Azaroaren 8an hasi zen Bpuntua bertso lehiaketa Berriketan.info sare sozialean; Gipuzkoako Gpuntua bertsolari txapelketaren azken fasea martxan zela, hain zuzen ere. Hurrengo lau asteetan, astero-astero puntu bat eta bertso doinu jakin bat jarri dute BERRIAren webgunearen kudeatzaileek, eta atariaren erabiltzaileek bertsoa osatu behar izan dute. Parte hartu duten guztien artean, hiru izan dira irabazleak: Iñaki Aurrekoetxea, Peru Magdalena eta Txomin Azpiroz. Hiru bertso onenak saritu dira, eta honako sari hau eskuratuko dute hirurek: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako bina sarrera, Gpuntuaren bina elastiko eta bina erloju.
Iñaki Aurrekoetxea bertsotan aritua da, eta BERRIAko bertso kritikaria ere izan zen garai batean. Saria eskuratzeko baliagarri izan zitzaion puntua honako hau izan zen, hamarreko txikian kantatzekoa: «Helmugara bidean Gpuntuko trena...». Eta honela osatu zuen bertsoa Iñaki Aurrekoetxeak:
Helmugara bidean
Gpuntuko trena…
tirri-tarra goxoen
azken hasperena:
mingainak zorrotz dabiz,
olgetan eztena,
aluzinazinoak
eta gozamena;
baina ez ahaztu txapela
imintearena!
Txomin Azpiroz gaur egun Belgikan dabil ikasle, Erasmus programaren barruan. Hark zorroztasun kritikoz osatu zuen beste honako puntu hau, puntuari berari erantzunez: «Diru gehiago banuke, salatu egingo nuke». Sei puntuko motzean eta Aizak hi, mutil mainontzi-ren doinuan honela erantzun zuen.
Diru gehiago banuke,
salatu egingo nuke.
Honen neurriko akats larriek
lotsarazten naute
neurrin sartzearen truke
nahastuz gatz eta azukre
euskeraz noiztik dira batera
baldintzen 'ba' ta 'ke'
Ariketa luzeena puntuari Habaneraren doinuan erantzutekoa izan zen. Hau zen puntua: «Hauteskundeak badatoz berriz ere ate joka», eta honako bertso hau osatu zuen Peru Magdalena idazleak.
Hauteskundeak badatoz,
berriz ere ate joka
Berriro ipar-orratza
Beharko dugu koloka
Gure helburu ez dira
Espaiña edo Europa
Baina orain eskatzen du
Estrategiak konplota.
Aldatu dugu moldea
Mantentzen dugu borroka
Ez dugu abailtzerik nahi
Kolpeka hormaren kontra
Hobe zaigu pasatzea
Horma zantarra saltoka
Aske den egunsentia
Beste aldean dago ta
Guztira, lehiaketak iraun duen lau asteetan 81 bertso bidali dituzte irakurleek Berriketan.info sare sozialera, antolatzaileek adierazi dutenez.
Bpuntuak jarri du amaiera puntua
Iñaki Aurrekoetxea, Peru Magdalena eta Txomin Azpiroz izan dira lehen sariketako irabazleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu