Charlie Watts The Rolling Stones taldeko bateria jotzailea 80 urte zituela hil da. Haren publizista Bernard Dohertyk eman du albistearen berri, gaur arratsaldean. Musikariari ebakuntza bat egin berri zioten, Londresen, eta ospitalean hil da, ohar baten bidez adierazi dutenez. «Londresko ospitale batean hil da, bere familiaz inguratuta».
1963tik The Rolling Stones taldeko kide zen Watts. Haren taldekideek berehala partekatu dute oharra sare sozialetan. «Watts senar, aita eta aitona maitatua zen, eta The Rolling Stones taldeko kide gisa ere bere belaunaldiko bateria jotzaile handienetako bat», adierazi dute ohar bidez. «Bere familiaren, taldeko kideen eta une zail honetan hurbilen dituen lagunen intimitatea errespetatzea eskatzen dugu».
— The Rolling Stones (@RollingStones) August 24, 2021
Taldea kontzertu bira bat hastekoa zen irailean AEBetan, eta dagoeneko iragarrita zuten Wattsek ez zuela parte hartuko, medikuek hala gomentatuta. Gerora jakinarazi zuten ebakuntza bat egin behar izan ziotela. 2004an eztarriko minbizia izan zuen Wattsek.
Ia hastapenetatik The Rolling Stones taldeko kide izan zen, eta Mick Jagger eta Keith Richardsekin batera hasierako kideetatik taldean irauten zuenetako bat zen Watts. Londresko kamioilari baten eta etxekoandre baten semea zen, eta haurtzaro apala izan zuen: familia etxe prefabrikatu batean bizi izan zen. Etxean, bere kabuz hasi zen bateria jotzen; 14 urte zituela oparitu zioten lehen bateria, eta bere gaitasunak finduz joan zen pixkanaka. Jazzera hurbildu zen lehenik, eta bluesera gero. Blues Incorporated taldearekin aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran, harik eta Brian Jones eta Keith Richards ezagutu zituen arte. Ordurako sortu berria zen The Rolling Stones, eta taldeko partaide izateko gonbita egin zioten. Bertan aritu da ordutik, mende erdiko ibilbidea onduz.
Watsen bateriak eragin nabarmena izan du taldearen soinuan; Jumpin' Jack Flash edo I can' t get no (Satisfaction) bezalako kantuak dira horren adibide. Ez zen kantuak sortzeaz arduratzen, halere, baina rol garrantzitsua zuen taldearen barruan. Izan ere, perkusioaz arduratzeaz gain, bestelako lanak ere egin zituen Wattsek taldean. Diseinatzaile grafiko gisa hainbat diskoren azalak eta bira askoren eszenatokiak diseinatu baitzituen. Eta Keith Richardsen eta Mick Jaggerren arteko etengabeko haserrealdietan bitartekari izaten zen. Hain zuzen, behin baino gehiagotan esan izan zen Watsek taldea utziko zuela, baina zurrumurruak baino ez ziren izan. Eta ez da gutxi; izan ere, Richardsek behin baino gehiagotan azpimarratu zuenez, «Charlie Watts gabe, The Rolling Stones ez zen existituko».