Lehenik eta behin aitortu beharra daukat ezinezkoa dela Zabaltegiko film guztiak ikustea, pertsonak lo ere egin behar baitu; beraz, barkamena eskatu nahi dut aldez aurretik. Zuzendari berrien atalari dagokionez, Zentroparen Nothing's All Bad (Mikkel Munch-Fals) film krudel, makur eta ikaragarria azpimarratuko nuke zalantzarik gabe. Epaimahaiak ere hala baloratu du, eta aipamen berezia eman dio. Egunerokotasunak ezkutatzen duen unibertso iluna maisutasun handiz agerian uzten du egileak, eta pertsonaiak txotxongiloak balira bezala erabiltzen ditu desiraren urakanak bidean uzten duen hondamendia erakusteko, Benjaminen historiaren aingeruarekin gertatzen zen moduan, hain zuzen. Inkontzienteak gordetzen duena menderaezina eta ulertezina izan daiteke, baina argi dago norbanakoaren jokaera guztiz baldintzatzen duela. Bestalde, desirari jaramonik ez egitea are arriskutsuagoa izan daiteke, hortaz, ez dago irtenbiderik. Zentropak lan ausart eta ezohikoak ekoizteaz gain, pelikula pornografikoak ere produzitzen ditu, eta kasu honetan biak primeran uztartzea lortu du daniarrak. Von Trierrek Idioterne (1998) probokatzailean orgiak grabatu zituen, baina Munch-Falsek dena erakutsi beharrean nahiago du imajinazioari hegan egiten utzi.
Mikel Ruedaren Izarren argia opera prima-k ez du ikus-entzulea guztiz kateatzea lortzen, baina emaitza duina lortu duela esan beharra dago. Aktoreen lana zoragarria da. Iraganaren berrinterpretazioa belaunaldi berrien esku aurkitzen da, eta emakumeei zor zaien errespetua erakustea beharrezkoa da. Gainera, historia berridazteko unean zinemak duen garrantzia sekulakoa da egun; Marc Ferroren ustez, ekintza historiko ugari zinemari esker ezagutzen ditu jendeak, beraz, fikzioaren boterea ez da gutxietsi behar. Goi eta behe kultura etengabe nahasten diren honetan, Hobsbawmen ikuspuntuak ez du Hollywoodekoak baino gehiago balio. Hollywoodek historiaren alorrean egiten dituen ekarpenak kontuan hartzekoak dira, imaginario kolektiboaren parte bilakatzen baitira berehala.
Aurtengo Zinemaldian produkzio kataluniar ugari estreinatu dira, tartean Elena Traperen Blog. Kasu honetan ere neskak dira protagonista, eta mutilek bestea-ren tokia betetzen dute. Messenger, chat eta webcam-aren gisako teknologiak baliatu ditu nerabe horien interes eta beldurren inguruan hausnartzeko. Bestela unibertsitate eta institutuetan Robocop-en beharra edukiko dute aurrerantzean. Beautiful Boy-n beranduegi konturatzen dira semea galduta eta bakarrik sentitzen zela, eta sarraskia saihestezina da, horrenbestez.
Bitxiei dagokienez, aurten ez dugu Tarantino, Haneke, Jarmusch eta Ang Leeren lan berririk ikusterik izan, baina hainbat film eder eman dira. Poetry-k bizitzaren eta heriotzaren inguruko metafora bat eskaintzen du poesia ardatz hartuta, eta Rodrigo Cortesen Buriedthriller itogarriak ezustekoa ematea lortu du. Cirkus Columbia komedia, Exit Through the Gift Shop dokumentala eta Tuan yuan/Apart Together drama hunkigarria ere ezin ditut aipatu gabe utzi.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Fantasien gatibu
Daniarraren ukabilkada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu