Donostiako Zinemaldia

Bost film gehitu dira Urrezko Maskorra lortzeko lehiara

Donostiako 64. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren 22 film jakinarazi dituzte jada. Zuzendari Berriak sailera ere bi film gehitu dituzte.

'Wo Bu Shi Pan Jinlian / I am not Madame Bovary' filma fabula garaikidea da. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2016ko abuztuaren 25a
13:15
Entzun

Bost zuzendari gehitu dira Zinemaldiko lehiaketa ofizialeko zerrendara: Baltasar Kormakur, Lee Sang-il, Bartosz M. Kowalski, Emiliano Torres eta Feng Xiaogang.

Lee Sang-ilen filmek askotan jaso dute Japoniako zinema akademiaren aitortza, eta Zinemaldian aurkeztuko du Ikari / Rage bere laugarren filma. Baltasar Kormakurrek ere badu ibilbidea; iaz, Veneziako zinema jaialdia inauguratu zuen Everest filmarekin, eta 2001. urtean ere Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen. Aurten Eidurinn / The Oath pelikularekin lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko. Feng Xiaogangek, berriz, Wo Bu Shi Pan Jinlian / I am not Madame Bovary aurkeztuko du Sail Ofizialean. Oso zinemagile ezaguna da; Venezian lehiatu da, Oscar sarietako hautagai izan da, eta, horrez gain, AEBetako zenbait produkziotan parte hartu du.

Emiliano Torresek, ordea, bere lehen zuzendari lana proiektatuko du Zinemaldian, El invierno izenekoa. Plac Zabaw / Playground ere Bartosz M. Kowalskiren lehen fikzio filma da, HBO telebista katerako bi dokumental grabatu ondoren. Guztira sei opera prima aurkeztuko dira aurtengo Sail Ofizialean.

Talentu berrien aldeko apustua

Zuzendari Berriak saileko zerrendara ere bi film gehitu ditu Zinemaldiak. Martijn Maria Smitsek Waldstille bere bigarren film luzea aurkeztuko du. Teesklejad / Pretenders, ordea, Vallo Toomlaren lehen film luzea da. Mundu osoko zinemagileen lehen edo bigarren lanak bildu dituzte Zuzendari Berriak sailean, eta guztira hamasei zinemagile lehiatuko dira 50.000 euroko saria lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.