Kultura

Bruce Springsteenek Donostian kontzertua eskainiko du gaur

Bigarrenez joko du Euskal Herrian, joan den azaroan Barakaldoko BECen aritu ondoren.

2008ko uztailaren 15a
15:34
Entzun
Aiert Iriarte

Bruce Springsteen ikusteko aurreikusita zeuden 40.000 sarrerak duela ia hiru hilabete saldu ziren. Gaur 22:00etan izango da The Boss-en (nagusia) kontzertua, Donostiako Anoetako estadioan. Duela aste bat, ordea, beste 600 jarri zituzten salgai, ekoizpen arloko egokitzapenengatik, eta berantiarrek sarrera erosteko aukera izan dute. New Jerseyko (AEB) rock izarraren bigarren kontzertua izango da Euskal Herrian, iazko azaroaren 26an Barakaldoko (Bizkaia) BEC aretoan emandakoaren ostean. Magic bere azken estudioko diskoaren aurkezpenaren lehenengo bira europarra izan zen.

Bigarren honetan 22 kontzertu baino ez ditu emango, 12 herrialdetako hamazazpi hiritan banaturik. Portugal, esaterako, biratik kanpo gelditu da, eta Frantziak kontzertu bakarra izango du. 500.000 eta 14 milioi biztanle bitarte dauzkate aukeratutako hiriek; Donostia eta Cardiff dira salbuespenak.

Kontzertua lortzeko zailtasunen inguruan, Donostiako Get In talde antolatzaileko Iñigo Argomanitzek esana du bere bizitza profesionaleko "negoziaketarik zailena" izan dela. Azken hamar urteetan lau saio egin dituzte, eta behin betikoa izan denak zortzi hilabeteko ahalegina eskatu du. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza ezinbestekoa izan da; bakoitzak 150.000 euroko laguntza eman du.

Federici teklistaren heriotza

Azken hilabeteetan oso berri tristea jaso du Bruce Springteenek. Apirilaren 17an Danny Federici The E Street Band ezaguneko teklista hil zen, azaleko minbiziaren ondorioz. 40 urtean lan egin zuen Federicik Springsteenekin; Federici ere New Jerseykoa zen. Gaixotasuna zela eta, 2007ko azaroan taldea utzi behar izan zuen teklistak eta, esaterako, ezin izan zuen Barakaldon egon; Charles Giordanok bete zuen haren hutsunea. Hala ere, AEBetan zenbait kontzertutan parte hartu zuen Federicik. Azkena martxoaren 30ean izan zen, Indianapolisen. Springsteenek bi kontzertu bertan behera utzi zituen Floridan taldekidearen heriotzagatik.

58 urte dauzka dagoeneko The Bossek. Bada dioenik haren musika ez dagoela momentu onenean, baina zaleen erantzuna ikaragarria da oraindik. Barakaldon erakutsi zuten Bruce Springsteen eta The E Street Bandekoek maila handiko rocka egiteko gai direla oraindik, eta Anoetan bilduko direnak ikuskizun handia ikusiko dutela sinetsita daude.

Bira, espero bezain indartsu

Europako bira maiatzaren 22an hasi zen, Dublinen, eta ekainaren 20an amaituko da, Bartzelonan. Azken kontzertuetan, AEBetako musikariak ez du huts egin. Oslon bi kontzertu izugarri eman zituen hilaren 7 eta 8an. Lehenengoan 30 kantu interpretatu zituen, eta bigarrenak hiru ordu eta hamar minutu iraun zuen. Donostiara etorri aurretik, aurreko ostiralean Helsinkin aritu zen, eta birako kontzerturik luzeena eman zuen. 31 kantu jo zituen, eta baliteke Donostian bere markak gainditzen jarraitzea.

Madril eta Bartzelonan emango ditu birako azkeneko kontzertuak; 200.000 jarraitzaile inguru espero dituzte ekitaldiotan. Lehena Bernabeu zelaian izango da, hilaren 17an; Camp Nouk bi hartuko ditu, hilaren 19 eta 20an.

Bruce Springsteen Donostian da jada; larunbatean iritsi zen. Tom Waitsek igandean emandako kontzertuan bitxikeria bat gertatu zen. Springsteenen furgoneta gauez pasatu zen Kursaalaren paretik, eta zenbaitek pentsatu zuten kontzertua ikustera zihoala. Baina ez. Furgoneta aireportura zihoan Springsteenen familia jasotzera, beste hegaldi batean zetorrelako. Egunotan zaila izan da hiriko kaleetan ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.