euskara

Coyosen sarrera, zubereraz

Euskaltzain osoak gaur egin du sarrera hitzaldia, Maulen. Euskaldun berria / euskaldun zaharra eta euskalkia / euskara batua dikotomiak aztertu ditu, eta bakoitzak bestearen beharra duela uste du. 

2011ko ekainaren 25a
19:06
Entzun

Gaur egin du Jean Baptiste Coyos Etxebarnek euskaltzain osoak akademiako sarrera hitzaldia Maulen, zinema aretoan. Txomin Peillenek eman dio erantzuna. Frantxua Maitia Euskal Erakunde Publikoko lehendakaria ere mintzatu da.

"Ohar bat hasi baino lehen: nire sarrera hitzaldia zubereraz izanen da", esan du Coyosek bere hitzaldiaren hasieran. "Arrazoia argi-argia da: Euskaltzaindiko barne erregela batek Zuberoako euskaltzain oso bat behar duela erraten baitu. Beraz, Zuberoako euskaltzain berria zubereraz mintza dadila onartuko duzuela uste dut".

Coyosek aitortu du Zuberoari "zor" diola izendapena, eta uste du "Euskaltzaindiak euskalkiak ere begiratzen" dituela.

Hitzaldian bi dikotomia aztertu ditu: euskaldun berria / euskaldun zaharra alde batetik, euskalkia / euskara batua bestetik. "Bakoitza sos baten bi aldeak bezala ikusi behar dtugu. Alde bat bestea gabe deus izatez, batak bestearekin kontzeptu hori bere osotasunean entelegatzen laguntzen gaitu".

Goizeko ekitaldiaren ondoren bazkaltzera joan dira, eta arratsaldean bertako dantzari eta musikariak ibiliko dira karriketan. Arratsean Zuberoako lehen flasmob eginen dute plazan, euskararen alde.

Euskaltzaindiak iazko azaroaren 26an izendatu zuen kargurako, Jean Haritxelhar, Jean Louis Davant, Txomin Peillen eta Andres Urrutia euskaltzainek proposatuta. Jean Louis Davant euskaltzain emeritua izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete du

 

Coyos 1952an sortu zen, Maulen. 1974an lehen mailako irakasle ikasketak egin zituen eta geroztik irakaslea izan zen 2008ra arte. Hizkuntzalaritza Orokorreko doktorea da Rene Descartes Unibertsitatean, Description du parler basque souletin des Arbailles - Étude de l'ergativité izeneko tesiarekin. 1996tik eskola ematen du unibertsitateetan.

1999tik 2003ra hizkuntz politikarako karguduna izan zen Frantziako Estatuko Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrean, eta ikerketa karguduna Baionako Iker Zentroan 2004tik 2006ra. Duela lau urte euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da Coyos.

Besteren artean, Politique linguistique Langue basque et langue occitane du Béarn et de Gascogne eta Xiberotarra zuberera, le dialecte basque souletin liburuak idatzi ditu. Gainera, hizkuntzalaritza eta soziolinguistikako alorretako artikulu askoren egilea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.