Musika

Bost kontzertu emango ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak uztailean, Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean

Atzerriko orkestra ugari zuzendu dituen arren, lehen aldiz gidatuko du EGO Martin-Etxebarriak. «Bakearen aldeko» programa bat antolatu du orkestrak, eta Jon Esnaola Agirreren 'LUUR' obra ere estreinatuko du.

Diego Martin-Etxebarria EGOrekin entseatzen, orkestraren udako topaketen aurkezpen egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Diego Martin-Etxebarria EGOrekin entseatzen, orkestraren udako topaketen aurkezpen egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko uztailaren 8a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Erronka berriak jomugan dituela ekingo dio udako birari EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak. Orain arte jo gabeko obrak interpretatuz, eta orain arte izan ez duen orkestra zuzendari baten aginduetara. Estreinakoz joko dituen hainbat lan bildu ditu orkestrak udako egitaraura, eta, tartean, Jon Esnaola Agirre konpositoreak sortutako LUUR piezaren estreinaldia ere eskainiko du. Bost kontzertu emango ditu denera, eta Diego Martin-Etxebarria zuzendari gonbidatuaren aginduetara ariko dira musikariak.

Gaur goizean aurkeztu dute EGOren udako bira Donostian, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Bertan egon dira Martin-Etxebarria, Esnaola, German Ormazabal EGOko koordinatzaile nagusia eta Ruben Gimeno EGOren zuzendari artistikoa. Datorren ostiralean, hilak 11, abiatuko du bira EGOk. Gasteizen egingo du lehen kontzertua, Jesus Guridi kontserbatorioan. Eta hurrengo lau egunetan ere emanaldiak eskainiko ditu: larunbatean Azkoitiko Baztartxo antzokian (Gipuzkoa); igandean Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean (Gipuzkoa); astelehenean Bilboko Euskalduna jauregian; eta azkena, asteartean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bost kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, EGO fundazioaren webgunean.

«Polita den edozerk xarma galtzen du lana bilakatzen den unean. Orkestra gazte batekin zaudenean, aldiz, xarma horrek hor jarraitzen du, eta ederra da haiekin lan egitea»DIEGO MARTIN-ETXEBARRIAZuzendari gonbidatua

Zuzendaria izango da, beraz, berritasunetako bat. Amurrion (Araba) sortua da Diego Martin-Etxebarria, eta urte mordoa igaro du atzerrian lanean. Orain, lehen aldiz zuzenduko ditu EGOko musikariak. Prentsaurrekoan adierazi duenez, «ederra» iruditzen zaio gazteekin aritu ahal izatea: «Dibertigarria delako hasten gara musikan. Urteekin, dibertsioa ahaztu egiten zaigu, eta teknikarekin tematzen gara. Azkenean, polita den edozerk xarma galtzen baitu lana bilakatzen den unean. Orkestra gazte batekin zaudenean, aldiz, xarma horrek hor jarraitzen du, eta ederra da haiekin lan egitea». Horregatik, urtero ahalegintzen da gazte orkestraren batekin proiekturen bat egiten, «bizipoza» ematen diolako.

Bi programa desberdin

Joko dituzten obrei dagokienean, «bakearen aldeko» programa bat antolatu dutela nabarmendu du Ormazabalek. «Munduak gaur egun bizi duen egoeran, gatazka eta gerra besterik ez dagoen garai batean, bakearen aldeko keinu bat egin nahi izan dugu, betiere umiltasunez». Obrak aukeratzeko, hortaz, parametro jakin batzuei erreparatu diete.

Kontzertu guztiak ez dira berdinak izango. Batetik, hiruna obra interpretatuko dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian; eta, bestetik, bina obra Azkoitiko eta Hondarribiko kontzertuetan. Hiru hiriburuetako kontzertuak Aaron Coplanden pieza «ikoniko» bat joz irekiko dituzte: Fanfare for the Common Man obra, hain justu. 1942an konposatu zuen egileak, Bigarren Mundu Gerra betean. Ormazabalek adierazi duenez, konpositoreak gerra garaian herritarrek egiten duten «borroka eta sakrifizioa» omendu nahi izan zituen lan horrekin. Dokumental eta film askotan erabili izan dute pieza hori; besteak beste, Saving Private Ryan lanean (1998).

Segidan iritsiko da Esnaolaren obraren estreinaldia. LUUR piezarekin, aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria eskuratu du egileak, eta nabarmendu du «ilusio izugarria» egiten diola bere lana estreinatu ahal izateak. «Eskertuta» mintzatu da mikrofonoen aurrean: «Konpositore batentzat oso zaila da orkestra sinfoniko batentzat idatzitako obra bat estreinatzea, eta aukera handia da hori zure herrian eta zure kideekin egin ahal izatea».

«Konpositore batentzat oso zaila da orkestra sinfoniko batentzat idatzitako obra bat estreinatzea, eta aukera handia da hori zure herrian eta zure kideekin egin ahal izatea»JON ESNAOLA AGIRREKonpositorea

Esnaolak adierazi duenez, bere ibilbidean baliatu izan dituen ideia edo elementu guztiak hitz bakarrean batu nahi izan ditu: lur hitzean, hain zuzen ere. Batetik, eskulturarekiko daukan miresmena nabarmendu du, eta, LUUR obraren kasuan, Basterretxeari keinu egin nahi izan diola. Gogora ekarri duenez, 1968an Amalur dokumentala sortu zuen Basterretxeak, eta euskal tradizioaren elementu nagusiak aipatu zituen lan hartan. «Ikerketa bat egin nuen, eta bertatik interesatzen zitzaizkidan elementu nagusiak obran txertatu ditut. Elementu horiek ematen diote forma eta bizitza nire obrari».

Naturarekiko miresmena ere agertu du konpositoreak. Hala, lur hitzarekin gizakia «ereiten, zapaltzen, dantzatzen eta suntsitzen» ari den lurrari egin nahi izan dio erreferentzia. Bestalde, etnomusikologia ere aipatu du: «Luur instrumentu bat da, Erdi Aroan Eskandinavian aurkitu zena; tronboiarekin antzekotasunak ditu sonoritateari dagokionean, eta, horregatik, tronboiak presentzia berezia dauka obran».

Dmitri Xostakovitx konpositorearen 5. sinfonia joko dute hiru kontzertu horien amaieran. «Itxuraz garai hartako erregimenari obeditzen bazion ere, Xostakovitxen musikak sarkasmo handia eta nolabaiteko iseka ere baditu», adierazi du Ormazabalek. Kazetariei zabaldutako prentsa oharrean eman dute obra horren gaineko xehetasun gehiago: «Beethovenen 9. sinfoniari omenaldia eginez hasten da, eta tentsioz eta dramatismoz beteta dago amaiera loriatsua, itxaropena hedatzen duen amaiera».

Hirugarren obra horrek markatuko du, hain justu, hiriburuetan egingo dituzten kontzertuen eta Azkoitian eta Hondarribian egingo dituztenen arteko aldea. Izan ere, Azkoitian eta Hondarribian, Richard Straussen Haize instrumentuetarako serenata eta Franz Schuberten Sinfonia amaitu gabea joko dituzte Xostakovitxen 5. sinfonia jo beharrean. Antolatzaileek azaldu dute agertokien mugak direla-eta hartu behar izan dutela erabaki hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.