Bertsolari Txapelketa Nagusia

'Bota' da aditza

Publikoarengana iristeko garrantzitsutzat jotzen dute kantaera bertsolariek, baina ez dute uste inportanteena denikLehen itzuliko azken bi finalaurrekoetan hainbat kantaerek egingo dute bat

Beñat Zamalloa Akizu.
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Bertsoaren aditza bota da, ez da kantatu. Normalean, kantatu esaten da, baina bertsoa bota egiten da», hausnartu du Fredi Paiak. Gibelurdinek taldearekin kantuan ere aritzen da, eta Bertsolari Txapelketa Nagusian eta plazatan botatzen. Aldea nabari du kantatzetik botatzera. Botatzerakoan, kantaerak laguntzen duela uste du, baina hori ez dela «garrantzitsuena». Odei Barroso ere iritzi berekoa da: «plus» bat dela iritzi dio, eta bere garrantzia baduela jendearengana iristeko orduan. Paiak plater baten aurkezpenarekin alderatu duen bezala, Amaia Zubiria kantariak produktu on bat itxura oneko paper batean hobeto saltzen dela dio. Hala eta guztiz ere, bera ere Barrosoren eta Paiaren iritzi berekoa da: kantaera ez da inportanteena. Bertsoaren kasuan jendearen belarrira iritsi «beharra» dagoela zehaztu du Unai Agirrek.

Harrobia publikoarengana heltzeko «kanala» dela ohartarazi dute Barrosok eta Jon Maiak. Gaur kantatuko dute biek Oiartzungo (Gipuzkoa) finalerdian. Barrosok «garrantzi handia» ematen dio uste duelako kantatuz «transmititzen» dutela erraten duten hori. «Zure hitzei aire bat edo interpretazio bat ematen die. Bertsoaren DNAaren parte da. Bertsolaritza, gure ahozko literatura, ez da ulertzen kantatua ez bada. Ez litzateke bertsoa», garatu du Maiak. «Erdaldunek erreferentzia hori bakarrik dute», gaineratu du Paiak. Bihar kantatuko dute Paiak eta Agirrek lehen itzuliko azken finalaurrekoan, Murgian (Araba).

Melodia, aukeratzen duen doinua, lerro bakoitzak eskatzen dion intentsitatea, eta testuaren araberako doinuaren interpretazioa, kontzienteki egiten du Maiak. Alegia: «Esaten ari naizenarekin koherentea izatea, esaten dudanaren tonua, abiadura... Testua eta doinua ahalik eta bat eginena eramatea». Barroso, doinuak aukeratzerakoan, bere kantaerari lotuago doazen doinuak hautatzen saiatzen da. «Egoki edo gusturago» kantatzen dituen doinuetan abesten saiatzen da; ofiziotan denean, bertsolagunak uzten baldin badu. Barnetik, ahots hauskorrez kantatu ohi du, eta txapelketa honetarako Villabonan erabili zuen doinua egin zuen duela zenbait hilabete: «Pixka bat nire kantatzeko maneratik hurbil». Doinuak dira Agirreren «gakoa» ere. Kantaera kartsua da Agirrerena. Txapelketako kantaera berezienetako bat du. Doinuen «abaniko zabalera» jotzen du horretarako. Gainontzean, «senak» esaten dion moduan kantatzen saiatzen da. «Horrela ohitu naiz plazan», dio.

Ñabardurak egiten ahalegintzen da gehienbat Paia, kantaera «ahalik eta ondoena» egiten. 16 urterekin era kontzientean aldaketa bat izan zuen. Bertsotan ikasi zuenean, bertsotarako teknika zaharrarekin abesten zuten. «Gaur egun, [Iker] Zubeldiak eta beste batzuek mantentzen dutena: sudurreko kantaera. Adineko bertsolari denek egiten dute sudurreko kantaera hori», azaldu du. Teknika bat dela argitu du, eta Korsikako kantuekin lotuta dagoela, besteak beste. Mikrofonorik ez zegoenean, jende askoren aurrean aritzeko erabiltzen zen. Baina mikrofonoarekin etorri zen aldaketa. «Ni, behintzat, 16 urterekin konturatu nintzen sudurreko kantaera hori egiten nuenean nire adinekoek barre egiten zidatela. Barregarria zen bertsolariaren kantaera nire adineko jendearentzat. Orduan, aldatu genuen kantaera».

Lehengoak ez ziren hobeak

Zubiriak uste du garai bateko bertsolarien artean «bat edo beste» izaten zela «kaskar samarra», baina gehienek «ondo» kantatzen zutela eta hori transmititu egiten zela. Hori ulertzeko gakoak eman ditu Paiak: «Normalean, kontuan hartu behar dugu kantaera bat bere heldu arora 40 urterekin heltzen dela, pertsonak adin inguru hori duenean». Hori dela eta, kontuan izan beharrekotzat jo du lehen hobeto kantatzen zela esaten denean lehen adineko jendeak abesten zuela. «Gaur egun, gazteek kantatzen dute».

Ahotsaren erabilera «gakoa» izanik bertsoaren komunikazioan, bertso eskoletan ez dela «behar beste» lantzen iritzi dio Maiak. «Azkenean, bertsolari batentzat, inportanteena da ahots partikularra edukitzea, bi zentzutan: batetik, diskurtso propioa eta pentsaera propioa, besteengandik bereizten zaituena; eta bestetik, ahotsa literalki, zure kantatzeko era edukitzea», azpimarratu du.

Bertsotarako orduan ahotsak ez duela «gehiegi» baldintzatzen ondorioztatu du Zubiriak: «Zuk sinesten baduzu egin nahi duzuna hori dela». Bertsoak beste «lehentasun» batzuk omen ditu. «Bada mezua, bada hitza, hitzaren poesia, badira mila gauza ahotsera ailegatu baino lehen»;hala zerrendatu ditu batzuk, «milaren» artean.

Ahotsa ona ala txarra izatea «subjektiboa» da, Zubiriarentzat, eta «ergelkeria», Paiarentzat. «Kantatzeko inporta duena da afinatzea, eta hori belarri on batek egiten du. Jendeak uste du hori ahotsaren kontua dela, baina ez da ahotsaren kontua, belarri kontua da, ondo entzutearen kontua da», adierazi du Zubiriak. «Musikaz dakien edonork ezin du hori esan», argi du Paiak. «Azkenean, bakoitzak bere ahotsa pertsonalizatzen jakin behar du. Mikel Laboari ere kritikak egiten zitzaizkion hasieran, ahots txarra zuelako. Hor, lan bat badaukagu bakoitzak gure kantaera sortzen: gure ideiei ematen diegun bezala ukitu pertsonala, gure kantaerari ere emateko ukitu pertsonala», pentsatzen du Paiak. Baita Zubiriak ere: «Guk entzuten duguna txarra baldin bada, justu ez baldin badago, hori ahotsak ematen du. Hori ere ikasten da, zuzentzen dira gauza horiek. Ahotsak pixka bat begiratuz gero, ikusiko duzu kantautore askok eta askok ez dutela beste munduko ahots bat».

«Txikitan, ez nintzen kantatzen hoberena. Saiatzen nintzen eta kantuz aritzen nintzen etengabe», dio Barrosok. Hobeto kantatzea, bertsotan egiteko «gaitasun handiagoarekin» lotu du Maiak. «Nik ikusten dut nire lehenengo txapelketa, eta bertsoak, kantatu baino gehiago, zenbaitetan erditu egiten nituen», jarri da atzera begira Maia. «Gogoratzen naiz 1997an Habanera erabili nuen lehenengo aldiaz. Inoiz entrenatu gabe doinu horretan, eta inoiz kantatu gabe, hasi nintzen ez nekiela noiz bukatzen zen ere. Garai hartan ez zen hain ohikoa zortzi errimako bertso bat kantatzea ere. Txapelketa hartako nire Habanera-k nahiko sonatuak izan ziren, eta jende guztiak esaten zidan nola sufritzen zuten nirekin bertsoak aurrera egin zezan», jarraitu du pasadizoarekin.

Doinutegi propioak

Kantaeraren araberako doinutegi propioa sortzen dute bertsolariek. «Denok dakigu zein doinu erabiltzen ditugun hobeto, eta zeintzuk okerrago: gure kantaeraren arabera zein joan litekeen hobeto eta zein ez. Horren kontzientzia bat badago, eta igartzen da jendeak hartzen dituen doinuetan», Paiaren berbetan. Maiak baditu doinu batzuk «benetan motibatzen» dutenak. «Nik uste dut badaudela doinu batzuk eurek laguntzen dizutenak hitzak ekartzen. Doinuak eramaten zaitu askotan. Hori oso polita da. Eurek ekartzen dizkizute hitzak», jarraitu du. Barrosok erantsi du, bertsolariak norberari gustatzen zaizkion doinuez gain, «hainbeste gustatzen» ez zaizkionak ere landu behar izaten dituela: «Besteekin kantuan ari garen momentutik ez baitugu guk bakarrik hautatzen». Beste doinu batzuk erabiltzera gehixeago jo beharko luketelakoan dago Agirre. Bere kantaeraren neurriko doinu berria plazaratu zuen Altsasuko kanporaketan.

Barroso 2ziorekin rap kantariaritzen da, baina ez kantuan. Haatik, berak talde batentzat letrak egin eta kantatu dituenetan, «antzeko» kantatzen duela igarri du. Maia Karidadeko Bentarekin kantuan jardundakoa da, eta igarri du aldea: «Bertsolaria oso anarkikoa da. Zuk bertsoan nahi duzun konpasa, erritmoa, tonua, abiadura… alda dezakezu, eta bertsoaren barruan ere mantsotu dezakezu ala bizkortu dezakezu, bertso berean ere bai. Kantatzean, jarraitu behar duzu musikarien konpasa, tonua, erritmoa eta abar. Alde horretatik, askoz lotuagoa da. Taldearekin kantatzera joaten nintzenean, ia dena zen plazera. Ez nuen bertsotarako tentsiorik: banekizkien hitzak, eta zen kantatzen gozatzea». «Kantatzea beti da kantatzea», ebatzi du bertsoak kantu egin dituen Zubiriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.