Donostia 2016ren gonbidapenari baiezkoa eman, eta hainbat proposamen egingo dizkie herritarrei San Martinek, Karta zuriak proiektuan. Bost obra ekarriko ditu hirira, tartean, egitasmorako propio sortzen dabilen bat.
D2016 eta Karta zuriak. Zerk erakarri zintuen parte hartzera?
Hemen zerbait egiteko aukerak. Niretzat ohorea da nigan pentsatu izana. Lehenik beldurra sentitu nuen, arduragatik, baina gero... beti gabiltza kexaka ezer ez dagoela; orain egin daiteke, orain zer edo zer egin behar da.
Bost obra ekarriko dituzu, horietako bat propio sortua, eta antza, dantza eta bertsolaritza uztartuko dituena. Zergatik?
Hain zuzen, bertsolariek inprobisatu egiten dutelako. Aurrez buruan nuen ideia zen, ikusteko zer gertatzen den inprobisazio egoera partekatzean. Hau da, nola prestatzen zarete hitzarekin inprobisazio horretarako? Eta nola prestatzen naiz ni dantzarekin? Ez zait interesatzen bertsolari bat kantuan aritzea eta nik bertso horiek dantzatzea, ez. Inprobisazioaren egoera partekatzea interesatzen zait; ea gai ote garen egoera bat sortu eta ezerezetik elikatzeko. Zuk ez dakizu zer kantatuko duzun, nik ez dakit zer dantzatuko dudan; partekatuko dugu egoera hori, ea zer gertatzen den? Ea zuk esaten duzunak mugitzen nauen, eta nire mugimenduarekin zure hitza agertzen den? Hori da ideia.
Zer deritzozu D2016 egitasmoari? Zer uste duzu utziko duela?
Uste dut erantzukizun handia dela, batez ere herritarrentzat.
Zergatik?
Non kokatzen gara kulturarekiko? Zein neurritan nahi dugu kultura gure egunerokoaren parte izatea? Niretzat hori da D2016k eztabaidagai jartzen duena. Ez D2016k [eskuekin gora seinalatuz], baizik D2016k [lurra seinalatuz]. 2016an non gaude donostiarrok? Nolako hiria nahi dugu? Postaletarako bakarrik? Ze eduki har ditzakeela irudikatzen dugu? Geuk egin behar dugu gogoeta.
«D2016 erantzukizun handia da, batez ere herritarrentzat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu