Bruce Springsteenek Donostiako bi kontzertuetan lehena emango du gaur

‘Land of Hope and Dreams’ biran iritsiko da musikari estatubatuarra Euskal Herrira. Asteartean izango du bigarren saioa. Donald Trumpen eta haren politiken kontrako mezuak nagusi izan dira Springsteenen kontzertuetan.

Bruce Springsteen, ostiralean, Donostiara iristean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Bruce Springsteen, ostiralean, Donostiara iristean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
mikel lizarralde
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump AEBetako presidentearekin hitz borroka betean dagoela iritsiko da Bruce Springsteen Donostiara. Musikariak aspalditik daki bere iritziak eta mezuak zabaltzeko tresna egoki eta eraginkorrak direla kantuak eta, bereziki, kontzertuak, eta Land of Hope and Dreams (Itxaropenaren eta ametsen lurraldea) birako emanaldiak horretarako ari da erabiltzen. Trumpen eta haren politiken aurka egiteko, eta bere publikoari beste era bateko AEBak posible direla sinetsarazteko. Giro horretan heldu da Springsteen Donostiara, eta Anoeta estadioan bi kontzertu emango ditu. Lehendabizikoa gaur izango da, 21:00etan, eta bigarrena, berriz, asteartean, ordu berean. Springsteenek E Street Band taldea izango du ondoan bi kontzertuetan; alegia, Steve Van Zandt (gitarra), Nils Lofgren (gitarra, akordeoia), Roy Bittan (pianoa), Patti Scialfa (ahotsak, gitarra), Garry Tallent (baxua) eta Max Weinberg (bateria).

Manchesterren (Ingalaterra) hasi zuen Europako bira Springsteenek, maiatzaren 14an, eta orduz geroztik kontzertuak eman ditu Lillen eta Marseillan (Frantzia), Liverpoolen (Ingalaterra), Berlinen, Pragan eta Frankfurten (Alemania). Eta guztietan Trumpekin kritiko agertu bada ere, azkenaldian gogortu egin du kritiken tonua. Manchesterren eman zituen hiru kontzertuetako azkenekoan «tragedia estatubatuar bat» bizitzen ari zirela esan zuen, eta Berlingo emanaldian, berriz, Trump «ustela, ezgauza eta traidorea» dela esan zien bertan zeuden milaka zaleei. 

Trump bera ez ezik, AEBetako presidentearen politikak ere izan dira Springsteenen miran. Zehazki, gogor salatu ditu etorkinen kontrako neurriak, eta haien kontra eginez AEBak beren printzipioen aurka egiten ari direla nabarmendu du: «Gizakiak dira, ez estatistikak. Familiak ari gara suntsitzen gaizki ulertutako patriotismo baten izenean». Musikari estatubatuarrak badaki Europan bere kontzertuetara doazenen ehuneko handi batek bat egiten duela haren aldarrikapenekin eta salaketekin, eta giroa aldeko duela ari da bira egiten.

Borrokarako kantuak

Gaur eta asteartean Donostian emango dituen kontzertuen aurretik, beste hirutan izan da Springsteen Gipuzkoako hiriburuan. 2008an jo zuen aurrenekoz Anoetako estadioan, 2012an itzuli zen toki berera, eta 2016ko maiatzaren 17an jo zuen azkenekoz bertan. Springsteen Donostiara eraman zuen azken bira horretan, The River (1980) diskoa zen kontzertuen ardatza, baina, musikariaren lan esanguratsu horretako kantuez gain, beste hainbat klasiko eta hain ezagunak ez diren pieza batzuk ere jo zituen hiru ordutik gorako emanaldian.

Kontzertu hartan ez ziren asko izan aldarrikapen politiko eta sozialak —ezpada The River-eko zenbait kantuk hitzetan daukatena—, baina kontuan izan behar da Barack Obama zela orduan AEBetako presidente, eta Springsteenek berak hari babesa agertu ziola hainbatetan. 

Egoera pertsonal oso bestelakoan dator orain Springsteen, eta hori ere nabari da haren kontzertuetan. Nahiz eta kontzertu batetik bestera kantuak aldatzen diren, badira guztietan jotzen dituen piezak. Esaterako, kontzertuak hasteko kantua askotan aldatu du —No Surrender, Ghosts, Eddie Cochranen Summertime Blues, My Love Will Not Let You Down—, baina lehenengo bizpahiru abestien artean izaten da beti Land of Hope and Dreams, birari izena eman eta Springsteenentzat kontzertuotako une garrantzitsuetako bat bilakatu dena. Hain zuzen ere, emanaldiotako askotan autoritarismoaren kontrako mezuak emanez aurkeztu du kantua musikariak. 

Kontzertuen amaierarako, berriz, zenbait bertsio gordetzen ditu Born to Run-en egileak. The Top Notesek idatzi eta The Beatlesek ezagutarazitako Twist and Shout-ekin batera, konpromiso politiko eta sozial ageriko bi kantu jo izan ditu: Bob Dylanen Chimes of Freedom, zeinak babesgabeen alde egiten baitu, eta Woody Guthrieren This Land is Your Land, Springsteenek bere herrialdearen gainean duen begirada islatzen duen folk pieza ezaguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.