Bueltan dira haur abesbatzak

Tolosako 53. Abesbatza Lehiaketa izango da hurrengo asteburuan. Urriaren 28tik azaroaren 1era egingo dute Leidor antzokian. Koruen zirkuitua ere antolatu dute

Tolosako 53. Abesbatza Lehiaketaren antolatzaile eta babesleak, atzo, Tolosako Topicen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Tolosa
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Azken bost urteetan haurrik egon ez denez, «berezia» izango da haien itzulera Tolosako 53. Abesbatza Lehiaketara, antolatzaileek aipatu bezala. Urriaren 28an hasiko da eta azaroaren 1arekin amaitu. Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokia izango du lehiak estalpe, baina horrez gaindi, parte hartzaileak biltzen dituen abesbatzen zirkuitua ere antolatu dute. Xabier Ormazabal lehiaketaren zuzendarietako batek helburu du sariketa Tolosan «ez gelditzea»: «Oihartzuna izan dezan Tolosatik kanpora, garrantzi handia ematen diegu antolatzen ditugun kontzertuei». 68 kontzertuko zirkuitua ondu dute; Nafarroan izango dira gehienak, eta besteak Lapurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Aragoin (Espainia) eta Kantabrian (Espainia).

Europako Abesbatzen Sari Nagusira sailkatzeko, badago zirkuitu bat sei lehiaketaz osatua dena. Tolosakoa horren parte da. Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxearen lehendakariak esan du «tamalez» aurten bi bakarrik egingo direla: Arezzokoa (Italia), abuztuan izan zena, eta hurrengo asteburuan Tolosan egitekoa direna. Dena den, «maila mantendu» izanaz harro agertu da Imaz, egin duten «esfortzu handia» azpimarratuz.

Gustuko dutena gogoz egiteko moduan daudela aitortu du Imazek, osasun egoera zela-eta aldaketak egin behar izan baitituzte azken urteetan. Antzera mintzatu da Luis Miguel Espinosa lehiaketaren zuzendaria, eta azaldu du 2019tik maskararik gabe egingo duten lehen sariketa dela. Iaz jaialdi gisara antolatu zuten, baina aurten lehiaketaren «esentzia» berreskuratuko duelako pozik dago. Baita egin duten proposamena «interesgarria» zaiolako ere. Asiako eta Zeelanda Berriko koruak alboratu behar izan dituzten arren, «lasai» agertu da «pluraltasuna» bermatu izanaz: «Guretzat beti izan da garrantzitsua proposamen askotarikoak egitea dauden korronte kultural ezberdinak aintzat hartzeko. Folkloreak, esaterako, leku berezia hartzen du gurean, beste sariketa batzuetan ez bezala».

Ordezkaturik egongo dira Europako tradizio koral denak, Espinosaren arabera. AEBetako abesbatza bat ere izango da, eta baita mexikar bat ere.

Ukrainako gerraren menpe

Ukrainako gerraren «eragina» zein izan den ere azaldu du Espinosak: «Haurren lehiaketa prestatzen hasi ginenean, harremanetan jarri ginen Errusiako Vesna koruarekin, haur kategorian dagoen abesbatzarik esanguratsuenetako bat baita. Gerra hasi zen, ordea, eta, egun, ezinezkoa zaigu ekartzea». Itxia baitute aire eremua. Ukrainako Sofia Chamber Choirrekin ere zalantzak dituztela gaineratu du: «Duela gutxi aipatu ziguten metroan egiten zituztela entseguak, haien lokala bakartuta dagoelako. Nabari dugu haiek gogoz daudela etortzeko, baina azken komunikazioetan desesperazioa sumatu diegu». Ukrainako abesbatzak kale egingo balu, tradizio eslaviarrak ez luke ordezkaririk izango, errusiarrak ere ez baitira egongo.

Lehiaketatik eta zirkuitutik at hiru kontzertu berezi ere izango direla aurreratu dute. Tolosan bertan izango dira, eta lehenean Stuttgart Kammerchor abesbatza alemaniarrak musika erlijiosoaren emanaldi bat egingo du urriaren 28an ostiralez, 19:30ean, Santa Klara elizan.

Bigarrena KUP taldeak eskainiko duen kontzertua izango da, Santa Klaran bertan, urriaren 31 astelehenean, 19:30ean.

Azkenik, lehiaketaren amaiera saioaren ondotik, AEBetako Byu Singers abesbatzaren txanda izango da, azaroaren 1ean, 19:00etan, San Frantzisko elizan.

Abesbatzak ahots berdinekoak zein nahasiak izan daitezke. Lehen talde hori bitan banatzen da: ahots zuri eta behekoetan. Zuriak, oro har, sopranoz, mezzo-sopranoz eta altuez osatuak dira; behekoak, ostera, baritono, tenor eta baxuez. Horien denen elkarketarekin lortzen dira ahots nahasiak.

Edozein korutako talde murriztu batek osatzen du ganberako abesbatza. Maiz koru talde nagusi bati lotuak. Instrumentuen ordez ahotsak darabiltzana.

Euskara mundura

Ormazabalek nabarmendu nahi izan du euskal musika eta euskara «munduratzea» dutela ardatz. Lehiaketako oinarrietan azaldu bezala, abesbatzek euskaraz idatzitako bi lan abestu behar dituzte nahitaez. Lehiaketak berak ezartzen du bat, eta librea da bestea: «Modu horretan, hizkuntzaren nortasun hori munduratzen dugu, eta adierazten dugu guk badugula gure hizkuntza». Aurten, modalitate nahasiko ganbera abesbatzek Josu Elberdinen Ave Maria abestu beharko dute; ahots berdinekoek Cesar Alejandro Carrilloren Videntes Stellam Magi. Folklorean, berriz, Lorenzo Hondarraren Bi gau kanta kantatu beharko dute nahasiek, eta berdinek, aldiz, Junkal Guerrerok konposatu duen Errota abestia.

Lehiaketaren epaile izandako Michael McGlynnek asteon Facebooken izan duen eztabaida aipatu du Ormazabalek. Irlandarra da, eta gaelikoz abestea zaila zela zioten batzuei Tolosako lehiaketa jarri die adibide: «53 urtez euskarazko abestiak jarri ditugu, eta normaltasun osoz abesten dira munduan zehar. Taldeek errepertorioetan sartzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.