Literatura

Colin Barrett, Irlanda mailatua

Irlandako hiri eta nekazari inguruetako langileen disekzio garaikideak eskaintzen dituzte Colin Barretten kontakizunek, errealismo zikinez lokaztuta eta idazkera poetiko batez zorroztuta. 2022ko 'Homesickness' ipuin sorta du lanik berriena.

Colin Barrett idazle kanadar-irlandarra. ROLEX ANOUSH ABRAR
Colin Barrett idazle kanadar-irlandarra. BERRIA
2024ko martxoaren 17a
05:10
Entzun

«Ez duzu nire herria ezagutzen, baina ziur ezaguna egingo zaizula. Errepide nazionalean kokatutako biribilgunea, bere industrialdea, bost aretoko Cineplex-a, hiri eremuko milia koadroan sartutako puben mendea. Atlantikoa hurbil dago; kostaldeko maxilar korapilatsua, kaioz betetako bere muino eta guzti, gertu dago. Udako arratsaldeetan, simaurrez lurrindutako parrokia belardietan, Zen behiek burua altxatzen dute, eta V8 motorrak orroka ikusten dituzte, zeinak, balak balira bezala, auzo bideak gurutzatzen dituzten. Gaztea naiz, eta hemen gazteok ez gara ugari, baina bidezkoa da esatea gu garela saltsaren jabeak».

Horrela abiatzen da Colin Barrett (1982) idazle kanadar-irlandarrak 2013an argitaratutako Glanbeigh ipuin liburu laudatua; izan ere, Guardian First Book Award eta Frank O’Connor International Short Story Award sariak jaso zituen ipuin sortak, besteak beste. Liburua zabaltzen duen kontakizuneko protagonista gazte hanpurutsuek nola, idazleak ere ausart eta goiztiar jokatu zuen, 31 urte baino ez baitzituen liburua plazaratu zuenean. 2022an, halaber, zortzi ipuin plazaratu ditu, Homesickness izenburupean (Herrimina).

Biak ala biak Irlandako hiri eta nezakari inguruen disekzio garaikideak dira, errealismo zikinez lokaztuak. Txatarrez, itxaropen faltaz, galeraz eta krudeltasunez josiak, Irlandako gotikoa besarkatzen duten istorioak kontatzeko, Donald Ray Pollock, Harry Crews eta Frank Bill estatubatuarren erara. Barretten idazketa, baina, labana poetikoa ere izan daiteke, bere estilo zorrotz eta zehatzaren bidez basatzan edertasuna aurkitzeko gaitasuna erakusten baitu. Zehaztun hori nabarmen ageri da Barretten istorioak zeharkatzen dituzten pertsonaietan, haien bizitzak zanga kirastuak izan arren amultsutasun izpiak islatzen baitituzte, lausoak izanagatik ere. Argitasun hori azaltzeko, idazleak pertsonaion bizitzen momentu edo zati zehatzak harrapatzen ditu, eta zabaldu egiten ditu, margolan animatuak balira bezala.

Esparru klaustrofobikoetatik edo genero laburraren mugetatik harago bidaiatzen dute Barretten kontakizunek. Kritikak sekulako loreak opatu dizkio: «Baliteke Barrett literatura irlandarrari gertatu zaion gauzarik onena izatea Sally Rooneyz geroztik»

Barretten jarduteko abiapuntua eta langaia, hain justu, irudiak dira. «Dena da irudietan lan egitea. Irudiak datozkit. Ez dakit ezer haiei buruz. Baina haietaz fidatzen naiz, eta jarraitu egiten dut». Ogibidea ereduak sortzearekin ere lotzen du Barrettek, idazle baten ahalmena edo dena delakoa patroi bat iradokitzean oinarrituko balitz bezala, zeinaren hutsuneak irakurleak bete beharko lituzkeen. «Liburu bat idazten duzu, eta, ene Jainkoa, jendeak espero du jakitea zertaz ari zaren. Dena jakingo bazenu bezala begiratzen dizute. Eta kontuaren erdia da idaztea idazteari uzteko modu bat dela; bere horretan helburu oso bat lortzeko idazten duzu, zure partetik gehiago idatzi beharrik izan ez dadin».

Laburbilduz, irudiekin istorioa eraikitzen ahalegintzen da Barrett, baina baita irakurlearentzat espazio bat edo ugari zedarritzen ere. Hala, irakurleak aktibo jokatzeko aukera du gune horietan, narrazioak ez baitira zeharo osatzen edo ixten, denboran gehiago hedatzen diren kontakizunak balira bezala, eremuz kanpo garatzen eta gertatzen direnak. «Espazio hauek hutsuneak dirudite batzuetan».

Horrela, esparru klaustrofobikoetatik edo genero laburraren mugetatik harago bidaiatzen dute kontakizunek, eta bidaia horiek irakurleak irudikatzen eta amaitzen ditu, idazleak esandakoa baino asko gehiago iradokitzeko abilezia erakusten baitu, hitz gutxi baina zehatzen bidez. Horregatik guztiagatik, kritikak sekulako loreak opatu dizkio Barretti: «Baliteke Barrett literatura irlandarrari gertatu zaion gauzarik onena izatea Sally Rooneyz geroztik».

Herrixka komunak

Glanbeigh izeneko fikziozko hirian gertatzen diren zazpi kontakizun biltzen ditu Barretten liburu homonimoak —dena dela, Mayo konderriko edozein herrixka izan zitekeen—. Herriko kalezulo eta aparkalekuetatik alderrai ari diren pertsonaien ohiturak eta gatazkak jasotzen dira kontaketetan: ama nerabeak, alargun hordituak, unaduratik ihesi ari diren gazteak, mafiosoak, drogazaleak, dealer-ak, diskoteketako makarroiak… Oro har, langileak, eta, horrekin batera, errua, biolentzia, zauriak, leialtasuna eta ternezia, ilargiaren argiak argiztatutako parkingetan samurtasuna eta edertasuna aurkitzerik balego. Horiek horrela, hiriaren potreta itzaltsu, zakar, etsigarri, zapaltzailea eta, tarteka, absurdoa egiten du Barrettek: «Inon ezekoa, itxaropenik gabeko lekua».

Zazpi kontakizunetatik bosgarrena nabarmentzen da, Calm With Horses (Lasai zaldi artean), kasik 90 orrialdetan nobela trazak erakusten baititu; areago, eleberri labur baten itxura sendoa dauka, eta hiri txikietan lagunen eta hurbileko familiaren artean sortzen diren leialtasun motak jorratzen ditu, batez ere senitartea klan bat denean. Hala, fideltasun hori morrontza bihurtzerakoan pizten den indarkeriaren inguruan ardazten da testua: Arm gazteak 24 urte ditu, eta fundamentu gutxiko gaizkilea da, erdipurdikoa. Dympa herriko gameluaren esanetara dago, eta hark agintzen dituen zigorrak egikaritzen ditu. Gizatxar ahobero bat ez ezik, bere seme autistaren amarengandik banandutako txorigaldua ere bada. Ondorioz, noraezean eta aztoratuta dabil delinkuentea. Barrettek hoztasunez eskaneatzen du pertsonaia, eta, lantzean behin, zidor katramilatu horretatik ateratzen lagun liezaioketen heldulekuak jartzen dizkio eskura.

Hiri inguruak

2022an kaleratutako Homesickness antzeko eremuan mugitzen den arren, Barrettek periferian kokatu ditu kontakizunak, hiritik hogei bat kilometrora, porlanak eta altzairuak satsarekin bat egiten duten bidegurutze herdoilduan. Barretten hitzetara ekarrita, «insentsibilitatearen lautada zabal eta mugagabean». Hala, zortzi istorioetatik sei Kanadan idatzi izanagatik ere, gehienak Irlandan gertatzen dira; hain zuzen ere, idazlea jaio zen Mayo konderrian.

Glanbleigh herria leporaino betetzen duten galtzailez josia dago Herrimina; tartean, droneak gidatzen dituzten eta eskopeta aldean daramaten baserritarrak; idazle izan nahi duen baina aita alkoholikoaren harlauzak bizkarra kraskatzen dion gizajoa edo futbolari karrera ezerezean gelditu zaion kirolari gaztea, zeina herrira bueltatu den aitak zuzentzen duen auto kontzesionarioan lan egiteko. Eta alproja horiek guztiek irlandarren ohiko kartografian egiten dute topo, batez ere pub-etan, non Guinness garagardoa ezinbesteko olioa den organismoa egoki koipeztatzeko. Halere, ospitaleak eta hiletak ere maiz agertzen dira mapa literario horretan.

Antzekotasunak gorabehera, bigarren lan hau lehenengoari gailentzen zaio, batez ere elkarrizketek haizatzen duten mailagatik, non, beste behin ere, gehiago adierazten duten esaten ez dutenaren bidez, agerian azaltzen dutenaren bitartez baino:

«—Gauza bat esan nahi dizut —hasperen egin zuen Murtek.

—Esan.

—Deprimituta egotea amets batean egotea bezala da; izan ere, zure inguruko guztiak ere deprimituta dauden susmoa duzu, baina haiek ez dute horren berri. Edo, okerrago, zure alderdiak direla susmatzen duzu, adierazpenak.

—Ez dizut ulertzen —onartu zuen Eileenek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.