Carlos Velasco jazz gitarristak bere aurreneko bakarkako lana argitaratu berri du. Muy personal diskoak (Gaztelupeko Hotsak) artistak berak konposatutako bederatzi abesti instrumental biltzen ditu. Horietako gehienak hirukotean interpretatzekoak dira, laukote formatuan jotzeko bi salbu. Kantu guztiak elkarrekin jota grabatu dituzte musikariek. Velascok bossa, blues, swing eta txa-txa-txa doinuak jazzaren eremura eraman ditu. Borja Barrueta bateria jotzailea eta Ivan San Miguel kontrabaxu jotzaileak izan ditu lagun, eta hirukoteak Joshua Edelman pianista estatubatuarra, Santi Ibarretxe saxo jotzailea eta Gorka Iraundegi organista izan dituzte abesti banatan kolaboratzaile.
Carlos Velasco (Basauri, Bizkaia, 1963) eskarmentu handiko musikaria da. 25 urte darama musikari lanean, baina, hala ere, ez du orain gutxira arte lan propioa ateratzeko beharrik sentitu: «Hainbat faktore batu dira: diskoa grabatzeko ideia hor zegoen; horrekin batera, bost urte daramatzat gitarra jotzen Bilboko Ingelesen Zelaian, azken horrek jazzaren inguruan arreta handiagoa jartzen lagundu dit, eta hirukote bat grabatzeko prestatu nau».
2010ean sortu zen diskoa grabatzeko ideia, Joshua Edelman piano jotzailearekin jazz laukote batean jotzen zuenean. Velascok lagunarekin batera disko bat grabatzeko ideia izan bazuen ere, Edelmanek bakarkako lana egitera bultzatu zuen: «Joshuak bakarkako diskoa egitera aholkatu ninduen; nahi izanez gero nirekin kolaboratuko zuela». Edelmanekin batera, Ibarretxeeta San Miguel izan ditu kolaboratzaile: «Ez nuen diskoaren soinua kolaborazioetan oinarritu nahi. Oso disko pertsonala egin nahi nuen, nire soinu eta istorioarekin».
Lagunentzako laudorioak baino ez ditu, guztiak ondo ezagutzen ditu, beraiekin maiz jo izan baitu. Santi Ibarretxe Pork Pie Hat euskal jazz talde aitzindarian lagun izan zuen 80ko hamarkadan, eta Iraundegi Ingelesen Zelaian lagun du ia arratsaldero: «Asko interesatzen zitzaidan beraiekin jotzea, oso musikari onak dira eta beraiekin oso gustura sentitzen naiz». Denek elkarrekin jotzen grabatu dituzte diskoko kantuak, jazz musikaren «esentzia» mantentzeko gogoz: «Musika freskoagoa izatea lortzen da, musika biziagoa lortzen da, momentuan sortzen dena jasotzen da, jotzen duzun bakoitzean ñabardurak sortzen dira, eta hori da jazzaren filosofia».
Publikoaren harrera ona
Musikariek hainbat kontzertu emanak dituzte lana aurkezteko. Velasco pozik dago diskoak izan duen harrera onarekin: «Publikoak oso ondo hartu du, jazzaren entzuleria ez da oso zabala, baina kontzertu gelak ere txikiak dira; egia esan, oso jarleku kopuru egokia dute, eta publikoak oso ondo hartu gaitu». Harrera ona izan badute ere, Euskal Herrian musikaz bizitzea zaila dela aitortu du, eta musikariek enplegu askotarikoak izan behar dute: «Gehienok klaseak ematen ditugu, baina ni, horrez gain, taxi gidaria ere banaiz, autoan nire estudio txikia dut, berton ikasi eta gero kantuak prestatzeko demoak grabatzen ditut».
Diskoaren izenburuak lanaren esentzia jasotzen du, haren ustez, «Gidari gisa grabatu dudan lehen diskoa da hau, nire abestiekin grabatu dudan lehena; hori dela eta, proiektua oso era pertsonalean hartu dut. Diskoa nire emazte eta semeei eskaini diet. Izenburuak proiektuak niretzat duen esanahia islatzen du». Oraindik eta ukitu pertsonalagoa emateko, abestien jatorria eta bakoitzarekin duen erlazioa azaldu ditu diskoaren liburuxkan; testu horietan abestien hainbat alderdi azaldu ditu.
Carlos Velascok jazz musikaren esentziara jo du bakarkako aurreneko lanean
Hirukote eta laukote formaturako idatzitako piezak bildu ditu gitarra jotzaileak 'Muy personal' diskoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu