Bosgarrenean, «ziaboga bat»

Goseren lan berrian itzal handia du techno musikak, Madrilen ekoitzi baitute diskoa Spam taldearekin

Gosek Bilboko itsasadarrean aurkeztu zuen, atzo, disko berria. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Izenbururik ez die jartzen Gosek diskoei. Zenbakiekin eta koloreekin bereizten ditu. Bosgarrenera iritsi dira, eta laranja kolorea eman diote. Luze zen ez zutela enkarguzkoa ez zen ezer berririk egiten. Eta bazuten urrats bat aurrera egiteko premia, Jon Zubiaga Osoron gitarristak azaldu duenez. «Ziaboga bat egin dugu», zehaztu du Ines Osinaga abeslari eta musikariak. Techno musikaren esparruan hanka bat jarri dute intentzio horrekin. Eta arriskuak hartuta, arlo horretan eskarmentu handia duen Spam taldearen esku utzi dute diskoaren ekoizpena. Ordea, beste hanka dagoeneko oso Goserenak diren trikiti, gitarra eta doinu elektronikoetan ondo finkatu dute.

Lan berria Bilboko itsasadarrean aurkeztu zuten, atzo, Sex Pistolsek 1977an Tamesis ibaian egin zuen legez. Itsasontzi batean, lagunarte ederrean.Jokin Azpiazuk aurkeztu zuen ekitaldia. «Halakoa da Goseren diskoa», esan zuen, laranja bat eskua hartuta: «Laranja eta biribila, Valentziako laranjak bezala». Eta Valentzia aipatzean, Chimo Bayo musikariaz akordatu zen. «Agian, omenaldi bat egin nahi izan diote, oso technoa baita diskoa». Osinagak argi du aldaketa bat dagoela diskoan, baina musika estiloan bainoago, musika egiteko moduan igarri du aldea.

Aurrena, Arrasateko Shot estudioan grabatu zituzten abestiak, baina, ondoren, Madrilgo Estudios 54ra joan ziren, eta Spameko Juan Sueiro y Juan Carlos Moliren aginduetara lan egin zuten. «Guztiz berria izan da guretzat», azaldu du Osinagak; «sukaldea aldatu dugu, laborategiz. Gure kasuan, diskoaren parterik garrantzitsuena ez da grabazioa, ondorena baizik. Horretan oso technoak gara, oso sintetikoak eta oso artifizialak, nahi bada. Ordenagailuan lan egiten dugu».

«Gustura» daude emaitzarekin, baina onartzen dute batzuetan ez dela erraza izan elkarlana. «Negoziatu egin behar izan ditugu gauza asko», kontatu du Osinagak.

Azpiazuk berak egin zuen ñabardura: «Makineroa izateak ez du esan nahi trikitia desagertu denik». Ezta gutxiago ere. Monleon eta Kamarada abestietan, bereziki, itzal handia du. Osinagak esan duenez, technoak indarra hartu arren, trikitiak eta gitarrak ere badute toki esanguratsua diskoan. «Dosifikatuta daude, baina bakoitzak bere tartean, garrantzi handia du», argitu du.

«Bilboko itsasadarreko ugerra ere laranja da», segitu zuen aurkezpen lanetan Azpiazuk, «eta ugerra-ri u-a kenduz gero, gerra geratzen zaigu». Goseren diskoan «gerra deklarazio ugari» daudela esplikatu zuen. Espainiako kazeta batean atera zioten titularra berretsi du Osinagak. «Ez dago mundua loreei kantatzeko moduan». Musikariak zalantza zirkinik ez du: «Bakeaz hainbeste hitz egiten duten baina gerran segitzen duten garai honetan, ezin gaitezke isilik geratu. Eta ezetz abestu dugu, eta hil dela Europa».

Abesti bi dira Ezetz eta Hil da Europa. Euskal Herrian «zer kantatu eta zer salatu» badagoela uste dute Gosekoek, eta kantuen hitzei dagokienez, aldaketa askorik ez dakar disko laranjak. Legarrik gabe kantatu dute oraingoan ere. Sexuaz eta sudur puntan jarri zaienaz. Orotara, 11 kantu egin dituzte. Horietako bat bertsio bat da: Bad f-lineren Désolé. Halaber, Naizena izateko abestiaren nahasketa egin dute Zigor Lanpre disko jartzailearekin eta Patrol Destroyersekin.

Hiru dimentsioko bideoklipa

Diskoan, jende gehiagok ere parte hartu du: Angerreko Arkaitz Biainek Spam abestian kantatu du; eta Zaborra abestiko hitzak Eneko Barberenarenak dira.

Diskoarekin batera, bada Gosekoek oraintsu egin duten beste lan bat. Hiru dimentsioko euskarazko aurreneko bideoklipa ondu dute, Ezetz abestiarekin. Mikel Clementeren zuzendaritzapean sortu dute. «Baliabide gutxi izanagatik, gauza berriak probatzea eta halako abenturatan sartzea gustatzen zaigu», adierazi du Osinagak.

Alta, «kontrabandista eta lapur guztiei bezala, mahuka azpian karta bat gordetzea gustatzen zaie», esan du Azpiazuk. Ez dute aurkeztu diskoarekin batera. Durangoko Azokako Irudienean estreinatuko dute. Disko laranja Durangora eramango dute. Salmahai propioa izango du Gosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.