben arteko ika-mikak irudikatzeko, eta tramoia lana ere handia izan da, eskuz mugitutako oihal margotuen bidez eta argien diseinuaren laguntzaz girotu baitira fantasmaren lur azpiko bizilekua, antzokiko kupula eta opera bufo biren pasarte dibertigarriak. Gainera, neurriz eta ganoraz erabili dira efektu bereziak, giza tamainako panpinak eta desagertze truku harrigarri pare bat.

Normala denez, musikak ere jokatu du rol nagusia: Lloyd Webberrek opera-estiloan konposatu zituen partiturak gehienbat, haien artean rock pasarte batzuk tartekatuz, eta zenbait plagio salaketa jaso zituen arren —batzuk haren alde ebatzita eta beste batzuk ez—, esan genezake melodia ondo eraikiak eratu zituela —gehien-gehienak orkestrak zuzenean interpretatu ditu— eta emanaldian zehar bospasei abesti bikain entzun ditugula. Bestalde, protagonista nagusiek opera-mailako ahotsak erakutsi dituzte, batez ere Talia del Val soprano solistak bere ahots zoragarriarekin. Izan ere, ahotsen kalitatea eta eszenografiaren ikusgarritasuna funtsezkoak izan dira argumentuaren geldotasuna edo progresio falta gainditzeko, batez ere lehen atalean, eta, alde horretatik, nik uste dut ondo zegokeela euskarazko itzulpenak proiektatzea, abestien hitzak hobeto uler genitzan, eta beharbada ingelesezkoak ere bai, kontuan hartuta emanaldira etorri diren bisitari kanpotarren ugaritasuna (ez konfunditu, mesedez, turisten artalde masifikatuekin).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.