LITERATURA

Cees Noteboom eta Samanta Schweblin, Donostiako Literaktumen

Maitzaren 5etik 16ra egingo dira literatura eta poesia oinarri duten jardunaldiak.

Cees Noteboom idazlea.
Kultura
2015eko apirilaren 28a
18:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostia Kultura antolatzen du, eta aurtengoan, Liburuzainen elkartearekin eta DSS2016EU hiriburutzarekin lortutako lankidetzari esker, Liburu Lurraldea programa sortu dute, liburu dendek topaketa eta elkarrizketarako gune gisa duten gaitasunari indarra emateko.

Hiri osoan garatuko dute Literaktum, eta egitarau zabala izango du. Marka bihurtu nahi dituzten gaien bidez sailkatu dituzte jarduerak: Ibilbideak, Erronka, Irakurgunea, Literaturaetagehiago, Natura poetikoa, Liburu Lurraldea, Literaktumek aurkezten du, Apaletatik bidaia, Kafea idazleekin eta Ametsekin jolasean. Honela, adibidez, Ibilbideak izeneko atalean, Almudena Grandes eta Maria Dueñas idazleekin solasteko aukera egongo da; Erronka-n egun eztabaidagai diren auziak landuko dituzte, hainbat idazle eta intelektualen eskutik; Irakurgunea Alderdi Ederreko parkean egongo den karpan ezarriko dute, eta solasaldi eta irakurketa kluben bidez dinamizatuko dute.

Liburu Lurraldea-n liburu dendek topaketa eta elkarrizketarako duten gaitasuna indartu nahi dute: "Liburu dendak ezinbesteko guneak dira kultur bizitzan, leku dinamiko eta irekiak; askatasun tarte bat eskaintzen dute elkarrizketarako, aurkikuntzarako eta gogoetarako", azpimarratu dute Donostia Kulturakoak, gaur goizean egindako aurkezpenean.

Kafea idazleekin programan, esaterako, irakurle taldetxo batek aukera izango du Maria Dueñas eta Harkaitz Cano idazleekin hitz egiteko, liburu denda batean kafea hartu bitartean.

Literaktumen, gainera, Ramon Saizarbitoria, Unai Elorriaga eta beste hainbat idazlek parte hartuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.