Donostiako 73. Zinemaldia

Daniel Hendlerren ‘27 noches’ filmak eman dio hasiera Sail Ofizialeko lehiari

Dementzia duelakoan alabek psikiatriko batean sartu nahi duten emakume aberats bat eta haren egoera aztertu behar duen peritua ditu protagonista filmak. Gai mamitsuak dramarik gabe landu ditu zuzendariak, are umorez, eta aktore lanetan ere aritu da.

Carla Peterson aktorea eta Daniel Hendler zuzendari eta antzezlea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Carla Peterson aktorea eta Daniel Hendler zuzendari eta antzezlea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko irailaren 19a
15:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artearen munduari estu lotuta igaro du bizitza Martha Hoffmanek (Marilu Marini). 83 urte ditu, urteetan bilduz joan den artelanez betea du etxea, eta proiektu alternatibo batean dabiltzan artista gazteagoak ditu lagun minenak. Festaz festa igarotzen ditu egunak, eta mezenas eskuzabala da. Hori dela eta, bere dirutza xahutzen ari dela eta ingurukoek erabili egiten dutela uste dute haren bi alabek, eta psikiatriko batean sartzea erabakiko dute, andrearen borondatearen kontra. Casares perituari egokituko zaio emakumearen osasun mentala ebaluatzea eta erabaki bat hartzea.

Zahartzaroa, zaintza, kontrola, adinkeria, familia harremanak eta beste hainbat gai landu ditu Daniel Hendler zinemagile uruguaitarrak 27 noches filmean; dramarik gabe, eta komedia ukitu handiekin landu ere. Eta, zuzendu ez ezik, rol protagonistetako bat ere antzeztu du, perituaren larruan sartuta. Film hori proiektatuta abiatu da Urrezko Maskorrerako lehia Donostiako 27. Zinemaldian, eta lanak ikusleen barreak eta txaloak bildu ditu Kursaaleko emanaldian.

Pelikulak Natalia Zitoren izen bereko nobela du oinarri, eta liburuak, aldi berean, benetako gertakari bat. Halako kasuen ondorioz Argentinan legea aldatu zutela azaldu dute filmaren ekoizleek —Argentinako ekoizpen bat da—. Zuzendariaren esanetan, «rockzale bat da» emakumezko protagonista, «lagunekin eta bere benetako familiarekin azken arnasa eman arte dantzan jarraitu nahi duena». Familia gatazka baten testuinguruan, zaintza, osasun mentala eta bere ertzak dira filmaren ardatzean dauden gaiak, eta horiez gogoeta eginaraztea izan du helburu Hendlerrek: «Osasunaren eta osasunik ezaren arteko mugaz hitz egitea izan da gure erronka, pertsona batzuk gizartetik eta gizarte arauetatik kanpo uzten dituen muga horretaz. Beste muga batzuk posible direla erakusten digu Marthak; ez da espero den bezala bizi, eta bere jarrerarekin gogoeta eginarazten digu osasun mentalari lotuta ezartzen diren arauen inguruan».

«Osasunaren eta osasunik ezaren arteko mugaz hitz egitea izan da gure erronka, pertsona batzuk gizartetik kanpo uzten dituen muga horretaz»

DANIEL HENDLER Zuzendaria eta aktorea

Carla Peterson aktoreak alaba zaharraren rola antzeztu du filmean, eta azaldu du berarentzat funtsezkoa izan zela ama-alaben arteko harremana eta haien iragana ulertzea bere pertsonaia gorpuzteko. «Horiek elkarrekin irudikatzen eta asmatzen joan ginen, eta lehen planoan jarri genuen maitasunik eza zela nagusi haien artean». Hori dela eta, ez dutela elkar ezagutzen eta gaizki-ulertuak kateatuz doazela iritzi dio antzezleak. Eta bera bere pertsonaia ez epaitzen saiatu dela gaineratu du.

Zuzendariaren iritziz, Petersonen «talentuari eta eremu anbiguoetan mugitzeko duen gaitasunari esker», onak-gaiztoak dikotomia bazter uzten du kontakizunak, eta ur sakonagoetan egiten du aurrera. Martharen rola antzeztu duen Marilu Mariniren lana ere goraipatu du. «Aktore eta pertsona aparta da, eta ohore hutsa izan da harekin lan egitea, asko miresten dudan aktore bat baita; beti dago geruza bat gehiago bilatzeko prest, bere buruari galdera bat gehiago egiteko prest». Halaber, zuzendari eta aktore lanetan aldi berean aritzea berarentzat «zerbait berria» izan dela azaldu du Hendlerrek, eta hasieran ez zitzaiola erraza egin, baina «lantalde bikainari esker, dena errazagoa» izan zela.

Argentinako zinemaren egoeraz

Handlerrekin eta Petersonekin batera, Santiago Mitre eta Agustina Llambi ekoizleak ere izan dira filma aurkezteko agerraldian. Javier Milei Argentinako presidentea agintera heldu zenetik zinemak egoera larria bizi duela salatu dute biek ala biek, sektoreari ezarritako diru murrizketen ondorioz. Horregatik, Zinemaldiari esker ona agertu diote jaialdia inauguratzeko Argentinako film bat hautatu izanagatik. Mitre: «Argentinako film batek festibal hau irekitzea guztiz pozten gaituen keinu bat da, eta zinema argentinarra munduarentzat zein garrantzitsua den erakusten du».

Filmean parte hartu duen lantaldeak aspalditik ezagutzen duela elkar gaineratu du Llambik, eta garrantzia eman dio horri. «Halako garai zailetan, errazagoa da zinema lagun artean egitea». Egoera larria dela iritzi dio halere; esan duenez, aurten jaialdian dauden Argentinako filmen %90 murrizketak gauzatu aurretik edo plataformen babesari esker egin ziren, eta aurten ez da diru publikoz lagundutako film bakar bat ere ekoiztu herrialdean. Horren ondorioak heldu den urteko jaialdian nabariak izango direla aurreikusi du. «Argentinako zinemak beti egin du aurrera halere, baina egoera dramatikoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.