Hollywoodeko izar batek zabaldu zuen atzo Veneziako Mostra. Txalo artean hartu zuten George Clooney Lido antzokian, eta ohi duen ikusmina piztu zuen. The Ides of March zuzendari gisa egin duen laugarren filma aurkeztu du aktoreak Urrezko Lehoia lortzeko lehiaketara, AEBetako hauteskunde kanpaina baten alde ezkutua erakusten duen lana. Politika du oinarri, baina politikarekin baino gehiago etikarekin edo etikarik ezarekin zerikusia duela defendatu zuen Clooneyk, pelikula erakutsi ondoren eginiko agerraldian. «Ez dut uste film politikoa denik, Wall Streeten edo beste edozein lekutan kokatu ahalko litzateke. Moraltasun kontu bat planteatzen du», haren hitzetan.
Filmeko aktore taldeak lagunduta agertu zen hedabideen aurrera. Philip Seymour Hoffman, Paul Giamatti, Marisa Tomei eta Evan Rachel Wood alboan zituela mintzatu zen —Ryan Gosling protagonista baino ez zen falta—, eta guztiak sobera ezagunak izanagatik ere, laguntzaile rola baino ez zuten jokatu. Bere lana saltzeko bere burua eta ironia nahikoa dituela erakutsi zuen berriro. «Neure burua zuzentzea maite dut, eta esatea, 'ondo hartua George'», adierazi zuen, broma artean. Zer esatekorik duten pertsonaiak gogoko dituela azaltzeko ere ez zuen irribarrea galdu. «Urteak eman ditut Las Vegasen Danny Oceanena egiten, jokoan eta ongi pasatzen, eta orain ikasi egin dut».
Mike Morris gobernadorearen rola jokatzen du Clooneyk filmean, moral anbibalentea duen pertsonaia. Haren prentsa laguntzaile Stephen Myers (Gosling) sexu eta botere joko arriskutsu batean nahastuko da, erretorika politikoaren atzean dagoen errealitateari begirada kritiko bat eskainiz. Myersen nagusiaren rola Philip Seymour Hoffmanek jokatzen du; haren arerioarena, Paul Giamattik; eta sekretu arriskutsu bat gordetzen duen bekadunarena, Evan Rachel Woodek.
Politikan interesa duela aitortu zuen Clooneyk, baina ez politikaren munduan sartzekoa. Haren ustez, «politika erakargarria da, jende asko dagoelako diru eta botere askorekin etengabe baliatzen duena». Baina, aktorearen hitzetan, «orain Etxe Zurian tipo on eta buruargi bat dago, eta ia ezinezkoa zaio gobernatzea. Nik lan on bat dut, nork nahiko luke harena?». Eta gaineratu zuen berak ez lukeela nahi egunero milaka herritarren bizitzan eragina duten erabakiak hartzen ibili, eta filmak egitea gogoko duela. Baina politika jarraitzen du, eta egungo egoera ez du atsegin, bere filmean adina zinismo ikusten baitu. Ez du etsitzen, ordea. «Hau aldi baterako da; konponduko dugu, baikor naiz. Orain ez dago idealismorik, baina espero dut hori laster aldatuko dela». Lana 2007an filmatzekotan egon zen, baina Barak Obamak irabazi zituen bozak. «Mundu osoa hain zegoen pozik eta filma hain da zinikoa, ez zela unea». Orain bai, momentu egokia dela uste du, eta erantzunak baino gehiago galderak proposatzen dizkio ikusleari. «Uste dut eztabaidak eragitea ona dela, baina ez beti erantzunak eskaintzea». Prentsak nahiko ongi hartu zuen filma.
Gaur, berriz, Roman Polanskiren Carnage iritsiko da Mostrara. Aktore ezagunak ageri dira haren lanean; tartean, Jodie Foster, Kate Winslet eta Cristoph Waltz. Justiziarekin dituen auziak medio, Polanski ez da Venezian izango. Bai, ordea, beste izar bat: Madonna pop abeslaria. Lehiaz kanpo, W.E. zuzendu duen bigarren pelikula aurkeztuko du artistak.
Clooney: «Ez da film politiko bat; auzi moral bat planteatzen du»
Aktoreak zuzendutako 'The Ides of March' lanak ireki du Veneziako Mostra, AEBetako bozen lehian girotutako filma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu