Idazle gisara, «dena» esan behar duela uste du Catherine Milletek (Bois-Colombes, Frantzia, 1948). «Emakume ezkondua naizen aldetik, aldiz, nahiago dut pentsatzen eta egiten dudan guztia ez esan». Gutun Zurian izan zen atzo, eta Bilboko jaialdiaren aurtengo goiburuak (Egin ezazu nahi duzuna, ezer egiten ez duzun bitartean)bikoterako duen filosofia ezin hobeto laburtzen duela azaldu zuen. «Batzuetan zaila da idazle moduan esandakoek bikote harremanean eraginik ez izatea. Baina bikotearen guztizko lotura eta elkar ulertzea ilusio bat baino ez da. Sexualitateak banatu egiten ditu bikotekideak. Ikuspegi eta proiektu ugari partekatzen dituztenei ere gertatzen zaie; sexualitateak aldendu egiten ditu».
Haatik, jende andanak bikotean bizi nahi duela onartzen du Milletek. Baita berak ere. Urte mordoa da Jacques Henric idazlearekin ezkondu zela. «Ondo egoteko, nork bere aldetik askatasuna izan behar du, eta bikotekidearekin ahalik eta gutxiena hitz egin», uste du idazle eta arte kritikariak.
Literatura errusiarra
2001ean kaleratutako La vie sexuelle de Catherine M. liburu polemikoan azaldu zituen bikote harremanean zein handik kanpo izandako askotariko sexu esperientzia libreak. Literatur kritikari batzuek emakumearen askapenaren aldarri moduan hartu zuten; eta, beste batzuentzat, baliorik gabeko pornografia hutsa baino ez da liburua. Nolanahi den, 33 hizkuntzatara itzuli dute, eta bi milioitik gora ale saldu ditu mundu osoan.
Milleten aburuz, harrigarriena ez da berak kutsu pornografikoa duen liburu bat idatzi izana, «liburu horrek horrenbesteko arrakasta eduki izana baizik».
Dioenez, «sexualitatea ikuskera errealistaz jorratzen zuen aitortza zintzorik ez zegoelako» idatzi zuen , «eta bizitzak esperientzia batzuk izatera eraman ninduelako; alegia, banuelako zer kontatu». Haserrealdirik bizienak ustez intelektualak diren jendeen artean gertatu zirela gogoan du Art Press aldizkari entzutetsuko zuzendari ere badenak. «Nire moduko giroetan mugitzen direnek erreakzionatu zuten okerren. Aldiz, bestelako herritarrek ondo hartu zutela uste dut». Ez daki ziur horren arrazoia. «Irakurleek beharbada ez dituzte izango liburuan azaldutako bizipen guztiak, baina hein handi edo txikiagoan denok dauzkagun mamuak dira».
Errusia izan da literatura gonbidatua Gutun Zurian. Eta Sobietar Batasunetik herrialde hartako literaturak eginiko bidearen berri eman zuten hainbat adin eta estilotako idazleek. Vladimir Makanin, Aleksei Varlamov eta Maria Galinak, besteak beste.
Catherine Milleten iritziz, «bikotearen guztizko lotura ilusio bat baino ez da»
'La vie sexuelle de Catherine M.' liburuko bizipenak «mundu guztiaren mamuak» direla esan du Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu