Carlos Saenz Tejadaren lanak erakusten ari da Balentziaga museoa

Artistak 30eko hamarkadako Parisko modaren berri ematen duten 300dik gora irudi daude ikusgai

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Carlos Saenz Tejada (Tanger, 1897-Madril, 1958) artistaren 300dik gora lan bildu ditu Getariako Balentziaga museoak Marrazkiaren dotorezia. Parisko kronika. Carlos Saenz Tejada erakusketan. Txinako tinta, akuarelak eta guaxa baliatuz pintatutako moda ilustrazioak dira bildutako guztiak. Irudiak Getariako Aldamar jauregian izango dira ikusgai maiatzaren 27 arte.

Saenz Tejadak 30eko hamarkadako Parisko moda kronika ilustratua egin zuen Europako eta AEBetako zenbait egunkari eta aldizkaritan. Erakusketarekin batera, moda ilustrazioaren inguruko ikastaroa, zinema zikloa eta zenbait hitzaldi antolatuko dituzte. Erakusketa Madrilgo ABC museoaren eta Balentziaga museoaren arteko ekoizpena da. Lanak ABC museoko bilduma iraunkorraren parte dira, eta bertoko zuzendaria Ana Corcho da erakusketako komisarioa.

Ekonomiari dagokionez, 30eko hamarkadakoak depresio urteak izan ziren, baina moda arloaniraultza handia egin zen. Saenz Tejadak iraultza hori ezagutu zuen Parisen, eta horren berri eman zuen bere irudien bidez. Vogue, Jardins des Modes, Chicago Tribune, Harper's Bazaar eta Abc hedabideentzako marrazkiak egin zituen, beste askoren artean. Haren marrazkietako irudiak oso estilizatuak dira; izan ere, Parisen zelarik, atzean utzi zituen 20ko hamarkadan landutako errealismoa eta XX. mende hasierako Madrilgo abangoardietako eraginak.

Heriotzaren 40. urteurrena

Etzi, ostiralean, 40 urte beteko dira Balentziaga hil zenetik, eta Getariako museoak hainbat ekitaldi antolatu ditu urteurren hori dela eta. Eguartean lore eskaintza egingo diote Getariako hilerriko hilobian, eta haren erretratu argitaragabe bat erakutsiko dute museoaren atarian. Gero, Musikeneko hainbat musikarik hainbat pieza joko dituzte 12:30etik 13:15era arte, eta nahi duen orok ere musika jotzeko aukera izango du museoan, 20:00etara bitartean, bakarka zein taldeka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.