Atentzioa eman zidan hasieran. Proletalgoaren museo bat, Kopenhageko alde zaharraren mugan dagoen etxe arrunt batean, Danimarkako erregeen jauregi eta lorategi zainduetatik ia bertan. Zer erakuts ote zezakeen, museo bat osatu al zitekeen. Langileak, horixe, eta haien bizitza. Sorensen familiaren hiru belaunaldi bizi izandako etxebizitza xumea da museoaren abiapuntua. Etxea bera, bere sukalde logela eta atariarekin, arropa baxera eta argazkiekin. Eta Sorensendarrenean gelaz gela ibiltzen zara, hain etxeko egiten zaizun dekorazioari begira. Sorensen familiako gizon emakume eta umeak portuko eta inguruetako metalurgia lantoki handietara lanera behartuak izan zirenetik gizarte postindustrialaren atarirainokoak jartzen dizkizu begien aurrean etxe xume horrek. XX. mende osoaren historia, langileen biziera eta borroketatik kontatua.
Sorensendarrena izandako etxebizitza, Jendearen Etxearen gainean dago. Europa iparraldeko langile topagune zaharrena dela dio hormako txartelak, 1909an sortua. Orduan jendea esatea langileak esatea zen, jendea esan eta proletalgoa zen, jendea esan eta eraikitzen ari zen klase kontzientzia bat aipatzea zen. Langileek erositako eraikinak ziren Jendearen Etxeak, gune libreak ere deitzen zituztenak. Romersgade 22an dagoen honen areto nagusiak langileen iraultzan sinesten zeneko garaiaren oihartzuna dakar.Sabaitik zintzilik daude sindikatuen banderak, gorriak denak: bizarginen sindikatuarena bere isipu eta aiztoarekin, harakinena labana eta aizkora txikiarekin, jostunena haria eta orratzarekin, metalurgiakoena torloju eta mailuarekin, arotzena zerra eta iltzeekin, marinelena, baserritarrena, maisu-maistrena. Eta beste hamaika. Hor egin ohi zituzten urte zaharretako festak sonatuak ziren hiri osoan. Hor hitz egiten zuten garaiko sozialdemokraziako buru ezagunenek. Zer izan ote zen hor Rosa Luxemburg entzutea, ze dardara sortu ote zuen.
Lantokietako lanek beste solairu bat hartzen dute: langile bat piezak soldatzen eta zerra burdin perfilak mozten; bizikletak eta motorrak egiten beste une batean; garabiak ikuzgailuak josteko makinak geroago. Eta txoko batean burdin txirbil meta bat, bere kolore urdinkara metalikoz, batzuetan zilar batzuetan urre distiraz. Bai arrunt bai bitxi. Proletalgoaren museoan baino lehen Esther Ferrerren erakusketa batean ikusi nuen orain urte asko burdin txirbil muntto bat, Parisko kaleetako harlauza pilaren alboan. Batak proletalgoa adierazten zuen, besteak iraultza. Eta orduan gogoratu nuen irudi bera etorri zait burura: ni umetan, txirbilarekin jolasean aitaren lantokian, eskuetan zauririk ez egiteko estutu gabe oratuz bilduz pilatuz mendiak eginez zabalduz paisaia eta pertsonaiak irudikatuz. Abar metalikoa, abarrots hotza. Kamino nazional zaharreko bazterreko lantokien atarietan burdin txirbil metak bata bestearen atzetik zeuden orduan. Autoko leihotik begira, ume begietan islatzen zen paisaia.
Nazional zaharraren ordez autobia eraiki zelako beharbada, lantoki asko itxi delako apika, burdin piezak zerra metalikoarekin ez baizik laser argiz mozten direlako orain akaso, txirbila kutsagarria izan litekeelako igual, paisaia berdeak itsusten uste zituelako ausaz, ez dakit zergatik, baina txirbil metak lantoki atarietatik aspaldi desagertu ziren. Eta desagertu zirela ohartu nintzeneanjabetu nintzen mendi kolore urdinkara eder hori burdin usai n lehor gozo hori aita lan buzoa jantzita zela, burdin zatiak elkarren artean soldatzen,betaurreko lodi zantar batzuk jantzita izpi gorri itsugarrien argipean.
Txirbila gure aita dela, eta txirbil horretatik gatozela.
Langileen borroka, iraultza, greba orokorrak, manifestazio jendetsuak, langile eskubideak, ongizate gizartea. Gaur egun hori dena atzendua edota atzentzear dagoenean, zer oihartzun ote duen ez da erraz asmatzea. Sobietar Batasuna desegin zenean, Kopenhageko museora eramandako lau metro luze eta zapi tona astun den Leninen estatua atzeko atarian ezkutatu behar izan duteberriki eskumaren presioaren presioaz. Museoaren zuzendariak esana da ez dela arazorik gabeko bidea honelako historia bat egitea. Langileena esan nahi du, klase edo talde azpiratu batena, alegia. «Zailena jendea bere berezko historiarekiko engaiatzea da, langile identitatea barneratzea, kontzientzia zabaltzea. Gero eta gehiago gertatzen da norberak esperientzia pertsonal gisa bizi duela bere langile bizitza, eta ez da ez txar ez on, baina ikuspuntu indibidualista hutsak perspektiba galtzeko arrisku handia du». Agian ez dugu Lenin behar, ez dugu proletalgoaren diktadurarik behar. Iraultzarik? Ez dakit, baina zerbait bai. Nondik gatozen jakitetik hasten da bidea. Zer garen zer izan nahi dugun orain arte burges izatera jolastu garen langileok. Txirbilarenak gogoratzea, besterik ez bada.
Katuajeak
Burdin txirbila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu