Cicatriz taldeak 90eko hamarkadan kaleratu zituen hiru diskoak CD formatuan berrargitaratu ditu Oihuka diskoetxeak: 4 años, 2 meses y 1 día (1991), Colgado por ti (1992) eta zuzenean grabatutako En Directo (1994). Hiru diskoak taldeak berak urte haietan sortutako Zika Records zigiluak kaleratu zituen, baina deskatalogatuak zeuden aspaldi.
Cicatrizen musikak 80ko hamarkadaren erdialdean egin zuen eztanda, RRVaren garai arrakastatsuenean. Kortatu, Jotakie eta Kontuz-Hi! taldeekin partekatu zuen aurreneko lana, 1985ean —aurretik Cicatriz en la Matriz izenpean maketa zuen grabatua—, eta 1986an kaleratuko zuen bere diskorik ezagunena: Inadaptados. Orain dela hilabete batzuk binilo formatuan berrargitaratu zuen diskoa Oihukak berak.
Bigarren lan luzea (4 años, 2 meses y 1 un día) iristeko, baina, bost urte igaro ziren. Taldean aldaketak izan ziren —Goar Iñurrieta gitarrista sartu zen Jose Arteaga Pepin-en ordez 1987an—, eta Natxo Etxebarrieta abeslariak hiru hilabete igaro zituen espetxean, Herbehereetatik bueltan atxilotua izan ondoren. Halaber, 1988ko udan moto istripua izan zuen Etxebarrietak, eta horrek arazo fisikoak ekarriko zizkion hortik aurrera.1991n disko berria grabatu zuten Londresen eta istripuaren ondorioz jasotako kalte-ordainaren diruarekin Zika diskoetxea sortu zuten taldeko kideek.
Hurrengo urtean kaleratu zuen taldeak estudioko azkeneko diskoa, Colgado por ti. Hasiera batean Etxebarrietak ez zuen diskoan parte hartu behar eta gainerako taldekideek grabatu zuten diskoa, ahotsik gabe. Azkenean, baina, Cicatrizen abeslariak kantatzea erabaki zuen.
Diskoa argitaratu ondoren, taldekideetako batzuek utzi egin zuten, eta, 1994. urtean, Cicatrizen segitzen zutenek kontzertua eskaini zuten Lakuntzan (Nafarroa). Emanaldi hartan grabatu zen gero En directo diskoan jasoko zuten kontzertua. Ordurako Natxo Etxebarrieta zenjatorrizko taldetik gelditzen zen kide bakarra.
Pedro Landetxe Cicatrizeko bateria jotzaileak Anticuerpos taldea sortu zuen Mamen (Vulpes) eta Pedro Fernandezekin (Rock DAM) eta haiekin disko bat kaleratu zuen, hura ere Zika diskoetxeak kaleratuko zuena. Hori ere berrargitaratu egin du orain Oihuka diskoetxeak.
Cicatrizen 90eko hamarkadako diskoak berrargitaratu dituzte
Zika Records zigiluaren lanak deskatalogatuak zeuden, eta orain Oihuka diskoetxeak berreskuratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu