blood orange
'Essex Honey'
Diskoetxea: RCA.
Hainbat lekutan irakurri dut Blood Orangeren lan hau aurtengo disko onenen zerrendetako gailurrean kokatuko dela. Egiari zor, musikari britainiarra izenez baino ez nuen ezagutzen; beraz, pasa den aste osoa eman dut lan hau entzuten eta haren inguruko kontuetan muturra sartzen.
Bada, Laranja Odoltsua izengoitiaren atzean Dev Hynes musikaria ezkutatzen da, zeinak hogei urte baino gehiago daramatzan Londres hiriburuko Domino diskoetxearekin lanean, besteak beste, Test Icicles eta Lightspeed Champion taldeekin egindako ibilbidea tarteko. Fruta azidoaren izendapenarekin grabatutako aurreko lau lanak ere Dominorekin plazaratu ditu; bosgarren hau, baina, RCA konpainia handiarekin plazaratu du —Hynes ekoizle ere aritzen da, Solange eta Kylie Minogue musikariekin jardun da, besteak beste—.
Blood Orange, baina, bere egitasmorik pertsonalena eta berritzaileena da, eta, alde horretatik, bikain islatzen du musikariaren nortasun poliedrikoa. Azken lan hau, hain justu, amaren heriotzaren ondotik abiatu du, eta, haren galerak eragindako nostalgiaren bidetik-edo, bere jaioterria sarri aipatzen duen lana da, hain zuzen, izenburuan jasotzen den Essex konderria.
Muinari dagokionez, britainiarrak collage moduko kantuak sortzen ditu, erreferentzia pertsonalez josiak, genero eta estiloekiko inolako aurreiritzirik agertu barik. Hala, doinuak soinu-collage iradokitzaileak dira, askotarikoak, bai eta polimorfoak ere, kantuen barruan hamaika haustura, ertz, bihurgune eta lautada ageri baitira.
Ez hori bakarrik, Hynes gai da txatal-lan itxurako abestiotan bere erreferentzia musikalak txertatzeko, sample-en beharrik gabe; esaterako, Westerberg kantua, zeinak The Replacements punk-rock taldeko abeslariaren abizena aipatzen duen. Bada, abesti horretan Minneapolis hiriko bandaren Alex Chilton kantuaren leloa entzuten da, Eva Tolkin-en ahotsean. The Field kantuak ere keinu egiten dio Durutti Column taldearen Sing to Me doinuari, gitarraren bitartez. Abestia zoragarria da, musikariak txelo zertzeladak eta drum&bass erritmoak uztartzeko erakusten duen trebezia tarteko; ahotsen lanketa ere aparta da.
Erreferentzia zaparrada nabarmen hori kolaboratzaile zerrendan ere azaltzen da, tartean, Caroline Polachek, Ben Watt (Everything But The Girl) eta Brendan Yates (Turnstile). Yo La Tengo eta Elliot Smith dira diskoan barrena suma daitezkeen beste agerpen batzuk…
Horiek horrela, obraren ezaugarri nagusia eklektizismoa izanagatik ere, grabazioan jasotako pieza guztiak malenkoniazko hari batek lotzen eta batzen ditu, gaurdaino argitaratu duen lan biribilena loratu arte.
Hartara, funk kutsuko baxuak, gitarra akustikoak, perkusio biluziak, landa-grabaketak, jazz pasarteak, haize eta ahotsak, gitarra burrunbatsuak… Osagai guztiak uztartzen ditu modu disruptiboan, baina, era berean, badaki baretsu jokatzen. Areago, lan guztia estalki orekatsu batean biltzen jakin du. Ez da gutxi.
Azkenik, epaia emango dut: bai, ezbairik gabe Essex Honey 2025eko lan onenen artean egongo da, eta, horrela gertatzen ez bada ere, murgil zaitezte disko honetan, ezustez jositako lan apurtzaile bezain eztia baita. Xarmatzailea.