Carmelo Bernaola, ezagunago

Aurretik grabatu gabe zeuden musikagilearen lau lan jaso ditu EOSek Euskal Konpositoreen Bildumako diskoan

Carmelo Bernaola (ezkerrean), Jesus Guridik emandako diploma bat jasotzen, Madrilen, 1956an. EOS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Carmelo Bernaola musikagilearen lanekin osatutako disko bat plazaratu du, Euskal Konpositoreen Bildumako hamabosgarrena eta azkena. Juanjo Mena zuzendari zutela grabatu zuten diskoa EOSeko musikariek, Leticia Moreno biolin jotzailearen laguntzarekin, iazko udan, EOSek Donostian duen egoitzan. 63 minutuko grabazioa da, Bernaolaren honako lau lan hauekin osatua: Fanfarria-preludio (1995), Piezas caprichosas (1997), Sinfonía nº 2-eko(1980) lau atal eta Fantasías (2001). Grabaziorako Bernaolaren obrak hautatzean, aurretik grabaziorik ez zutenei eman diete lehentasuna Juanjo Mena zuzendariak eta Jose Luis Garcia del Busto musikologoak, Bernaolaren biografiaren idazleak.

Aurretik grabatu gabeko lanak hautatu izanaren ondorioz, diskoak «interes handiko errepertorioa» eskaintzen du, Garcia del Bustoren ustez. Bernaolaren sormenaren «heldutasunik beteena» ageri da Sinfonía nº 2eta Piezas caprichosas obretan; Fanfarria-preludio eta Fantasías, berriz, egilearen «azken aroko sorkuntzaren» erakusgarri fidelak dira.Bernaolak 1995ean sortu zuen Fanfarria-preludio, baina lan horixe izan zen hil zenean—2002an— estreinatu gabe geratu zitzaion obra bakarra; Bilboko Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen, 2004an, Juanjo Menak zuzenduta. Fantasías, berriz, Bernaolaren azkeneko lana da, «misteriotsua eta premonitorioa», Garcia del Bustoren iritziz; 2001eko otsailean sortu zuen Bernaolak, gaixorik zelarik dagoeneko, eta ez zuen izan Granadan egin zen estreinaldira joaterik.

Carmelo Bernaolak (Otxandio, Bizkaia, 1929 - Madril, 2002)eta EOSek harreman estua izan zuten. Musikagileak orkestra zuzendu zuen hainbatetan, eta orkestrak musikagilearen lanak eman beste batzuetan. Gainera, EOSen enkargu bat jaso zuen aurreneko musikagilea izan zen Bernaola, 1985ean.

Juanjo Mena zuzendaria,BOSeko zuzendari ohia eta egun BBC Philarmonic Orchestrako zuzendaria, Bernaolaren ikasle izan zen Gasteizko Goi Mailako Musika Eskolan. Musikaren munduan orain arte egin duen ibilbidea egin ahal izateko, Bernaolarekin izandako harremana «erabakigarria» izan delakoan dago Mena, eta oso esker oneko ageri da beti hartaz mintzatzean.

Bildumako azken diskoa

Jesus Guridiren lanekin osatutako diskoaren grabazioarekin ekin zion EOSek Euskal Konpositoreen Bildumari, 1997an, eta Bernaolaren lanen grabazioarekin eman du amaitutzat bilduma hori. Gainerako hamahiru diskoek egile hauen lanak jaso dituzte: Jose Maria Usandizaga (1998), Jesus Aranbarri (1999), Andres Isasi (2000), Francisco Escudero (2001), Pablo Sorozabal (2002), Aita Donostia (2003), Tomas Garbizu (2004), Aita Madina (2005), Juan Crisostomo Arriaga (2006), Luis de Pablo (2007), Beltran Pagola (2008), Valentin Zubiaurre (2010) eta Pedro Sanjuan (2011). Disko guztiak Suitzako Claves diskoetxearen bitartez jarri ditu plazan EOSek, eta disko bakoitzeko 2.500tik 3.000 bitarte ale kaleratu ditu. Bildumaren helburua Euskal Herriko musikagile garrantzitsuenen lana Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpora ezagutaraztea izan da hasieratik.

Guztira, Euskal Konpositoreen Bildumakoak barne direla, 56 disko grabatu ditu orain artean EOSek. Bilduma hori bukatu izanak bestelako grabazioetan azken urteetan zabaldutako «dibertsifikazio lerroan sakontzeko» aukera emango die aurrerantzean orkestrako musikariei, Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak azaldu duenez. Batez ere, Euskal Herriko hainbat musikagileren lan lirikoak eta Euskal Herriko hainbat musikagile garaikideren obrak grabatuko ditu aurrerantzean EOSek, «zinemako musikari keinuak» egiteaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.