Caroline: soinuaren mugen bila

Zortzikote ingelesak kontrastez beteriko bigarren diskoa argitaratu du: ‘Caroline 2’.

Caroline taldea, Caroline Polachekekekin batera. HENRY REDCLIFFE
Caroline taldea, Caroline Polachekekekin batera. HENRY REDCLIFFE
mikel lizarralde
2025eko ekainaren 29a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hartu talde handi bateko lau kide eta jar itzazu gela batean kantu akustiko goxo bat jotzen. Bandako beste lau partaideak, berriz, eraman itzazu beste gela batera, eta jo dezatela beste pieza bat, erabat ezberdina. Mikroa eskuan, mugitu zaitez batetik bestera, kantu bat lehen planoan dagoenean bestea ere entzun dadin atzean. Teknika berezi horrekin dago grabatua Caroline zortzikote ingelesaren bigarren diskoa (Caroline 2) osatzen duten zortzi kantuetako bat: Coldplay Cover —zerikusirik ez Chris Martinen taldearekin, nahiz eta izenburuak hori iradoki—. Eta grabazio modu bitxi hori kantu horretan besterik erabili ez badute ere, Carolinek esperimentatzeko eta soinu berriak bilatzeko egin nahi duen lanaren erakusle ere bada.

Manchesterreko Unibertsitatearen inguruan sortu zuten Caroline, 2017an, Jasper Llewellyn (bateria, txeloa eta ahotsa), Mike O’Malley (gitarra) eta Casper Hughesek (gitarra eta ahotsa). Aurretik emo-pop eta folk taldeetan aritutakoak ziren hirurak, eta elkartu bezain laster, inprobisazio saioak egiten hasi ziren. Berehala gehitu zitzaizkien, tantaka, beste bost kideak, Oliver Hamilton, Magdalena McLean, Freddy Wordsworth, Alex McKenzie, eta Hugh Aynsley, eta, besteak beste, biolinak, tronpetak, perkusioak eta klarineteak gehitu zizkioten taldeari. 

Rough Trade diskoetxe ezagunak kaleratu zuen, 2022an, taldearen estreinako diskoa, folkaren, post-rockaren eta slowcorearen artean kulunkatzen zen lana: Caroline. Lehenengo lan hartan, melodia politak egiteko gaitasuna ez ezik, haiei buelta bat eman eta disonantzien bitartez beste eremu batera eramateko nahia ere adierazten zuen Carolinek. Neurri handi batean, lan esperimentala zen, baina ez zion inoiz bizkarra ematen entzuleari.

Llewellynen hitzei kasu eginez gero, lehenengo disko hura urte batzuetan egindakoaren «bilduma» zen. Caroline 2, ordea, «adierazpen bat» da, taldea gaur egun zer den agertzeko kantu bilduma bat.

Kantu askeak

Total Euphoria-rekin hasten denetik, Caroline 2-k erakusten du zortzikoteak ez duela arau jakinik bete nahi. Kantu hori etengabe errepikatzen den gitarra akorde batekin hasten da; berehala, mantra baten antza hartzen duten ahotsak sartzen dira, eta, bitartean, bere kasa doan bateria batek bere bidea egiten du atzean. Kaosaren antza hartzen du, baina kaos harmonikoa da finean. 

Lehenengo kantu horrek berak aurreratzen du gero datorrena, disko osoan grabazioekin bezala esperimentatzen baitu taldeak kantu egiturekin eta soinuekin. Alde batera edo bestera lerratu gabe, Carolineren proposamenean folkaren aztarnak suma daitezke, baina baita abangoardiako musikarena eta hyperpoparena ere. Eta, batez ere, kantu bat nola hasten den jakin arren, entzuleari zaila egiten zaio nola amaituko den aurreikustea, zortzikoteak egitura tradizionaletatik ihes egiten du-eta etengabe. 

Taldea zortzi kidek osatu arren, Llewellyn, O’Malley eta Hughes dira, oraindik ere, Carolineren muina, eta haiek egiten dute beti konposizio lana. Llewellyn: «Normalean, hirurotako batek ideia txiki bat ekartzen du, gero hiruron artean hitz egiten dugu, proba batzuk egin, inprobisatu, eta ahots parte batzuk edo oinarrizko akorde batzuk zehazten ditugu. Segidan, beste bostei erakusten diegu, zortzion artean inprobisatzeko».

Caroline 2, beste ezeren gainetik, kontrastez beteriko diskoa da. Elkarren artean talka egiten duten elementuak nonahi agertzen dira, baina, halere, horiek ez diote eragiten bandaren nortasunari. Gainera, esperimentaziorako joerak ez du ezkutatzen kantuen oinarrian pop melodiak daudela. Hori nabarmena da Tell Me I Never Knew That-en. Kantu horretan Caroline Polachekek parte hartu du, eta ziur aski diskoko kanturik errazena da. Eta, hala eta guztiz ere, pieza konbentzional bat izatetik oso urrun dago.

Beste pieza batzuek, berriz, errusiar mendi baten trazak hartzen dituzte. U R UR ONLY ACHING izan liteke horren adibide agerikoena. Gitarra akorde soil batekin eta ahots harmonia ederrekin hasten da,  beste hamaika tresna joaten zaizkio gehitzen segidan, eta une batean, eten bat egin eta ahotsa eta gitarra akustikoa gelditzen dira bakarrik. Ez da hor amaitzen kantua, gitarra distortsionatu sare baten eta biolin karrankarien gainean autotuneak moldatutako ahots bat hasten baita kantatzen.

Diskoko azken bi kantuek ederki azaltzen dute non mugitzen den Caroline 2. Two Riders Down kantu eroa da, intentsitatez gainezka egiten duten hari konponketen gainean eraikitakoa; Beautiful Ending, berriz, egitura hauskorra duen pieza abstraktua. Kontrastez beteriko talde baten laginak biak ala biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.