Crim: katalan urratuz kantatutako punk-rocka

Laugarren diskoa kaleratu dute Crim katalanek, 'Cançons de mort', eta maiatzaren 31n Altsasun izango dira, Elkar Mugi jaialdian.

Crim taldeko kideak. BERRIA
Crim taldeko kideak. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 19a
05:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Tarragonakoak dira, katalanez aritzen dira, ahots apurtuz kantatzen dute, heavy tanta batzuk daramatzan punk-rock sendo eta melodikoa da haiena, eta zabalduz doaz haien kantak. Adri Bertran kantari eta gitarra jotzaileak, Quim Mas gitarra jotzaileak, Marc Anguela bateria jotzaileak eta Javier Dorado baxu jotzaileak osatzen dute Crim, eta 2011z geroztik, handituz doa haien eragin esparrua. Iaz eman zuten argitara estudioko laugarren lana, Cançons de mort, eta Europan bira ematen dabiltza hura aurkezteko. Altsasun (Nafarroa) ere izango dira tartean, maiatzaren 31n, Elkar Mugi jaialdian. Esklerosi anizkoitza dutenen Nafarroako elkarteak antolatzen du festibala, ikerketa bultzatzeko, eta, Crim ez ezik, besteak beste bertan izango dira Talco, Rotten XIII, Brigade Loco, Tropa do Carallo, Kaotiko eta Unidad Alavesa taldeak ere.

10 milles per veure una bona merda izan zen haien lehen diskoa, 2011n, eta, 2018an, Sense excuses izeneko diskoarekin biran izan ziren AEBetan eta Europan. The Adicts, Agnostic Front eta The Real Mckenzies taldeekin ibili ziren ordukoan. Baina, taldekideen hitzetan, Blau sang, vermell cel diskoarekin hasi ziren gauzak aldatzen, 2016an. Bcore diskoetxearekin lanean hasi ziren orduan, eta nazioarteko zigilu gehiagorekin egin dute lan ordutik aurrera. Pirates Press Records diskoetxeak zabaldu du haien musika AEBetan, eta Alemanian Cargo Records zigiluak.

Denborarekin esanguratsu bihurtuz joan da haien izena, eta 2021ean kaleratutako 10 anys per veure una bona merda izeneko bilduma da horren froga. Bertan taldearen zazpi kantarik ezagunenen ingelesezko bertsioak bildu zituen Crimek, eta talde esanguratsuen kolaborazioak izan zituzten horretarako. The Toy Dolls, Kvelertak eta The Baboon Show taldeek parte hartu zuten, besteak beste.

Berez, omenaldi bilduma baino lehen kaleratu nahi zuten Cançons de mort diskoa, baina asmoa aldatzera eraman zituen koronabirusak eragindako osasun krisiak. Hura lantzen jarraitzea hautatu, eta, azkenean, lau urte eta erdiz landu ondoren eman zuten argitara, iaz. Punka, hardcorea eta rocka dira oraingoan ere taldearen iparrorratz nagusiak, baina, taldekideek onartzen dutenez, tarteka ikusi egiten zaizkie «tximak» ere. Eta, esaterako, heavy kutsu argikoak dira Tarragonako zentral petrokimikoari eskainitako Patrimoni mundial eta diskoari izena ematen dion kanta ere.

Ez berri, ez berdin

Ia-ia aforismo bat balitz bezala aurkeztu dute taldekideek disko horrekin izan duten erronka. «Sekula ez dugu Crim izateari uzteko bezain berria den zerbait egiten, baina saiatzen gara kanta bera bitan ez egiten».

Musika dute ardatza, eta, Rockzone aldizkariko kazetariari azaldutakoaren arabera, «gorroto» dute autopromozioa. «Ez dugu gustuko arreta eman beharra. (...) Auzo lotsa ematen digu. Ulertzen dut kaka diren zigiluek, kaka den publikoak edo kaka diren sustatzaileek presioa egiten dutela, baina horrela kaka egiten duzu azkenean. Uste dut taldeek ez luketela lehiatu behar garrantzia lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.