Kritika. Arte eszenikoak

Caravaggio musikatua

Agus Perez.
2025eko maiatzaren 10a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

'Il lamento di Caravaggio'

Konpainia: Teatri 35. Orkestra: Tiento Nuovo. Klabezina eta zuzendaritza artistikoa: Ignacio Prego. Kontratenorra: Carlos Mena. Antzezleak: Gaetano Coccia, Francesco Ottavio de Santis, Antonella Parrella. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 8.

Napoliko (Italia) Teatri 35 konpainiak 25 urte darama tableaux vivants delako teknika praktikatzen, eta oraingo honetan haien harribitxietako bat ekarri dute Bilboko Arriaga antzokira, Il lamento di Caravaggio (Caravaggioren auhena) izenburuarekin.

Beraien esanetan, «batez ere musika da elementu zentrala gure ikerketan: gure testua da, gure dramaturgia». Horren kontura Tiento Nuovo izeneko orkestra txikia ekarri dute, eta musikazale profano honen aburuz, txukuntasun osoz jardun dute bederatzi musikariek eta Carlos Mena kontratenorrak Ignacio Pregoren zuzendaritzapean.

Aro barrokoko zortzi konpositoreren bederatzi ganbera-pieza entzun ditugu ondo dimentsionatutako kontzertuan. Egile gehienak alemaniar kulturakoak izan dira, bat italiarra eta beste sortzaile bat anonimoa da. Entzun ditugun konposizioen artean Stabat Mater ezaguna egon da, baina ez Pergolesiren bertsioan, haren aurreko mendeko Giovanni Felice Sancesenean baizik.

Agertokia bi eremutan antolatu da, ezkerreko aldean orkestra kokatu da, eta beste erdian behegainetik sakabanatutako oihal beltz, gorri eta zuriak, eta mahaitxo baxu bat ere bai, fruta plater oparo batekin. Hasiera batean uste izan dut Caravaggioren margolanen proiekzioak ikusiko genituela, baina ideia hori nire ustea baino ez da izan. Johann Heinrich Smeizerren Sonata baten amaieran sartu dira eszenan Teatri 35eko hiru sortzaileak, eta hortik aurrera italiar maisuaren margolan ezagunak joan dira gauzatzen, ustezko kaosean zeuden oihalak hartuta eta abilezia handiz beren gorputzetan jantzita.

Horrela konturatu gara mahaitxoko bodegoia ez zela dekorazio hutsa, Caravaggioren Canestro di frutta baizik, eta gero etorri diren beste koadro asko ezagunagoak egin zaizkigu, hala nola Salome con la testa del Battista edota Crocifissione di San Pietro, batzuk aipatzearren, hemeretzi izan direlako guztira. Antzezpenen bidez hobeto baloratu ditugu maisuaren argiztapen tenebrista —emanaldian bikain gauzatu dena—, koloreen hautatze sinbolikoa eta pertsonaia bakoitzaren jarrera esanguratsua, buruaren inklinazioan, hatz erakusle baten determinazioan eta giza taldeen disposizio kementsuan nabarmentzen zena.

Amaitzeko, antzezleen jarduera estoikoa, zehatza eta leuna izan da niretzat hunkigarriena, eta oso interesgarria egin zait koadro bakoitza gauzatzeko sistema, prest eta egoki jantzita zeudenean hasierako posizio batean jartzen zirelako handik gutxira tarteko jarrera batera igarotzeko, eta, azkenik, margolaneko konposizio ezaguna hartzen zuten, artelanari segundo batzuez eutsiz —batzuetan minutu bat eta guzti— gure harridura eta gozamenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.