Bost musikari, bost ikuspegi

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Lau hamarkadatik gorako ibilbidea darama musika alorrean Amaia Zubiria kantariak. 90eko hamarkadaren amaiera aldera plazaratu ziren aurrenekoz Zaloa Urain kantaria (Kokein), Itsaso Gutierrez kantari eta gitarra jotzailea (Jauko Barik, Keike, Xarma, On) eta Aida Torres bateria jotzailea(Lisabö, Jupiter Jon). Eta lehen urratsak egiten ari da Lore Nekane Billelabeitia baxu jotzailea (Belako). Emakume eta musikari izanik bizi izan duten esperientziaz, eta egoeraren inguruko ikuspegiaz galdetu diegu. Hona hemen bost emakuzmezko musikari/kantariren esperientzia eta gogoetak.

«Nortasun handiko emakumeak ari dira musikan»

Amaia Zubiria. Kantaria (Zubieta, Gipuzkoa, 1947)

«Kantari izanik ez dut uste kontzientzia bereziagoa izan beharko nukeenik emakume izateaz. Noizbait inork esan izan dit, 'konturatzen zara zein zortea duzun kantari izanda. Herriaren alde egiteko zein tresna duzun'. Nik ez dut horrela ikusten. Ni kantaria naiz eta jostuna izan nintekeen, eta kontzientzia igual-iguala izan. Ez dut uste derrigorrez erantzukizun gehiago behar duenik kantariak edo sortzaileak. Bai, erabil dezake modu praktiko batean kausaren alde. Nik kausak ez ditut maite. Nik bizitza maite dut. Maite dut bizitza bizitzea nire ikuspegitik. Kontzientzia hori dut. Baina ez dut musika erabiltzen bandera egiteko. Horrek gainera beti kontrako sentimendua sortu izan dit. Hori rock munduan-eta asko izaten da. kausa batekin famatua izatea... Iruditzen zait oso errekurtso erraza dela, eta amorru pixka bat ematen dit».

«Oholtzaren gainean garai batean baino emakume gehiago ikusten da, eta horrek asko pozten nau. Estilo aniztasun handia dago gainera, rockean ari dira, folkean, klasikoan... nortasun handiko emakumeak ari dira musikagintzan. Eta entzule oso heterogeneoa dago. Eta ez da kausa politiko batekin loturik izendatu behar talde bat. Lehen eskatzen zitzaigun plus hori. Baina gazteak askoz ere azkarragoak datoz eta hori dena gainditua dute».

«Beldur asko kendu eta aurrera jo behar dugu»

Zaloa Urian. Kokein taldeko kantaria (Eibar, 1976)

«Nik esperientzia txarrik ez dut izan emakume eta kantaria izanik. Ez dut sekula sentitu gutxiago naizenik, edo gutxiago sentiarazi nautenik. Nik taldekideekin beti egin dut bat, eta zerbaitegatik nago beraiekin. Handik kanpo entzun zenezake zerbait konkretua, baina kasu bakanetan. Gero, egia da emakume izateak berekin dakartzala kontuan hartu beharrekoak: amatasuna, zergatik gauden gutxiago... Igartzen dut emakume izateagatik gauza batzuk desberdin egiten ditugula. Beharbada ,askoz gehiago pentsatzen dugu taulara igo aurretik. Baina, bestela, nire esperientzia ona izan da...

«Aspaldi hasi nintzen musikaren munduan, 20-22 bat urte daramatzat. Aldaketa nabaritzen dut ordutik hona. Lehen emakume gutxiago ikusten zen honetan guztian. Beti izan naiz kontzertuetara joatekoa eta behin baino gehiagotan izan naiz emakume bakarra. Musika egiten ere bat edo beste bazebilen, baina ez asko. Gaur egun askoz ere gehiago daude, eta ez bakarrik kantari modura. Azkenean rol hori izan baitu emakumeak, batez ere. Emarockek asko lagundu dit ikusten zenbat emakume gazte dabilen. Horrek harritu eta poztu nau».

-«Musikaren munduan islatzen da gizartean bizi dena. Oraindik ere badira gauzak lortzeko eta borrokan jarraitzeko, bai, jakina. Alde batetik, emakumeon jarrera gauza askori begira. Beldur asko kendu eta aurrera jo behar dugu. Emakumeok batzuetan larregi pentsatzen dugu. Jendartean gauzak poliki-poliki aldatzen ari dira».

«Nik alabatxo bat daukat. Amatasunak nola eragin? Eragiten du, zeure bizitza aldatzen baita. Aldamenean eduki ditudan musikari gurasoak gizonezkoak ziren. Ez zeuden haurdun, eta kontzertuak ematen zituzten... Beste modu batera bizi ziren. Nik aukera hori hain argi ez nuen, behintzat... Baina oso ondo eraman genuen. Diskoa ere haurdun grabatu nuen, eta arazorik gabe. Nik argi nuen jarraitu nahi nuela. Eta ez nuela utzi nahi musika eta bi gauzak egin nahi nituela. Jada bost urte ditu eta bi gauzak egin daitezke».

«Kontzertuen inguruko giroa oso maskulinoa da, baina geroz eta gehiago gara...»

Aita Torres. Jupiter Jon taldeko bateria jotzailea

(Aviles, Espainia, 1979)

«Ez daukat kontzientzia berezirik emakumea izan eta musika egiteagatik. 17 urterekin hasi nintzenean oso naturala izan zen. Lagunekin musika egin eta ondo pasatu nahi nuen. Lisaboren kontzertuetan hasi nintzen sentitzen rara avis samar, beti bainengoen mutilez inguratua, teknikariak, afariak, promotoreak. Oso giro maskulinoa zen. Jupiter Jonekin nabil orain, eta konturatzen naiz gauzak aldatu direla. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko nahasketak aberastu egiten du. Kontzertuen inguruko giroa oraindik oso maskulinoa da, baina geroz eta gehiago gara...»

«Zorionez, ez dut esperientzia desatseginik izan emakume izateagatik. Apur bat 'hasarratzen' ninduena zen jendeak esaten zidanean mutila ematen nuela bateria jotzean, androginoa nintzela. Horrek asko izorratzen ninduen. Bazirudien femenino izatea eta bateria jotzea ez zirela bateragarriak. Orain gauzak oso desberdin ikusten ditut, eta oso gutxi axola zait jendeak zer dioen nitaz.

«Jende askok aipatzen dit bateria jotzeko modu berezia dudala. Norbera ez da horretaz jabetzen, baina nik uste dut agian bateria nire gorputzaren moldera egokitu dudala, nire espresatzeko modura eta horrela hobeto sentitzen naiz; ni neu naiz beste inor izaten saiatu gabe. Ez dakit hobeto edo okerrago jotzen dudan, baina oso gustura sentitzen naiz. Zorionez, panorama aldatzen ari da eta geroz eta emakume gehiago ikusten da bateria jotzen, eta hori zoragarria da... Burura datorkit Gora Japoneko Miriam. Txunditu egiten nau haren jotzeko erak.

«Lorpen txikiekin gehiegitan konformatu izan gara agian»

Itsaso Gutierrez. (On taldeko kantaria eta gitarra jotzailea) Donostia, 1976

«Edozein herri zapalduk altxatzeko beharra sentitzen duen kontzientzia bera sentitzen dut. Zapaldua, gutxietsia eta mindua izan garenon emakume kontzientzia dut nik. Urteek, bizipenek, errealitateak eta sufrimenduak ireki dizkit begiak eta sortu kontzientzia. Lorpen txikiekin gehiegitan konformatu izan gara agian, nahikoak ez diren arren. Emakumeok ezkutuan pairatzen ditugun injustizia mordoak aldarrikatzeko eta horiek sortzen diguten mina adierazteko haserrea piztu zaizkit, eta indartu urteen buruan. Musika horiek adierazteko bide ON bat dela sentitu dut beti. Horiek ozen oihukatzeko tresna bat».

«Nik neuk oso era naturalean bizi izan nuen talde bat sortzearen kontua. Eta ez nion generoari erreparatu. Talde bat osatzeko grina oso gaztetatik piztu zitzaidan, eta, ondorioz, Jauko Barikeko lagunei proposatu. Ni gaztetasunaren inozentzia eta indarrarekin hasi nintzen. Urteetan horri eustea izan da beharbada zailena. Ilusioa elikatzea, traben aurrean aurrera egitea, iritzi ororen alde on eta txarrak barneratzea, irudiari ematen zaion garrantziari muzin egiten ikastea, gurean ohikoa ez den emakume rockera izatean jasotzen diren epaiketei garrantzirik ez ematea,… Asko borrokatu behar izan dut, eta erabat erroturik ditugun eredu sexista askorekin topo egiten dut. Oraindik ere guk geuk justifikatzen ditugunak. Eta asko mintzen naute, haserretu. Barne aldaketa handia eskatzen dute. Norberarengan hasten dena. Herrian. Jendartean. Kontzientzian»

Euskal Herrian garai hartan Jauko Barik euskaraz abesten genuen emakume talde bakarrenetarikoa ginela esango nuke. Oihartzun handirik ez genuen izan. Baina 9 urteko ibilbide ederra egin genuen elkarrekin. Entzuten nuen musikarekin lotuak egon dira beti nire erreferenteak. Gizonezkoenak, batik bat. Kontzertuetan, gehienetan, gitarra jotzailearen parean jarri izan naiz, eta hortik ikasi. »

«Jauko Bariken kontzertu baten kritika egin zutenean, 'lesbianas castradoras' ginela adierazi zuten. Inoiz ez dut asmoa ulertzea lortu. Bestela, salagarriak, asko eta egunero. Hain barneraturik ditugun jokabide sexistak aldatzea zaila baita oso».

«Taldea sortzea ere gauza natural gisa hartu nuen»

Lore Nekane Billelabeitia. Belako taldeko baxu jotzailea (Mungia, Bizkaia, 1995)

«Txikerretatik nire gurasoek sartu didaten ideia izan da afizioren bat edo eduki behar nuela ondo pasatzeko eta denbora zerbaitetan erabiltzeko. Ni beti ibili naz nire neba nagusiarekin holako gauzak egiten; taldea sortzea ere gauza natural gisa hartu nuen».

«Taldean 16 urterekin hasi nintzen; orain, 17 ditut, eta, beraz, ez dut aldaketa hori nabaritzeko astirik izan. Baina ematen du gaur egun gero eta emakume gehiago garela musika munduan».

«Baxua jotzea, taldea antolatzen hasi ginenean bururatu zitzaidan, eta asko gustatu zait, agertoki gainean jotzeko askoz dinamikoagoa delako. Horrela ba, erreferente moduan aipatuko nituzke Kim Gordon Sonic Youth taldeko baxu jotzaile emakumezkoa, eta Kim Deal , Pixies taldekoa. Otsailean Bilboko antzokira joateko irrikaz nagoela, The Raveonettes taldea zuzenean ikusteko etabaxu jotzailealea, hau ere emakumea, Sharin Foo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.